Idoia ERASO
Entrevista
Antton Curutcharry
Hizkuntza politikarako presidenteordea Euskal elkargoan

«Nire xedea da euskararen presentzia Ipar Euskal Herrian azkartu eta normalizatzea; egunero, denetan eta beti euskara presente izan dadin, egun ez baita biziki kinka onean»

Euskal Elkargoak heldu den sei urteetan izanen duen osaketa ezagutu berri den honetan, Antton Curutcharryk hizkuntza politika eta kultura ardurak hartu dituela eta, egungo erronkez mintzatu da.

Hitz anitz behar dira Ipar Euskal Herriko hizkuntza politika gidatuko duen Antton Curutcharry definitzeko: «Lehenik baigorriarra, nafarra ere bai, abertzalea ez da dudarik, ofizioz historia eta geografia irakaslea, Baigorriko auzapez ordea, eta, noski, euskaltzalea». Euskal Elkargoaren euskararen eta gaskoiaren hizkuntza politikez eta kulturaz eta Elkargoko ekipamendu kulturalaz arduratuko den presidenteordea da, eta datozen hilabeteetan Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakaritza ere hartu beharko luke, horrela euskararen erabilera eta presentzia garatzeko baliabide eta ikuspegi orokorrak izateko.

Euskal Elkargoan hizkuntza eta kulturaren kudeaketa zure esku gelditu da. Zein ibilbide egin duzu horretara ailegatzeko?

Elkargoaren mekanikaren ondorioa da. Hainbat politika publiko badira eramateko, eta erakundearen baitan diren hamar lurraldeetan, bakoitzak behar dizkio proposatu presidenteari, Jean Rene Etchegarayri, izen batzuk lehendakariorde postuak betetzeko. Herri hauteskundeen ondoren, uztailean, lau izen atera ziren nire lurraldean, Baigorri-Garazin, eta horien artean zen nirea. Negoziazio batzuen ondoren, euskaraz eta kulturaz okupatzeko hautatu nau. Ibilbide luze baten ondorioa da.

Beñat Arrabitek hiru urtez Elkargoan eta EEPn egindako lanaren segida hartuko duzu. Zein ezberdintasun aurreikusten duzu bere gidaritzaren eta zurearen artean?

Ezberdintasuna da Beñat Arrabitek dena sortu behar izan zuela. Duela hiru urte, Euskal Elkargoa ez zen existitzen, eta orduan lehen erronka izan da euskara zerbitzua plantan ematea, eta jada bazen Euskararen Erakunde Publikotik desberdintzea. Nork egiten duen zer definitzea.

Ukan duen beste eztabaida handia izan da, nola eman sinesgarritasuna euskarari gure Elkargoan gehienek ez dutelarik euskara mintzo, ezta ulertzen ere. Landua izan da jurista batzuekin, eta deklarazio publiko bat izan da erraten duena euskara badela Euskal Elkargoan frantsesa eta gaskoiarekin batera. Euskarari ofizialtasun zerbait emateko egin da, baitakigu Frantziak ez duela frantsesa besterik onartzen.

Orain bigarren fase batean sartuko gara, beste erronka batzuekin. Orain desafioa da, Euskal Elkargoak dituen ahalekin, euskararen errotzea eta normalizatzea. Baditugu tresnak, Euskal Elkargoa indartsua da, herri guztiekin harremanetan da, eta zerbitzuak jada horretan ari dira. Nire xedea da euskararen presentzia, bibazia eta hiztunak biziki ikusgarri bilakaraztea eguneroko bizian.

Adibidez, Euskal Elkargoa okupatzen da populaziotik hurbil diren gaiez, garraioa, uraren kudeaketa, hondakinak… Eta horietan dena euskaraz idatzia bada, eta zerbitzua ematen duena euskalduna bada, emeki-emeki euskararen presentzia normalizatzen da. Ontsa liteke, era berean, bat-bateko itzulpena egitea bilkura guztietan, baina bada arazo juridiko bat instituzioetan frantsesa ez den hizkuntza bat mintzatzea. Beste erronka bat da atzematea aterabide juridiko eta praktikoa.

Orokorki, euskararen presentzia Ipar Euskal Herrian azkartu eta normalizatzea, egunero, denetan eta beti euskara presente izan dadin. Sei urteren buruan horretara heltzen bagara, ez da gutxi izanen, Ipar Euskal Herrian euskara ez baita biziki kinka onean.

Inkesta soziolinguistikoaren joerak, hala ere, sortzen diren euskaldunak galtzen direnak baino gehiago direla erakusten du.

Hori egia da, lehen aldia da hori ikusten dugula, eta hori nahiz eta positiboa den, ez du kentzen galtzen ditugula euskara mintzatzeko manera euskalduna duten hiztunak. Egia da irakaskuntzak ekartzen dituela hiztun berriak, baina horiek hiri munduan gertatzen dira, giro frantses batean, eta orduan, ez dute euskara menperatzen gure zaharrek bezala.

Ez dut erraten maila apalagoa dela, baina galtzen dugu euskara mintzatzeko manera berezi bat, eta hori biziki zaila izanen da berreskuratzeko. Irakaskuntzari eta eginak diren indar guztiei esker, kurbak gora egiten du, baina horrek ez du erran nahi partida irabazia dela. Bada izugarrizko lana, eta hori dugu kurba hori mantentzea zentzu horretan.

Irakaskuntza aipatzen ari zarela, egoera larria bada momentu honetan, Hiriburun Hezkuntza Nazionalak, lehen aldiz, debekatu duelako murgiltze sistema hezkuntza publikoan. Zer egiteko asmoa daukazu?

Ni ailegatzen naiz afera bete-betean, eta erran nahi du desmartxa batzuk eginak direla dagoeneko, hitzordu batzuk finkatuak dira Ministerioarekin, baina segur dena da hau dela eraso bat, aspaldian ukan ez genuen bezalakoa. Zeren eta, murgiltze sistema zalantzan ematen baldin bada, erran nahi du, gutxi gorabehera, sortuak ziren beste murgiltze sistema guztiak, potentzialki, zalantzan ematen dituztela.

Murgiltzea orain arte, erregimen juridiko berezi batean da, hau da, esperimentazioan, eta esperimentazioa ez da betiko. Urte zenbaitentzat da, ondoren ebaluazio egiten da, eta esperimentazioa edo zabaltzen da Frantzia osoan, edo gelditzen da. Erran nahi du behar dela galdera berri bat egin, eta horrek murgiltze sisteman dauden sistema guztiak segurtasun gabezia juridiko batean uzten ditu. Erran nahi du gaur Hezkuntza Nazionalak Hiriburuko murgiltzea debekatzen badu erranez Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela eta ez duela gehiago onartuko, esperimentazioaren berritzea helduko delarik, ezetza izan daitekeela erantzuna arrazoi berberekin, eta murgiltze sisteman diren eskola guztiak emeki-emeki debekatuak izan daitezkeela. Horrek Seaska ere hunki lezake epe ertain batean. Horregatik ikusten dugu lanjer handi bat, eta hori mandatu hastapeneko erronka handi bat izanen da, bai nire aldetik, baita Euskal Elkargo guztiaren aldetik; hau ez dugu utzi behar pasatzen. Badakit hitzorduak hartuak direla uda hondarrerako, ni ez naiz oraindik EEPko lehendakari arras instalatua, baina badakit Euskal Elkargoko ordezkari batzuk eta parlamentari batzuk joanen direla Parisera gai horretaz mintzatzeko.

Beñat Arrabitek egin zuen bezala, Euskal Elkargoko hizkuntza politika eta EEP gidatuko dituzu, beraz?

EEPko zuzendaritzan bada logika bat, bada Pirinio Atlantikoetako departamendua, Akitania Berria eskualdea eta Euskal Elkargoa, eta Estatua ere bai. Lehen hiru instituzioen artean lehendakaritza txandakatzen da, mandatu batetik bestera. Arrabitek hiru urte egin ditu, eta gure mandatuak sei urtekoak dira, erran nahi du logikoki beste hiru urtez Euskal Elkargoaren esku beharko lukeela izan lehendakaritzak, eta nik hartu beharko nukeela. Baina oraindik bada biltzar nagusi bat eta administrazio kontseilua egiteko, eta hor ikusiko da, baina logikoki, beharko nuke Arrabiten segida hartu horretan ere bai.

Elkarlana bada EEPren, Gasteizko Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren artean. Zein dimentsio ikusten diozu dinamika horri?

Erran gabe doa elkarrekin lan egin beharko dugula, badugu Euskadiren eta Nafarroaren beharra aitzinatzeko euskara sailean, ez da dudarik, eta lan hitzorduak izanen direla ere.

Baina harreman horiek behar dira indartu, zeren eta Nafarroako parte batean eta Euskadin euskara koofiziala da, badu estatus juridiko bat, hemen ez duena, eta horrek ekartzen du anitz. Eta guk bide horretan sartu nahi dugu; badakigu Frantzian hori biziki zaila dela, zeren eta bere “genetika” behar da ukitu horretarako. Hala ere, bide hori hartu behar dugu, nahiz eta bide luzea izan. Haiekin lan egin beharko dugu, Euroeskualdearen baitan ere bai.

Gaskoiaren hizkuntza politika ere zure gain izanen da.

Gaskoia arrunt gutxi mintzatzen da gaur Ipar Euskal Herrian, Ipar Euskal Herriko iparraldean mintzatzen da, Angelutik Bidaxuneraino gutxi gorabehera. Biziki kinka txarrean da, euskara baino txarrago, ez da batere entzuten karriketan. Euskal Elkargoa izan da lehena politika bat eraman duena gaskoiari buruz. Nik dudan ideia da, segitzea egina izan den lana, proposatzea nahi duten herriei laguntza bat gaskoia zabaltzeko beraien instituzioan eta haien seinaletikan… Badugu gaskoi teknikari bat. Hizkuntza politika ezin da egin, edo zaila da egitea, herriek ez badute nahi. Gaskoia aldarrikatzen duten herriekin kontatzen dut, elkarrekin eraman dezagun politika hori.

Gaskoia Ipar Euskal Herriko mugetan mintzatzen da, mugaren beste aldeetan diren Landetako departamenduarekin eta Bearnorekin harremanak badituzu?

Gaskoia okzitanieraren bariante bat da, eta badago Okzitanieraren Erakunde Publikoa, okupatzen dena okzitanieraren zabaltzeaz eta sustatzeaz, eta erran gabe doa erakunde horrekin lan egiten dudala. Okzitaniera, ez bada beranduegi, ez dugu galdu behar. Gure lurraldean mintzatzen zen hizkuntza bat da, eta eleaniztasuna behar da ahal den heinean sustatu. Eginen ditugu zazpi ahalak Landekin, Bearnorekin, baina urrunago joanez ere, Proventzaraino mintzatzen baita okzitanieraz.

Kultura ere zure gain duzu orain. Berritasuna da hori, orain arte banatuak zirelako. Nola ikusten duzu?

Lan handia izanen da. Ez dira elkarrekin kudeatuko, bi politika ezberdin izanen dira, badira zubiak, hor ditugu Euskal Kultur Erakundea edo Euskal Museoa zubi lana egiteko, baina sail berezi bat da kultura, eta nire ardurapean dut, izan euskaraz edo frantsesez. Hor badira egitura ezberdin batzuk, non sartu behar dudan, bada Kontserbatorioa, Euskal Museoa, non aipatzen den ondarea gehiago. Hor bada lan bat eramateko, baliabide guztiak zabaltzeko lurralde osoan, zeren eta zentratuak dira Baionako aldean. Esperimentazio batzuk badira, hori finkatzekoa da, indartzekoa eta zabaltzekoa lurralde guztiari.

Pandemiak kultura eta kulturgileak egoera oso txarrean utzi dituen momentuan hartu duzu ardura.

Biziki hurbiletik ikusi behar dugu kultura saileko aktoreak zertan diren, zeren eta gauza asko gibelatuak edo ezeztatuak izan dira, eta jende anitz prekaritate handian da. Euskal Kultur Erakundeak txosten bat egin du horren aurkezteko eta deskribatzeko, eta, horretatik abiatuz, Euskal Elkargoak eta nik ikusi beharko dugu nola lagundu, bai bizi profesionalean, baita zerbitzu bat abiatzeko ere, zeren programazioak azkarki hunkituak izan dira.

Kultura mailan, arduren banaketa oraindik ez da definitua Euskal Elkargoaren eta horren baitan dauden hamar lurraldeen artean, eta horrek arazoak sortu ditu. Zer egitea aurreikusten duzu?

Kulturaren arazoa da eskumen partekatua dela, udalerriek kultura konpetentzia dute, departamenduak, eskualdeak eta Estatuak ere bai, eta Elkargoak ere bai. Hori izanen da betiko arazoa, esparruen definitzea. Hori biziki zaila izanen da. Elkargoak egin behar duen lan bat da, definitzea nor laguntzen duen, nola, zertan sartzen den, eta zertan den. Ez da gauza erreza izanen, hainbat aktore baitira, eta ikusi behar da besteek zer egiten duten, ea doblezka ari garen… Hori izango da egitekoa parte batez.

Zu barne hartu zaituen Euskal Elkargoaren osaketa berri horretan, emakumeen presentzia eskasa kritikatu da. Zein iritzi duzu horretaz?

Euskal Elkargoan emazteak ez dira aski ordezkatuak, hori begien bistakoa da. Baina udalerrien logika baten ondorioa da, ez dut erraten ona denik, baina horrela da. Elkargoa osatzeko behar da herri bozetatik pasatu, eta herri ttipietan, legeak ez du behartzen emazteekin parekotasuna. Egun Ipar Euskal Herrian badira 115-120 herri ttipi, eta horietan, ez bada emazte bat auzapez, erran nahi du Elkargoaren ateak hesten zaizkiola. Gero badira bide batzuk, auzapezak tokia uzten ahal diola emazte bati, baina normalean auzapezek bietan egon nahi dute. Emazteak politikan gutxi dira gurean, eskerrak badela Parekotasun Legea hirietan, emazteen lekua handitzeko. Gero, bada ere, Ipar Euskal Herriko jendarteak zein jokaera edo ikusmolde duen emazteei buruz. Sentitzen da oraindik emazteentzat zailagoa dela burua hartzea hautetsia izateko, problematika bat bada horretan. Elkargoan landu beharreko alderdi juridikoez gain, gure jendartean ere, geure buruari galdera behar diogu egin: zergatik ez dugu ahalbidetzen gehiago edo zergatik emazteak ez dira gehiago eramaten? Bada gogoeta kolektibo bat eramateko hor.

Abertzaleen presentzia handitu egin da Elkargoaren eraketa berrian. Nola baloratzen duzu hori?

Abertzaleen lekuari begiratuta, ikusten da herriko bozetan hozka handi bat egin dugula gora, eta bereziki Lapurdi hegoaldean: Ziburu, Urruña, Biriatu abertzaleen eskuetara pasatu dira. Itsasu ere, eta hori guretzat marka ona da. Horren bitartez ikusten da, abertzaleen presentzia handiagoa dela Elkargoan, eta, gainera, abertzaleek dauzkagun ardurak potoloagoak dira lehen baino. Hori guretzat zentzu onean doa.

Zein izan da, zure ustez, uztaileko udal hauteskundeetan abertzaleek izandako gorakadaren arrazoia?

Hamarkadetako lan baten ondorioa da. Urruñan eta Ziburun baditugu hautagai eta hautetsi langileak, hamarkadak dira lanean ari direla; batzuk 1980ko hamarkadatik ari dira. Abertzaleek langile fama dute. Nahiz eta gure Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiena ez den abertzalea, ematen dugun hainbat gai sartu dira eztabaida publikoan, eta lortu dugu gure alde ematea iritzi publikoa.

Ez gara aski urrun joaten horrekin, baina 1980an abertzaleei buruz izan zitekeen beldur hori joan da, haien ideiekin segitu baitute 40 urtez, sinesgarritasun hori badute. Konbikzioak badituztela, ideia argiak, eta, horretan, herritarrek deliberatzen dute konfiantza ematea abertzaleei.

Baigorri aldera hartuta, herrian ere ardura politikoa baduzu, bigarren axuanta baitzara. Zeintzuk dira zuen erronkak?

Baigorrin erronka handia da populazioaren atxikitzea. Barnealdeko eta mendialdeko herri bat da, nahiz eta ez garen arras mendian, eta gure populazioa zahartzen da emeki-emeki, eta gure erronka handia da gazteak atxikitzea. Horretarako behar dira bi gauza: egoitza eta lana. Hor dauzkagu bi erronka nagusiak.

Horrekin batera Baigorrik behar du segitu euskaldun izaten, horretan ari gara, baina gibelka ari gara pixka bat, baina behar dugu segitu, eta gazte horiek euskaldunak segi daitezela izaten. Euskalduntasuna, etxebizitza eta lana.

Nafartar gisara definitu duzu zeure burua, eta Baigorrin Nafarroaren Eguna antolatzen duzue urtero. Zertan da Nafarroa Garaiarekin duzuen harremana?

Urratsak egin ditugu, sekula ez aski. Baztandarrekin ez gara aski gurutzatzen, instituzio mailan hasteko, baina bada xedea gure aldetik eta Baztango alkatearen aldetik, baina ororen buru ez dugu aski barneratzen kidetza hori, nahiz eta gure lehen auzoak izan.

Urrats batzuk egin ditugu, eta inplikatu gara instituzionalki POCTEFA planean, Nafarroako beste instituzioekin. Plangintza hori dugu Kintoan barna, abian da Baigorritik eta Iruñeko ateetaraino. Proiektu amankomun bat da, eta bide bat pentsatu dugu historia, euskara, kultura eta baita abeltzaintza eta laborantza ere elkarrekin emanez.

Baigorrin sortzen ari da zentro txiki bat, kontatzen duena Baigorri herriaren kokapena Nafarroan, Nafarroa Beherean. Nafarroako erresuma konkistatu eta gero, independentzia galdu zuela azaltzen da. Erran nahi du, zinez, guk kokatzen dugula gure herria Nafarroako esparru handi horretan.

Ardura handia duzu orain, nola ikusten duzu zeure burua horretan?

Nik entseatuko dut nire lan orduen ttipitzea, zeren eta dena eramatea zaila ikusten dut. Haurrak ttipiak ditut, eta beharko dut ere nire familia kontuan hartu, orduan, nire hautua da nire irakasle laneko orenen ttipitzea, nire ardura berria ongi egin ahal izateko eta aldi berean familiari lekua uzteko, zeren kargu politikoa epe jakin batentzat da, eta bizia ez da kargu politikoa.