Ainara Lertxundi
DUQUEREN BI URTEAK

Indarkeriak eta autoritarismoak gora egin dute Kolonbian, areago covid-19arekin

Ivan Duque Kolonbiako presidentearen Gobernuaren bigarren urtea aztertu dute 500dik gora gobernuz kanpoko erakundek. Pandemiak eskubide murrizketak eta autoritarismoa areagotu egin dituela ohartarazi dute. Paramilitarismoa ia departamendu guztietan presente dago, sarraskiak bata bestearen atzetik gertatzen dira.

Pasa den astean, Kolonbiako Poliziak Javier Ordoñez 46 urteko abokatua hil zuen Bogotan. Gauez atera zen etxetik, antza lagun batzuekin egon eta gero. Kalean, bi poliziak geldiarazi zuten eta taser pistola elektriko batekin hainbat alditan tiro egin zioten, kalean, lurrean etzanda zegoela. Atxiloketa jasotzen duen grabazioan Ordoñezen erreguak entzun daitezke, «nahikoa» zela esanez, ezin zuela arnastu. Irudi horiek sare sozialetan zabaldu eta amorrua eragin zuten. Ordoñez bizirik eraman zuten polizia etxera eta handik gutxira ospitalean hil zen. Bi seme-alaba zituen eta ogibidez taxilaria zen arren, Zuzenbide ikasketak bukatzear zegoen. Haren gorpuak tortura zantzuak zituela salatu zuten senideek.

Heriotza horrek protestak eragin zituen Kolonbiako hiriburuan, batik bat, eta gainerako hirigune garrantzitsuetan. Polizia gogor oldartu zen manifestarien kontra. Hamahiru hildako egon ziren. Gertaera horrek indarkeria polizialaren eta hura erreformatzeko beharraren inguruko eztabaida piztu du.

Bogotako alkate Claudia Lopezek gertatutakoa ez dela ezbehar isolatu bat nabarmendu zuen eta manifestazioetan Poliziak tiro egiteko agindurik ez zuela argitu zuen. Hortaz, zergatik egin zuten tiro galdetu du. Ordoñezen heriotza eztabaida baten ondorio gisa aurkeztu ondoren –mozkortuta zegoela eta poliziei oldartu zitzaiela izan zen hasierako bertsio ofiziala–, aste honetan bertan, Carlos Holmes Trujillo Defentsa ministroak Senatuan aitortu du «poliziaren gehiegizko indarkeriaren» ondorioz hil zela abokatua. Oposizioak Trujilloren dimisioa eskatu du eta Poliziak izaera zibila izatea eta ez militarra.

Hori ez da izan, tamalez, Kolonbiak izandako biolentzia gertaera bakarra. Azken asteotan, albiste izan da sarraskiek gora egin dutelako ere. Bakerako eta Ikerketarako Ikasketa Institutuak (Indepaz) urtarriletik irailaren 15era arte 57 sarraski erregistratu ditu. Hilketa horietan 230 pertsona zendu dira. Gehienak, Antioquian (18), Caucan (8) eta Nariñon (8). Baina, sarraskiak –ekintza armatu berean hiru pertsona edo gehiago hiltzea– Kolonbiako 32 departamenduetatik 17tan erregistratu ditu Indepaz institutuak.

Alarma gorria piztu zen Calin eta Samaniegon (Nariño) egindako bi sarraskiren ondorioz; gordintasunagatik eta biktimak oso gazteak zirelako. Abuztuaren 11n, 14 eta 15 urteko bost nerabe bortizki hil zituzten Caliko kanpoaldean, kanaberadi batean. Hiru pertsona atxilotu dituzte hilketa horiengatik.

Handik lau egunetara, beste zortzi gazte hil zituzten etxe batean Samaniegon, Nariño departamenduan. Eguna elkarrekin igarotzeko elkartu ziren adiskideak. Argitara eman ez dituzten arrazoiak zirela medio, armatutako gizon talde bat etxean sartu eta bertan tirokatu zituzten gazteak.

Hendrix Hinestroza, Nidia Gongora, Alexis Play eta Junior Jein kantautore kolonbiarrek “¿Quién los mató?” izenburua daraman abestia osatu dute.

«Caliko gaztetxoen hilketak izugarrizko samina eragin zigun. Egun gutxitara, Samaniegon gertatutakoaren berri izan genuen. Tristea eta amorragarria da horrelako sarraskiak gure herrian gertatzen jarraitzea. Justizia eta erantzun eske hasi nintzen abesti hau idazten. Oso gutxitan jakiten da-eta zeintzuk diren sarraskien arduradunak», azaldu du Hinestrozak.

«Benetan, bihotza estutu egiten zait. Gai zaila eta gogorra da. Espero dut abesti honek gizartean nolabaiteko aldaketaren bat eragitea zeren ezin gara soilik amorruan, minean eta malenkonian gelditu», gaineratu du. Kantuarekin batera bideo bat egin dute indarkeriaren gordintasuna eta familia horien samina islatzeko. «Benetako justizia eskatzen dugu, ez ditugu jukutriak nahi», nabarmendu du Hinestrozak. Beldurrarekin bizitzeari uko egiten dio, «kaletik lasai ibili nahi dut eta ez desagerraraziko ote nauten beldurrez».

Demokrazia murrizten

Kolonbiako 500dik gora gobernuz kanpoko erakundek eta gizarte eragilek aurkeztu berri dute Ivan Duqueren bi urteko gobernuaren gaineko balantzea. Zazpi atal jorratzen dituen txosten mardula da. 2019ko irailean gobernuaren lehenengo urtearen gaineko balorazioa egin zuten; oraingo honetan –“El desgobierno del aprendiz. Autoritarismo, guerra y pandemia”– orduan egindako diagnosia eguneratu dute. Covid-19aren pandemiak demokrazian eta giza eskubideetan izan dituen ondorioak aztertzen dituzte. Salatu dute koronabirusa aitzakia hartuta, Gobernuak alde bakarreko erabakiak eta neurriak hartu dituela, gizartearen eta oposizioaren parte hartzea baztertuz. Era berean, bi urte hauetan, Ivan Duquek Habanako bake akordioa ez betetzeaz gain, FARC-EP gerrillak eta Juan Manuel Santosen Gobernuak adostu eta sinatutakoaren funtsa eta filosofia aldatu egin ditu. Nekazarientzako Lur Funtsa –bake akordioaren zutabeetako bat– geldituta dago, legez kontrako erabilera duten laboreak ordezteko plana ere ez du garatu Gobernuak; aitzitik, «drogen kontrako gerra» doktrina abian ipini du berriz, airezko fumigazioak bikoiztu egin ditu. Segurtasun Bermeen Batzorde Nazionalak bere izaera galdu duela ere nabarmendu dute txostenaren egileek, lurraldeetan segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ordez, «estatistika hutsak» ematen dituela.

Paramilitarismoak gora egin du. Baina fenomeno hori ez dela talde armatuetara soilik mugatzen ohartarazi du Preso Politikoekiko Elkartasun Batzordeak –ikerketan esku hartu duen gobernuz kanpoko erakundeetako bat–.

«Estatu kolonbiarrak, ordea, ez du fenomenoa bere osotasunean aztertu nahi. Arlo militarrari besterik ez dio erreparatzen, arazoaren benetako dimentsioa kontuan hartu gabe eta, hortaz, estrategia eraginkorrak diseinatu gabe. Bizi dugun pandemiaren testuinguruan, Autodefensas Unidas de Colombia (AUC) talde paramilitarra desmobilizatu eta gero sortu ziren talde armatuak biderkatu egin dira eta lurraldeetan duten boterea areagotzen ari dira, bereziki FARC-EPko gerrillariek utzitako eremuetan. Egun ditugun taldeen artean hauek azpimarra daitezke: Autodefensas Gaitanistas de Colombia –22 departamendutan daude, bereziki, Pazifikoan, Kariben eta ipar-ekialdeko departamenduetan–, Los Rastrojos, Los Pachenca, Los Caparros eta La Constru. 29 departamendutan aipaturiko talde horietako baten edo bat baino gehiagoren presentzia erregistratu du Indepazek. Kolonbiaren azaleraren %90 da hori. Gainera, talde horien arteko aliantzak areagotu eta egonkortu egin dira. Alvaro Uribe presidentearen garaian, AUC talde paramilitarraren alde bateko desmobilizazioa argudio hartuta, geroztik egon diren gobernu desberdinek paramilitarismoa dagoela ukatu dute, legez kanpoko gaizkile taldeak direla esanez. Modu horretan, paramilitarismoak Estatuarekin, politikarekin, ekonomiarekin eta indar armatuekin izan duen lotura ukatzen dutela nabarmendu dute “Estatu kolonbiarra eta paramilitarismoa” kapituluaren egileek.

«Paramilitarismoa sakonean aztertu ordez, fenomeno horren konplizitate eta laguntza guztiak ikertuz, lurraldeen militarizazioa lehenetsi du Gobernuak», gaitzetsi dute.

Habanako akordioei buruz, Ivan Duquek horiek betetzen dituelako planta egiten duela deitoratu dute. «Estatuak FARC-EPrekin hartutako konpromisoak betetzen dituelako itxura egin du, baina, errealitatean bake akordioaren edukia aldatu du. Gobernuak bide horretan jarraitzen badu, lurraldeetan paramilitarismoa eta indarkeria areagotu egingo dira», aurreikusi dute.

2019. urtea giza eskubideen defendatzaileen kontra azken hamarkadan egon den urterik gogorrena izan zen. Defendatzaileak Gara programaren arabera, 844 eraso izan ziren, horietatik %74,4 mehatxuak, %14,6 hilketak, %6 atentatuak, %3,4 arrazoirik gabeko atxiloketak, %0,8 informazio lapurretak, %0,3 desagerpenak eta % 0,1 prozesu judizialak. Iaz, herri mobilizazioak indar handia hartu zuen. Azaroaren 21ean lan eta pentsioen erreforma proiektuaren kontra eta Habanako akordioen alde Geldialdi Nazionala hasi zen, talde, sindikatu, elkarte eta mugimendu anitz bilduz. Errepresioa gogorra izan zen.

Aurten, urtarril eta martxo bitartean, 197 eraso zenbatu zituen Defendatzaileak Gara programak. Iazko garai berarekin alderatuta, %88ko igoera da.

Kargua sinatu zuenetik, Duquek Barne Ministerioaren Giza Eskubideen Zuzendaritza eskuindar sektoreen esku utzi du. Bi urte hauetan oraindik ez du LGBTI biztanleria babesteko plangintza garatu, aitzitik, Giza Eskubideen Zuzendaritzako kide bat LGBTI pertsonen eskubideen kontra agertu zen eta bere lanpostuan egon zen bitartean, kolektibo hori babesteko ekimen guztiak oztopatu zituen, funtzionario ohien esanetan.

Barne etsaiaren eta segurtasun nazionalaren doktrina Gobernu politikaren ardatza dira. Talde armatuen kontrako borrokan, «emaitzak lortzeko pizgarriak» martxan jarri ditu berriz. Alvaro Uriberen garaian –baita Santosekin ere–, politika horrek hilketa estrajudizialak eragin zituen. Gerrillarekin zerikusia ez zuten ehunka gazte bahitu eta borrokan hildako gerrillariak izango balira bezala aurkeztu zituen Armadak. Pandemiaz baliaturik, Gobernuak «autoritarismoa» areagotu egin duela ondorioztatu dute txostenaren egileek. Adibidez, besteak beste, hiru hilabetetan Gobernuak 164 lege dekretu onartu zituen. Horietatik bakarrik 11k zuten harreman zuzena osasun sistemarekin. Zenbait hiritan protestak egon ziren Estatuari osasun krisiari erantzuteko baliabide gehiago eskatzeko; poliziak gas negar-eragileak eta nahasmendua sortzeko granadak erabili zituen.

Osasunaren alorrean, pandemiaren kudeaketa sektore pribatuaren esku utzi dutela nabarmendu dute giza eskubideen defentsan lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeek.

«Ez dago Estatu mailako konpromiso eta estrategia bat. Egindako diagnosia partziala da; ez dago balizko kutsatuak detektatzeko bilaketa programa eraginkorrik. Gobernuak ez ditu aintzat hartu lurralde bakoitzaren berezitasunak eta beharrak. Osasun zerbitzuetara heltzeko baliabide eskasak dituzte Kolonbiako eremu askotan. Gauza bera gertatzen da ur hornidurarekin; enpresa pribatuen esku utzi du, baina leku askotan ez dute ubiderik gertu eta ez dute aukerarik enpresa horiek eskaintzen duten programan sartzeko. Hezkuntzari dagokionez, Internet izatea zaila da eta dagoenean ere, tresna teknologikoak falta dira. 2018an egindako inkesta baten arabera, hirietan etxeen %50,8tan dago ordenagailu bat. Landa guneetan, berriz, soilik %9,4k du ordenagailuren bat. Hezkuntza Ministerioak ez du deus ere egin hirien eta landaren arteko alde hori txikitzeko eta landa guneetako eskolen beharrak eta gabeziak asetzeko. Ikastetxe askok ez dituzte gutxieneko osasun neurriak betetzen, gelak gainezka daude, ur edangarririk ez dute, desinfekziorako eta garbiketarako materiala falta dute».

Ekonomian, Gobernuak finantza erakundeak lehenetsi dituela gaitzetsi dute: «Hirugarren maila batean utzi ditu enpresa ertain eta txikiak, nahiz eta horiek Kolonbian dauden enpresen %96 izan. Biztanleria aktiboaren %54,7, hots 23,3 milioi pertsona, herri ekonomiaren parte dira; 12,2 milioi pertsona egunean bizi dira, aurrezteko gaitasunik gabe. 2020ko apirilean langabezia tasa %20koa zen».

 

«Autoritarismoaren pandemia» gainditzeko hainbat gomendio

«Autoritarismoaren pandemia» gainditzeko, ikerketaren egileek funtsezkotzat jotzen dute Kongresuak benetako kontrol politikoa egitea eta dituen eskumenak Gobernuak bere aldetik argitara eman dituen dekretuak berrikusi, aldatu edo eta bertan behera uzteko erabiltzea. Auzitegi Konstituzionalak ere alde bakarreko dekretu horien gaineko kontrola egin beharko lukeela adierazi dute. Era berean, covid-19ari aurre egiteko harturiko neurriak ez direla egokiak eta eraginkorrak izan salatu dute, besteak beste, Gobernuak osasun arloko profesionalen trebakuntza ez duela sustatu, balizko tratamenduak ikertzeko baliabide ekonomikorik ez duela ipini eta antzinako metodoak ez aintzat hartzea gaitzetsi dute. Osasunaren alorrean eztabaida sakona eskatu dute, egungo sistema indarrean mantenduz gero, ahul izaten jarraituko baitu. Internet izateko arazoak, itxialdiak eta urruntze sozialak hezkuntzarako eskubidea urratu egin dutela ohartarazi dute, halaber. Covid-19ak eragindako osasun, gizarte eta ekonomia krisiak mugan dauden departamenduen edo Estatuak presentzia eskasa duen lurraldeen ahuldadea agerian utzi duela mahaigaineratu dute. Bereziki kezkagarria da Amazonas, Choco, San Andres, Providencia eta Santa Catalinako egoera. Era berean, giza eskubideen defendatzaileen segurtasunerako bermeak, bake akordioa bere osotasunean betetzea, ELNrekin elkarrizketak berriro abian jartzeko aditu talde bat izendatzea eta elite politikoaren, narkotrafikoaren eta paramilitarismoren arteko loturak ikertzea eskatu dute, besteak beste, gomendioen atalean.