Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

«404: sistemaren errorea»

Internet erabiltzaileek hain ondo ezagutzen duten “404: sistemaren errorea” mezuarekin, izurrite honetan gure “sistema” etengabe egiten ari den akatsak nolabait irudikatu nahiko nituzke. Arazoak ematen hasia den ordenagailuak bezala, testu adabaki inkonexoak ematen dizkigunean. Gaurkoan hiru txaplata ezarri nahiko nizkioke gainbeheran ari zaigun ehun sozial honi.

Gazteak berriro ahaztu ditugu. 2020ko udaberrian, konfinamendu gogorra ezarri zenean, haurrekin egin bezala (etxean atxilo egotera kondenatuz, justifikazio medikorik gabe), orain nerabe-gazteekin gauza bera egiten ari gara. Izan ere, arazoa agertu denean (festa klandestinoen ugaltzea, babes neurririk gabe), Administrazioaren aldetik emandako erantzun bakarra debekuak izan dira. Inolako alternatibarik ez, kutsadura foku nagusia izaten ari den gizartearen sektoreari kasu pixka bat egiteko: non daude haien kontzientziazioa, ardura, inplikazioa lantzeko ekimenak? Egin al da inolako ahaleginik gazteek berezko duten ondo pasatzeko grinari aterabidea emateko? Ez diot kanpalekuak eta aisialdi ekintzak antolatzea, gazteek ez baitute maite gidatuak izatea; baina gazteok (gizakiek) beharrezko duten autonomia eta askatasuna modu seguruan eta arduratsuan lor daiteke. Miresten dituzten kantariak edo sare sozialetan jarraitzen dituzten influencer-ak kontratatuz, haiengan txertatuko diren mezuak zabal ditzaten... nik al dakit! Zaila dela? Duda barik. Baina akatsak eginez ikasten da, eta zailagoa da ezer lortzea ahalegin txikirik egiten ez denean. Gizarte bezala, burua pixka bat nekatu beharko genuke, nerabeek eta gazteek osatzen duten bigarren olatu honen epizentroan debekuez harantzagoko neurriekin eragiteko.

Bigarren txaplata etxean ezarri beharra dago: lehen ere, Administrazioak arlo pribatuan aritzen garen EAEko fisioterapeutok KO utzi gintuen multzo-errore baten ondorioz (babes pertsonaleko ekipo barik ezin lanik egin, baina ezin laguntzarik jaso, teknikoki ixtera derrigortuak ez egotean). Oraingoan, beste konparaziozko bidegabekeria bat detektatu dugu: prebentzio neurriak diziplina zorrotzez aplikatzen ari garen arren, bigarren olatu honetan egiten ari den positiboen kontaktuen arakatzean, ez da hori kontuan hartu. Pertsona batek PCR testean positibo ematen duenean, protokoloak azken egunetan izan dituen “kontaktu estuak” arakatzea agintzen du, haiei ere PCR jarraipen bat eginez, eta emaitza negatiboekin ere berrogeialdia egiteko aginduz (balizko fase asintomatikoa edo pauzisintomatikoa igaro arte). Pertsona hori fisioterapia kontsulta batean egon bada, fisioterapeutari etxean konfinatzeko agindua ematen zaiola ikusten ari gara, pazientearekin “kontaktu estuan” egon delakoan. Baina hori ez da horrela: gure kontsultetan kutsadura ekiditeko neurri zorrotzak hartzen ari bagara, ez litzaiguke aplikatu behar arrisku handiagoko beste kolektiboekin erabiltzen ari den irizpide bera. Eta isolamendu prebentiboa ontzat emanik ere, ez dago zertan fisioterapeutei errejimen zorrotzagoa ezarri, pazienteekin kontaktuan dauden beste osasun profesionalei baino (medikuak, erizainak, laguntzaileak, zeladoreak...).

Azkenik, izurrite honen arazoa (eta etorriko direnena) testuinguruan jartzea komeni da: gainbehera datorren eredu ekonomiko batena (erregai fosiletan oinarritutakoa). Amets polita izan da, non belaunaldi batzuetan zehar, oinordekoak gurasoak edo aitona-amonak baino hobeto bizitzera ohitu garen. Baina gorakada hori amaitu da. Ruyman Rodriguez pentsalariaren arabera (“Ekintza zuzena” aldizkariaren 46. zenbakia, 2020) etorkizunari zientzia-fikziozko distopien itxura handia antzeman dakioke: diktadurak, denak denen kontrako gerrak, jauntxoen gorakada... Agertoki horretan bizirauteko, krisi garai honetan hasita gizarte-sare sendoak sortu behar dira; hondoratzen garenean, elkartasuna eta autogestioa landu dutenek flotatzeko aukera handiagoak izango baitituzte. •

www.abante.eus