Pablo Ruiz de Aretxabaleta
AMETSEN ERDIGUNEAN

Aldaketa garaietan Ameriketara egindako bidaien kronika

Mikel Insaustik Erdialdeko Amerikara eta Hego Amerikara bi garai ezberdinetan egindako bidaien kronika aurkeztu du. 90eko hamarkadaren bukaera eta milurteko honen hasiera aldaketa garaiak izan ziren kasu batzuetan, gerora hautsitako ametsen garaiak, baina, batez ere, egilearen ametsa gauzatu zuten bidaiak izan ziren.

Egunkari honetako orrialdeetan sarri irakurri ditugu hark filmei egindako kritikak. Orain bera da egia bilakatutako amets baten protagonista eta berak idatzi du amets horren gidoia “Ametsen erdigunera bidaia” liburuan.

Hainbat urtez Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan egindako bidaien kronika da liburua. Bertan agertzen dira, besteak beste, gerrillariak, herri indigenetako buruak eta ekintzaile sozialak, bai eta natura ere, Insaustiren bizitzan garrantzi handia izan duen gaia.

Bi bidaia ezberdin kontatzen dira liburuaren orrialdeetan. Alde batetik, Chiapasen, El Salvadorren eta Guatemalan egindako bidaia. 90eko hamarkadaren hasieran hainbat gatazka eta bake prozesu gertatu ziren leku horietan, eta haien lekuko izan zen Mikel Insausti.

Batzuetan, berak egindako kontakizunaren bidez eta, beste batzuetan, leku horietako protagonistek kontatutako istorioen bidez garai historiko eta asalduraz beteriko haiek gogoratu ditu. Kontakizun laburren bitartez mosaiko orokor bat osatu du: sarraskiak, militarrak, gerrillariak, bonbardaketak, komunitate indigenak…

Bigarren zatia, berriz, oso bestelako bidaia da: 2005ean Hego Amerikan egindako zortzi hilabeteko ibilbide baten kronika. Herrialde horietan ere aldaketa garrantzitsuen garaia zen.

Brasilen Luiz Inacio Lula da Silva presidentetzara iristeak itxaropen garaia ireki zuen; Bolivian herri mugimenduek bazetozen aldaketak iragartzen zituzten; Argentina krisialdi larrian murgilduta zegoen eta Txilek ezkutuan zituen oraindik gero eztanda egingo zuten gatazka sozialak.

Bigarren zati horretan, bidaiaren kontakizun kronologikoa egitea aukeratu du Insaustik. Borroka sozialetako ekintzaileak ere agertzen dira, baina protagonismo berezia hartzen du naturak. Patagoniako izotzak, Txileko eta Argentinako milaka urteko basoak, Bolivia eta Brasilgo oihan tropikalak… eta haietan bizi diren gizakiak eta animaliak.

Hego Amerikako «lokatzetara» jaistea izan zen egilearen helburua, txikitatik izan zuen ametsa betetzeko.

Hamalau urte iragan dira Insausti bidaia horretatik Euskal Herrira itzuli zenetik. Orduan idazten hasi bazen ere, prozesua luzatu egin da. «Urte batean aurreratzen nuen dezente, baina gero, ez dakit zenbat urtez, seme-alabak eduki nituenean, aparkatu egin nuen», azaldu du.

Eszedentzia hartuta erabaki zuen «orain edo inoiz ez» eta dagoeneko doan deskarga daiteke bere blogetik (http://viajaconmigo.blogspot.com). Halaber, liburu denda batzuetan ere banatu da.

Baikortasuna

Igarotako denbora horrek aldatu egin du egilea, hitzaurrean aitortzen duen moduan. «Bidaiatik bueltatu nintzenean oso baikor bueltatu nintzen munduarekin. Hego Amerika ere oso momentu positiboan zegoen, ziklo aldaketa bat hasten. Ezkerreko gobernuak Brasilen, Bolivian handik urte batzuetara Evo Morales aukeratu zuten». Gaur egun ez da hain baikorra. «Gero etorri dira jada guztiok ezagutzen ditugun aldaketak eta krisiak, politikoak, ekonomikoak, sozialak...».

Adinak ere erakutsi dio bestelako irakurketak egiten. «Beti idealista izan naiz. Igual 30 urterekin pentsatzen duzu gauza asko ekinez alda daitezkeela eta gero konturatzen zara badaudela egitura batzuk oso zailak direla mugitzen. Hitzaurrean aipatzen dut. Bidaia bukatu nuenean gutun bat idatzi nien blogari jarraitzen zioten lagunei eta han aipatzen nuen oso baikorra nintzela, eta, orain, hamalau urte geroago, egia esan, ez naiz hain baikorra».

«Bai garaiak bai eta eskualdeak ere oso ezberdinak dira», azaldu du Insaustik liburuko bi bidaiak aipatzean. «90eko hamarkadaren hasieran, pil-pilean zeuden Chiapas, Guatemala, El Salvador. Batzuk gerra zibila bukatzen, beste batzuk negoziazio prozesuetan…». Bestalde, «Ia hogei urteko gerra zibilen ondoren, ziklo horiek hasiak ziren ixten», adierazi du. Urte positiboak izan ziren arren «itxiera horiek ere nahiko bortitzak izaten dira. Negoziazio mahaian batzuetan badirudi zenbat eta hildako gehiago jarri botere gehiago dagoela. El Salvadorren 1992an oraindik bortizkeria asko zegoen baina jada negoziatzen ari zen bake akordio hori. Eta urte bat geroago aukera izan nuen bake akordioaren sinadura ekitaldira joateko»

Hamahiru urte geroago, bigarren bidaia hasi baino lehen, Mikel Insaustik Brasilen eta Paraguain urte batzuk zeramatzan lanean Munduko Natura Funtsean (WWF), Amazoniako proiektuak kudeatzen. «Batez ere nekazaritzak dakarren mehatxua, sojaren zabalkundea Amazoniaren hegoaldean kontrolatu nahian».

Lokatzetara jaistea

Urte horiek igaro ondoren erabaki zuen Brasilia eta Asuncion uztea eta, kontinentea hobeto ezagutzeko, «lokatzetara jaistea, urrunago joateko eta errealitate urrun horiek ezagutzeko».

«Bidaia horrek eman zidan denbora, askatasuna eta aukera norabide hori nahi nuen bidetik markatzeko», dio liburuaren egileak. «Joan nintzen apurka-apurka bidaia sortzen eta, era berean, bidean nindoala, batekin eta bestearekin hitz eginez erabakitzen hurrengo pausoa non egingo nuen».

Sao Paulon hasi zen eta Buenos Airesen, Patagonian, Suaren Lurraldean, Txilen eta Argentinan egon ostean, Bolivia zeharkatu eta Brasiliara, eta berriro buelta behera.

Herrialde bakoitzean aurkitutako jendeak eta gertatutakoak markatzen zion hurrengo urratsa. «Bolivian adibidez, iritsi eta egun batzuetara herrialdea blokeatu egin zen erabat. Protesta handiak zeuden, errepideak moztuta. Potosin harrapatu ninduen eta handik irteteko modu bakarra izan zen indigenen protesta batekin bat egin eta Sucrera iristea».

WWFrekin egindako lanean aukera izan zuen Amazonia mehatxatzen duten proiektu batzuk gertutik ezagutzeko.

Adibidez, «Santaremen portu ilegal bat eraiki zuen multinazional batek, Amazonian landatzen ari zen soja Europara esportatzeko».

“Bidaia ametsen erdigunera” liburuaren izenburuak Insaustik txikitatik izan duen nahia islatzen du. «Txikitatik horrelako bidaia bat egitea izan zen nire ametsa. Hego Amerikan, motxilarekin… Hego Amerikarekiko erakarpen hori betidanik eduki nuen, Hego Amerikako sakoneko errealitate hori ezagutzeko grina oso gaztetatik izan nuen. Izenburua bada horren isla».

Baina Ameriketako herritarren ametsak ere agertzen dira liburuaren orrialdeetan. Amets hautsiak? «Historia zikloz beteta dago. Orain nahiko tristea da Hego Amerikan gertatzen ari dena, herrialde dezentetan, baina zikloak etorri eta joan egiten dira. Nahiz eta ez izan garai hartan bezain baikorra, egiazki uste dut orain dauden agintari batzuek ez dutela gehiegi iraungo –adibidez, Bolsonarok Brasilen–, parentesi bat direla».

Bueltarik gabeko aldaketak

Bere ustez, aldaketa batzuk ez dute bueltarik. Boliviakoa adibidez. «Evo Moralesen gobernuetan indigenek lortutako duintasunak bueltarik ez duela uste dut. Azaroan, liburua bukatzen ari nintzela, estatu kolpea izan zen Bolivian. Hango berrien jarraipena nahiko gertutik egin nuen eta indigenen liderrek horixe esaten zuten. Indigenen duintasuna Konstituzioan dago islatuta, ez dauka atzera-bueltarik. Egiazki nahiago dute bizitza arriskuan jarri beraien eskubideetan atzera egitea baino».

Dena den, ez du duela hamalau urteko baikortasuna. «Ni jabetzen naiz munduan badaudela interes oso boteretsuak eta gizartea nahi duten bidetik eramateko dauzkaten heldulekuak oso sendoak direla. Hego Amerikan eta Europan ere horrela da. Hori aldatzen joango da? Nik uste dut pixkanaka-pixkanaka humanizatzen joango dela, baina ez naiz inozoa. Badakit aldaketa hori ez dela etortzen musu truk, borroka asko egin beharko dela», adierazi du Insaustik.

«Bolivian, adibidez, lehen baztertuta zeuden indigenak esnatu dira eta berreskuratu dute duintasuna eta horretan berriz atzera egitea oso zaila da. Zapal ditzakete baina bost menderen ostean jakin dute zer den duintasun hori berreskuratzea. Boliviako egoera nahiko penagarria da momentu honetan, baina hori koiunturala da. Sakoneko aldaketa gertatu da eta horrek segur aski beste aldaketa bat eragingo du etorkizunean».

Brasili dagokionez, nabarmendu du aldaketa ekonomikoa handia izan arren, «kulturalki sekulako arrazakeria egoten» jarraitzen duela, eta El Salvador eta Guatemalan egon zenetik herrialde horiek sartu zirela «bortizkeria gurpil batean: delinkuentzia, bandak, marak… Eta hortik ez dira atera. Indarkeria izugarria dago Erdialdeko Amerikako herrialde guztietan, El Salvadorren, Nikaraguan, Hondurasen. Ez da kasualitatea hango herritarrek emigratu nahi izatea, AEBetara, Mexikora edo beste edozein lekutara, bizitzera».

Era berean, «Fronte Sandinista zertan geratu den hamarkada hauetan. Hautsitako amets asko geratu dira bidean», gaineratu du.

Barne aldaketak

Insaustiren bidaiak ez dira gelditu. Duela sei urte berriro itzuli zen Argentinara eta Brasilera eta aurten, martxoan, Paraguaira bueltatzeko txartela zeukan, baina «konfinamenduak harrapatu ninduen eta ezin izan nuen joan, baina lagun asko ditut han eta kontaktuan jarraitzen dut. Orain haurrak hazten ari dira eta berreskuratuko dut kontinentearekin harremana».

Bidaiak Mikel Insausti bera ere aldatu duela aitortzen du, «batez ere naturarekiko harreman horretan, ordura arte profesionalagoa zen. Baina han ezagutu nituen paraje askotan natura beste dimentsio batean sentitu nuen. Bai, noski, bidaiak aldatzen gaitu, pixka bat irekita bazoaz eta bakarrik bidaiatzen denean batez ere, ez da zaila konektatzea jendearekin, lekuekin eta, bai, pentsatzen dut aldatu ninduela». Honela dio liburuan: «Bidaia horrek zerbaitetan aldatu banau, beste ahots batzuekiko, beste oihartzun batzuekiko sentikor bihurtzean izan da, baita naturaren oihu isilean ere, gizakiei arnasa eskatzen ari baitzaigu».