Xabier Izaga Gonzalez
Entrevista
Pello jauregi etxaniz
EHU-ko irakaslea eta soziolinguistika klusterreko kidea

«Guk euskaraz hitz egin ahal izateko erne egon behar dugu, kontziente, eta hori, hain justu, ohituraren kontrako elementu bat da»

Aldahitz proiektuaren hirugarren emaitza argitaratu du: «Uler-saioak», ulermena foku bakarra duena. Izan ere, ulermena komunikaziorako giltza dela dio, gauza asko zabaldu ditzakeen giltza

Soziolinguistika Klusterrak “Uler-saioak Metodologia” argitaratu du formatu digitalean eta nahi duenak eskuragarri du sarean. Metodologia berri eta berritzaile hori Aldahitz ikerketaren hirugarren emaitza da. Haren fokua ulermena da: euskara ulertzen ez dutenak gutxieneko ulermen mailara iristeko estrategiak biltzen ditu. Haren egile Pello Jauregirekin hitz egin du GAUR8k bere lan horren eta aurrekoen gainean, besteak beste.

«Uler-saioak Metodologia» honen foku bakarra ulermena da. Ikuspuntua behintzat berritzailea da. Helburua mintzamena izan da beti; metodologia honena, berriz, ulertzea. Komunikazioaren giltza dela diozu.

Komunikazioaz hitz egiten dugunean, normalean hitz egitea hartzen dugu kontuan, baina haren atzetik ulertzea dago. Eta ulertzea oinarrizkoagoa da hitz egitea baino. Adibidez, guk euskaldunok euskaraz egin genezake baldin eta aurrean daukagun pertsonak ulertzen badu, nahiz eta ez hitz egin. Baina nahi dugunok egin dezakegu euskaraz ulertzen badu. Hala ere, gaurko egoera soziolinguistikoa da daukagun arazorik handienetarikoa; alegia, talde batean euskaldun asko daude, hamarretik zortzi euskaldun dira, ongi hitz egiten dutenak… baina nahiko da bi egotea ulertzen ez dutenak, horrek zeharo baldintzatzen duelako, zeren baldin badaude bi pertsona ulertzen ez dutenak edo oso gaizki ulertzen dutenak, euskaldunok erdaraz egiten dugu, talde bezala ezin baitugu denen artean euskaraz egin. Orduan, nolabait esango genuke euskararen erabilera gora eramateko, suspertzeko, ulermen unibertsala ziurtatu behar dela. Jende guztiak ulertzea da gutxieneko baldintza. Horregatik, horretan jarri dugu fokua.

Ulertzea komunikazioaren giltza dela diozu.

Giltza hemen dagoela esaten dugu, hori da lortu behar dugun puntu garrantzitsu bat, eta estrategia bat behar dugu. Jendeak hitz egiteko prozesuak luzeak izaten dira, zeren hitz egiteak gaitasuna, denbora… eskatzen ditu, baina ulertzea askoz denbora gutxiagoan lor daitekeen gauza da, horregatik planteatzen dugu metodologikoki beste proposamen bat, jendea denbora laburragoan gutxienez ulertzera iristeko.

Gero, behin ulermena nolabait abiatuta, pertsona batek ulertzen baldin badu eta jendeak euskaraz egiten badio, pertsona horrek belarria egiten du eta poliki-poliki seguru asko pausoak emango ditu berak ere hitz egiteko. Baina jendea euskaraz entzuten ez badu, erdaraz egiten baldin bazaio, ez du inoiz aurrera egiten. Horregatik ulermenak gauza asko desblokea ditzake. Hori da gure ustea.

Ulermenik ezak hizkuntza eremu zulatuak sortzen ditu, arazo latza, zure hitzetan.

Hala da, bai. Zulatua da euskarak ezin duelako eremu horretan denon arteko hizkuntza izan. Erdarak bai, funtzio hori egin dezake, denen arteko hizkuntza, denek ulertzen dutelako, baina euskarak eremu zulatuetan ezin du denen hizkuntza izan.

Frantsesak eta gaztelaniak, ez daukate eremu zulaturik?

Ez daukate, ez. Eremu zeharo betea daukate eta horregatik hizkuntza funtzionalak dira, denok komunikatzeko balio dutelako. Baina euskarak ez du balio baldin batzuek ulertzen ez badute. Talde batean baliteke batzuek erdaraz hitz egitea; ondo, hala nahi badute, edo erraztasun handiagoa badute, egin dezatela erdaraz, baina ulertuko balute, beste batzuek euskaraz egingo lukete hala nahi dutelako. Orduan, bakoitzak egin dezala euskaraz edo erdaraz, baina euskara izan daiteke denontzako komunikazio tresna.

Euskaraldiak sortu zuen «Belarriprest» rola horretara bideratuta dago nolabait, ezta?

Logika horretan kokatzen da. Tradizionalki mezua beti euskaldunari begirakoa izan da, baina oraingo honetan Euskaraldiak bi elementu berri sartu ditu, eta bata ele biko elkarrizketak dira. “Belarriprest” figura interesgarria da; alegia, pertsona batzuek ulertzen dute baina ez dira hitz egiteko gauza, baina ulertzen badute, nahiz eta ele biko elkarrizketa izan, euskaldunok euskaraz egin dezakegu horrelako pertsonekin. Helburua da hitz egitera iristea, baina hara iristeko ulermena gutxieneko urratsa da, hori ziurtatzea. Horretan dago berrikuntza-edo.

Zure hitzetan, ulertzen ez duena oinarrizko ulertzaile bihurtzea da urrats «txikia bezain kualitatiboki esanguratsua».

Horrela da. Eta gainera, modu pragmatiko batez hitz eginda, askoz ere denbora laburragoan eta modu errazagoan lortzen du jendeak ulertzeko gaitasuna hitz egiteko gaitasuna baino. Gaur egun, helduen euskalduntze prozesuan, jendea hitz egitera iristeko prozesuak oso luzeak dira, baina ulertzea askoz ere denbora laburragoan lor daiteke.

Izan ere, zuk 60 orduko prozesua proposatu eta prestatu duzu, A1 mailako ulermena eskuratzeko. Egunez eguneko programazioa jaso duzu liburuan.

Bai, hori da planteamendua, denbora horretan jendea gutxienez ulermen maila horretara iristea. Hori proposamen bat da; hala ere, hurrengo urteetan esperientziak izan beharko lirateke, programazio hori praktikara eraman eta ikusi 60 ordu denbora asko den edo gutxi den; beharbada, denbora gutxiagorekin ere lor daiteke. Guk proposamen bat egin dugu jendea animatzeko, euskaltegiko jendea edo bestelako elkarteetakoak.

«Uler-saioak» Aldahitz ikerketaren hirugarren metodologia da. Beste bi sortu zenituzten aurretik.

Aldahitz proiektua lan munduan sortu da, lan munduan garatu da eta hor jarraituko dugu denbora luzez. Azken urteetan hiru metodologia garatu ditugu. Lehenengoa, “Eusle” izenekoa, jende guztiak ulertzen baina hala ere hitz egiteko ohiturarik ez duten taldeetarako pentsatuta dagoena.

Bigarren metodologia, “Ulerrizketa”, beste egoera baterako pentsatuta dago: guk, euskaldunok, normalean gure solaskideak hitz egiteko zailtasunak dituela antzematen dugunean, erdarara jotzen dugu. Beraz, trebatze prozesu bat da, nolabait ele biko elkarrizketarako, euskara erraza erabiltzeko eta erdarara ez jotzeko aurrean daukagunak ulertu bai baina hitz egiteko zailtasuna duenean. Eta hirugarren hanka orain argitaratu duguna da.

Hiru metodologia horiek erronka banari erantzuten diote. Aipatu duzun «Eusle» metodologiak, hizkuntza ohituren arazoari. Zer gertatzen da horrekin, zer behar da, hizkuntza erosoagoa, praktikoagoa, prestigiotsuagoa…?

Gauza asko aipatu dituzu eta horiek guztiek zerikusia daukate, bai prestigioak, bai erraztasunak, bai beste mila gauzak. Batzuk psikologikoak dira, norberarenak, eta horietan sar daitezke lotsa, erosotasuna, konfiantza falta… Beste batzuk sozialak dira: prestigioa, ezintasuna; alegia batzuek ulertzen ez badute, ezin duzu egin.

Ohitura ekintza bat, jokaera bat da, normalean pentsatu gabe egiten dena, oso natural ateratzen zaizun zerbait, pentsatu gabe eta ahaleginik egin gabe egiten duzun zerbait, automatikoa, inkontzientea, erreflexu bat da. Eta euskararen kasuan, eta lehen aipatu dugunarekin lotuta dago hori, euskaldunok kasu gehienetan etengabe bizi gara hizkuntza eremu zulatuetan. Horrek esan nahi du euskaraz egin nahi duen pertsonak oso erne, oso kontziente egon behar duela norekin egin dezakeen euskaraz eta norekin ez; orain batzuekin euskaraz hasten naiz eta orain erdarara pasatu behar dut honek ulertzen ez duelako, eta gero… Horrek esan nahi du guk euskaraz hitz egin ahal izateko erne egon behar dugula, kontziente, pentsatzen egon behar dugula, eta hori, hain justu, ohituraren kontrako elementu bat da. Horregatik, jendea euskaraz egiten ohitzeko denbora guztian jende guztiarekin egin beharko genuke euskaraz. Baina horretarako denek ulertzea behar dugu. Hori ez bada, oso zaila da ohitura modu sozial batean eraikitzea.

Borroka horretan, erosotasunaren eta kontzientziaren arteko borroka horretan, sozialki normalean erosotasunak irabazten du, eta gutxi batzuek eusten diote kontzientziari. Jende askok etengabe egingo balu euskaraz, ohitura bihurtuko luke.

Zure azken liburu honetan beste proposamen bat, beste aukera bat ekarri duzu: «Ulerrizketa babestua».

Hori trantsizio moduko bat da, bi metodologiaren artekoa, “Uler-saioak” metodologiaren eta “Ulerrizketa” metodologiaren artekoa. Guk “Ulerrizketa” metodologia eremu errealetan, eremu naturaletan, lantokian aplikatzen dugu. Jendea lanean ari da eta hor ez dago eskolarik, ez dago saio berezirik, lanean bertan egiten da. Baina “Ulerrizketa babestua” gela batean, eskola batean egiten da, eremu babestu batean.

Uler-saioak egin dituzten pertsonek oinarrizko ulermena badaukate, baina oraindik beharbada ez dira ausartzen eremu errealean, lanean, euskaraz ez dira ausartzen, oraindik gauza batzuk ulertzen ez dituztelako. Orduan, horien ulermena hobetzeko, “Ulerrizketa babestua” proposatzen dugu, gero lantokira salto egiteko. Baina horretarako giro babestu batean entrenamendua hartu behar dute.

Liburuaren amaieran galdetegi bat jarri duzu. Autoebaluazio modura edo zure metodologia ebaluatzeko?

Hori gehien bat jarraipenerako tresna da. Baita ebaluazio subjektiboa nolabait ezagutzeko, ezta? Gero ikerketa bat antolatzen denean, beste tresna ezberdin batzuk behar dira, testak, benetan jendearen ulermena neurtzeko.

Modu objektiboagoan?

Hori da. Horretarako ikerketaren ikuspegitik testak behar dira hasieran zer ulermen maila zeukaten jakiteko, hainbat ordu egin ondoren zenbateko ulermen maila eskuratu duten… Hori da hurrengo urteetan egin nahiko genukeena, esperientzia ugari, ongi neurtu eta hemendik bi edo hiru urtera emaitzak agertu. Baina zuk aipatu duzun galdetegia gehiago da jarraipenerako, autoebaluaziorako eta nolabait jendeak modu subjektiboan bere balorazioa emateko.

Bistan da ordu asko eman dituzuela tresna horiek sortzen; hala ere, diozunez, aurretik daukazuen bidea egindakoa baino luzeagoa da.

Bai, bai. Hiru metodologia prestatu ditugu, hiru tresna aipatutako hiru komunikazio egoera horietarako, baina oraindik tresna horien balioa ikusi behar dugu. Esperimentazio fasea falta zaigu. Hiru tresna horiek modu integralean aplikatu behar dira, lan bererako tresnak dira, egin behar duzunaren arabera erabili behar da bata edo bestea. Hiru tresna horiek interesgarriak dira hizkuntza plangintzak egiteko; adibidez, lantegi batean, erakunde batean, sindikatu batean. Lantegi batean euskara suspertzeko gogoa badago, hiru tresna horiek egokitu egin behar dira egoera diferenteetan, une diferenteetan, pertsona diferenteekin, baina denak norabide berean. Plangintza integralak egin beharko lirateke hiru tresna horiek batzuk besteekin nahastuz, egoeraren arabera. Eta hori falta da.

Aldahitz proiektuan badaude euskaltegiak, euskara zerbitzuak… instituzioek ere egiten dituzte hizkuntza plangintzak, eta eskura dituzte tresna hauek.

Jakina, horregatik guk tresna horiek guztiak nahi duenaren zerbitzuan jartzen ditugu; adibidez, lantegietan lan egiten duten aholkularitza taldeek eta erakundeek hemen dauzkate, baina interesgarria izango litzateke aztertzea eta ikertzea tresna horiek plangintza oso batean nola funtzionatzen duten batzuk besteekin, zer-nolako sinergiak dauzkaten beraien artean.