Nekane Zinkunegi Barandiaran

Pobreziaren izurria

Euskal Herrian 400.700 herritarrek nolabaiteko pobrezia edo gizarte bazterketa pairatzen dute. Hori jaso du Gaindegiak, pobrezia neurtzeko Europako markoaren metodologia bateko adierazleetan oinarrituta. Bitartean, munduko 20 pertsona aberatsenek beren ondasunen pilaketa areagotzeko baliatu dute pandemia.

Gaur da, hain justu, Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Azken urteetan, areagotu egin dira etxebizitzako gastuen ordainketak atzeratuta dituzten herritarrak, neguan berogailua piztu ezin dutenak, edo oinarrizko zenbait elikagai erosteko zailtasunak dituztenak. Eta covid-19ak lehendik zegoen gizarte bereizketa areagotu duela aintzat hartuta, egoera zaurgarrian zeudenak are okerrago daudela aurreikus daiteke.

Nazio Batuen Erakundeak, adibidez, nabarmendu du pandemiak «neurriz kanpo» eragingo duela emakumeen pobrezian. Lana galtzeko arrisku handiagoa dutelako, besteak beste, asko direlako turismoan, ostalaritzan eta etxeko lanetan aritzen direnak.

Eta izurriaren ondorioei aurre egiteko planez ahoa betetzen dutenek, industria eta sektore ekonomikoa suspertu behar direla diotenek, pizgarri ekonomikoak aipatzen dituztenek, ez dute lana galtzear dauden horientzako onurarik planteatzen. Entzun dugu langileek hautatu beharko dutela kaleratzeen eta soldata jaitsieren artean, solidarioak izateko garaia dela eta protestek eta grebek ez dutela laguntzen. Esan diezaiotela hori covid-19an positibo eman eta garbitzaile edo zaintzaile lana galtzeko beldurrez dagoenari. •