Ramon Sola

Pandemia garaian betiko polizia osasuntsuago

Hondamendi itzela eragin du pandemiak, baina denon bistan da sektore jakin batzuei etekina ekarri diela. Facebooken irabaziak aipatu dira, komertzio elektronikoaren hazkunde nabaria ezagutu dugu, industria farmazeutikoak goia joko du... Baina, hala ere, horiek guztiak baino gehiago indartu den arlo neurtezin bat antzematen da: poliziala.

Bitxi-bitxiak dira covid-19aren izurriteak polizia ikusteko moduan ekarri dituen aldaketak, ikuskera horiek iraultzeraino. Ezkerrera begiratuz, historikoki eta arrazoi osoz polizia etsai hartu duen askok eta askok uniforme gehiago faltan botatzen dituela ahoskatzen du orain erreparorik gabe, edo poliziakideak askoz gogorrago jardutea, zenbait jokabide oker arriskutsu horrela zuzenduko direlakoan. Baina eskuin aldera begiratuta, agintearen babesle den neurrian polizia lagun estimagarritzat izan ohi duen askok eta askok deseroso hartzen du orain, nonbait bere askatasuna arriskuan jartzen duelako, liberalismoaren –edo negazionismoaren– kaltean.

Zinez, ez dakit bi jarreretako zein den kezkagarriena. Dakidana da hainbat polizia egiturak, bai eta armada boteretsuenek edo zinpeko zaindari arruntenek ere, egoera ederki baliatu dutela. Eta poliziaren eredu klasikoenean egin dutela: aginte itsuan, jazarpena erabiliz, isun eta salaketak biderkatuz... Pandemiaren aitzakian, zilegitasuna, boterea, askotan inpunitatea, oztoporik gabe ari dira lantzen. Egoera bat edo beste, agian askotxo, guzti-guztiok ikusi dugu sei hilabete hauetan.

Bitartean, herritar asko barruan ezkutuan zeraman poliziakide txiki batez erditu da. Kazetari ugari ere, jakina. Arinkeria handiz zabaldu dira irudi eta audioak, eta horiekin batera frogarik gabeko usteak: zer dakigu, zinez, Altsasun pasa den asteburuan gertatutakoaz, Zurriolako surflariaz, Eibarko eskaleaz, konfinamenduan atxilotutako korrikalariaz? Bertsio poliziala baino ez, kontrastatzeko aukerarik gabea, aurreiritzietan oinarritua eta sare sozialetako lintxamenduetarako puztua... Zenbait etorkinekin nola jokatzen ari den ikusita, ez zen harrigarria izango, AEBetan bezala, laster gehiegikeriaren bat azaleratzea: azken finean, Minneapolisen George Floyden antzera hil zen Elhadji Ndiaye Arrotxapean eta hemen ez da ezer gertatu.

Hori guztia esanda, kontuz: polizia (izen horrekin edo beste batekin, segurtasun sistema bat alegia) behar-beharrezkoa dela frogatu du pandemiak ere, nola uka daiteke? Kontua ez baita polizia bai ala ez, nolako polizia baizik. Guardia Zibila ez da Ertzaintza, Foruzaingoa ez da Hernaniko Udaltzaingoa. Zer behar du herri honek, zertarako, zerekin eta zenbat?

Iñigo Cabacasen hilketaren ostean, eztabaida horren beharra bortizki azaleratu zen, ETArik gabeko agertoki berrian gainera. Zortzi urte joan dira geroztik eta, ohi bezala, garaiz egiten ez denak usteltzen bukatzeko arriskua du. Abiapuntu gaiztoagoa izango du orain. Aurretik azaldutakoagatik eta belaunaldi berri batek izan duen poliziaren lehen bizipena zeharo desitxuratua dagoelako. Umeak ginela, labur esanda aita edo ama jipoitu edo atxilotu zezaketenak ziren guretzat poliziakideak: oraingo haurrentzat, aldiz, edozein txikikeriarengatik autoan ziztu bizian argiak eta sirenak piztuta doazen superheroi antzeko batzuk izango direla sumatzen dut, konfinamendu garaian, gainera, urtebetetzea zoriontzera etxera etortzen zitzaizkizunak. •