Nerea GOTI
Entrevista
MariJose cano
fedeafes-eko gerentea

«Urruntze sozialeko une honetan buruko gaixotasuna dutenei telefonoa hartu eta laguntza eskatzeko esaten diegu, sufrimendu horrekin ez daitezela gera»

Buruko osasunean pandemiak une zailak eragin ditu eta ondorio gehiago ekarriko ditu. Hori dela-eta Canok baliabideak eskatu ditu eta sufritzen daudenei mezu bat helarazi: «Eskatu laguntza».

Buruko eritasuna duten pertsona eta senideen elkarteen EAEko federazioa da Fedeafes. ASAFES eta ASASAM (Araba), AGIFES (Gipuzkoa) eta AVIFES (Bizkaia) dira federazioa osatzen duten elkarteak. Etxe askotan egon daitekeen sufrimenduaz jakitun, laguntza eskatzeko deia egin dute.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak. Nori buruz ari gara hitz egiten?

Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, hamarkada honetan lau lagunetik batek buruko osasuneko arazo bat du edo izango du. Beraz, atera kontu zenbat lagunez hitz egiten ari garen. Buruko gaixotasunak askotarikoak dira eta era ezberdinetan eragiten dute. Agian oso gogorra dirudi eskizofrenia bezalako gaixotasun batek, baina era batean eragiten dio pertsona bati eta beste era batean beste bati, gaixotasun fisikoekin gertatzen den moduan. Askotarikoak dira, batzuek eragina dute arlo emozionalean, beste batzuek eragin handiagoa dute pentsamenduan… Agian, gehien ezagutzen direnak antsietatea eta depresioa dira, arlo komunitarioan normalizatuagoak daudenak, eta gero badaude buruko gaixotasun larri gisa ezagutzen ditugunak. Baina hori asko esatea da, zeren depresio larri batek oso garapen negatiboa izan dezake. Hitz horrekin ohituago gaudela ematen du eta, aldiz, depresio bat oso larria izan daiteke, EAEn bi egunean behin lagun batek bere buruaz beste egiten du. Suizidio gehienen atzean –suizidio kasuen %90etan– buruko gaitz bat dago eta gerta daiteke pertsonak berak, ez eta familiak ere, identifikatu ez duten depresio bat izatea.

Gero, badaude beste hainbat buruko gaixotasun: eskizofrenia, desoreka bipolarra… Baina horietan ere ez dago egoera bakar bat, oso era ezberdinetan eragiten baitute. Gaixotasun mota horiek pairatzen dituzten lagunek laguntzarekin, tratamenduarekin bizimodu erabat normala egin dezakete eta hori ere nabarmendu behar da. Imajinario kolektiboan horrenbesteko mina egin duen “Psycho” gisako filmak ditugu, baina hori ez da erreala. Gaixoak txarto sentitzen badira ospitalera joaten dira edozein gaitz fisikorekin bezala; sendatzen zara eta zure bizimodua berregiten duzu. Uste dugu buruko gaixotasuna duen gaixo bat denbora guztian psikiatrikoan dagoela eta hori ez da erreala.

Buruko gaitzak dituzten pertsonen isolamendua saihesteko sentsibilizazio kanpainari ekin diozue. Nola ari da eragiten isolamendua?

Buruko gaixotasun gehienek duten gako garrantzitsuenetako bat da, berez, gaixotasun horiek gaixoa isolatzera eramaten dutela. Isolamendua berez badugu eta testuinguruak isolamendu hori indartzen badu, buruko osasuna narriatzeko arrisku handia dugu. Horregatik, kanpainaren helburua da egia esatea, segurtasuna dela-eta urruntze soziala bete behar dugun arren, azpimarratzea era ezberdinetan konektatzeko aukerak ditugula. Horregatik agertzen da telefono baten irudia, hain zuzen ere, edozeinek erabil dezakeelako eta une zehatz batean deitu eta laguntza eskatu, sufrimendu horrekin gera ez dadin. Batzuetan profesional batekin hitz egitea, pauta batzuei jarraitzea… Lasaitu psikiko hori oso garrantzitsua da.

Mezu hori nabarmendu nahi dugu, ez daitezela arazoarekin etxean bakarrik gera. Gogoan ditut, adibidez, adineko gurasoekin bizi diren pertsona horiek eta familiek duten sufrimendua, bai eta gazteen kasuan ere, gurasoek sufrimendu handia izaten baitute osasun arazo bat duen seme-alabarekin. Laguntza eska dezatela, hori da mezua.

Egoerak eragiten dituen ondorio psikologikoak aipatu dituzue: antsietatea, depresioa… Zer ari zarete ikusten?

Oro har, ziurgabetasun oso handiko egoera batean gaude, ez dakigu bihar zer gertatuko den, eta konfinamendu gogor batetik gatoz, osasun ondorioak, sozialak, ekonomikoak eta lan mundukoak utzi dituena. Horrek guztiak biztanlerian eragiten du, oro har, baina badira sentiberagoak diren pertsonak. Elkarteetan nabaritu dute kezkatutako pertsona gehiago dagoela eta adituek eurek gaixotasun mota horien gorakadaz hitz egiten dute. Hurrengo pandemia buruko osasunarena izango dela diote, antsietateagatik, depresioagatik… etor daitekeen olatuaren aurrean.

Konfinamenduan profesionalek oso egoera zailak bizi izan dituzte eta horrek eurengan eragina izan dezake. Eragina argia da; ez dakigu olatu hori indar gutxiagorekin edo lehena baino indartsuago etorriko den baina prestatuta egon behar dugu. Horregatik, buruko osasunean bitartekoak areagotzea eskatzen dugu. Ezin duguna da ezohiko egoerari baliabide berberekin erantzun, zeren hori egiten badugu beharrezkoak diren beste bitarteko batzuk murriztu beharko ditugu. Horrenbestez, baliabideak areagotzen ditugu edo, bestela, nola egingo diogu aurre datorren errealitate horri?

Suizidioen tasa nabarmendu duzue, EAEn bi egunean behin heriotza bat dagoela adieraziz, eta zehaztu duzue %9 gizonezkoak eta %17 emakumezkoak direla, zer dago datu horien atzean?

Datu horiek, gizonezkoen %9 eta emakumezkoen %17, depresioarekin lotutakoak dira. Oro har suizidioa altuagoa da gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino, horrela izan da beti. Suizidio saiakera gehiago gertatzen da emakumeen artean, baina gizon gehiago suizidatzen da. Datuak kezkagarriak dira, trafiko istripuek eta indarkeria matxistak dutena baino intzidentzia handiago batez ari gara hitz egiten. Zer esan nahi du bi egunean behin pertsona bat hiltzeak? Oso datu asaldagarria da eta gogoeta bat eragin du, baita prebentzio estrategia bat diseinatzea ere. Hor hartu dugu parte guk, nola geldi daitekeen hausnartzen. Argi dagoena da adituek ematen duten ehunekoa: suizidioen %90 inguru buruko gaitz batekin lotuta daude eta kasu horien %70 ez daude osasunarekin konektatuta, ez dago haiei buruzko historiarik erregistratuta. Senide askok ez dakite buruko osasun arazo bat duela, eta buruko gaitza duten pertsona horien artean handia da depresioaren intzidentzia.

Gazteen kasuan ere badago depresioa. Batzuetan depresioa ez da hautematen edo zail da ikustea edota ez da identifikatzen nerabeak bizitako egoera jakin batek sortu duelako buruko gaitza. Egin behar duguna da estrategia bete eta arlo bakoitzean prebentziorako neurriak jarri. Izan ere, gazteen artean suizidioen intzidentzia azpimarragarri bat dago adin tarte horretan, baita adinekoen artean ere. Gorakada detektatu da eta bakardadearekin lotuta dagoela uste dugu. Garrantzitsuena estrategia martxan jartzea da eta prebentziorako eta promoziorako baliabideak areagotzea.

Etxeetan itxialdia, mugikortasunean murrizketak… Nola egin diote aurre gaixoek eta familiek hain egoera delikatu bati?

Heldu zaiguna elkarteekin lotura duten pertsonen egoerak dira, zeren egongo dira gu beraiengana iristen ez garen pertsonak edo gugana heltzeko gai izan ez direnak. Nola egin diote aurre? Elkarteetatik lagundu zaie, elkarteek euren jarduera osoa eraldatu dute laguntza hori eman ahal izateko. Hori nabarmendu nahi dut, pandemian zehar ikusgai jarri ditugu osasun zerbitzuetako langileak, dendariak, garbitzaileak… Eta badago hirugarren sektorean lan egiten duen sektore bat, gizarte ekintzaren arloan aritzen direnak, txarto pasatzen ari zirenei laguntzeko antolatu zirenak, eta bereziki gure federazioa osatzen duten elkarteen lana goraipatu nahi dut, lan handia egin baitute pertsonei arreta ematen, beharrezkoa zen kasuetan haien etxeetara joaten… Eguneko zentroak itxi baitziren eta jende hori ezin zen ezer gabe geratu. Egoera zaurgarrian zeuden pertsonak zirela ikusten zutenean etxeetara joaten ziren edo telefonoz ematen zuten laguntza, telematikoki.

Ahal den guztia egin da pertsona horiek bakarrik ez uzteko. Hori zutabeetako bat izan da. Profesionalak, elkarteak beste zutabe garrantzitsu bat izan dira, baina egoerari eusten egon direnak familiak izan dira. Gaixoei laguntzen egon dira elkarteak, baina osasun sistemaren arreta telefono bidezkoa izan da, eta martxotik ekainera bizpahiru dei egon badira ere, horrekin ezin diogu pertsona bati sostengua eman.

Hori adierazi nahi dugu; oso egoera zailak kudeatu behar izan dira eta badakigu konfinamendua guztiontzat gogorra izan dela, baina are gogorragoa zailtasunak dituzten pertsonentzat. Egia esan elkarteek artatutako gehienek ondo eraman dute egoera edo ondo eramatea lortu dute laguntza nahikoa izan dutelako, baina agian jende askok ez du aukera hori izan eta bakarrik egin behar izan diote aurre.

Garai gogor horri dagokionez, profesional batzuek nabarmendu dute amak, ahizpak, alabak… emakumeak izan direla gaixoen zaintzaren eta laguntzaren pisua eraman dutenak.

Zaintza lanak emakumeengan jartzen dira desgaitasun kasuetan, haurrekin… eta gure kasua ez da salbuespen bat, pisua emakumeek eramaten dute. Urte asko daramatzagu genero ikuspegia lantzen, besteak beste elkarte barruan pedagogia egiten, baina dudarik ez dago haiek direla zaintzaren pisua eramaten dutenak eta horrek beraien buruko osasunean ere eragiten du, azkenean gurpil baten modukoa baita.

Teknologia berriak kontakturako bide eraginkorrak izan dira. Arrakala digitala sumatu al duzue gaixoen artean?

Gaixo askok arazorik gabe maneiatzen dituzte teknologia berriak, gazteek batez ere, baina kolektiboaren zati batean arrakala digitala egon badago eta batzuetan arrakala baino amildegi digitala da. Oso denbora laburrean bilakaera zinez handia izan da. Formakuntzan inbertitu behar da, bakoitzak ahal duen neurriko prestakuntza eskuratzeko, eta hori bultzatu. Nahiago dugu aurrez aurreko arreta eman, askotan kontaktu humano horrek edozein bideo deik edo telefonok baino askoz gehiago egiten duelako. Ezin dugu aurrez aurreko arreta alde batera utzi, baina bizi izan genuen bezalako egoera bat bizi behar badugu, teknologia berriak eraginkorrak izan daitezke. Aldi berean, elkarteetan egin behar den eraldaketa digital horretan inbertitu beharko dugu.

Baliabideen beharrei dagokienez, haurren eta nerabeen buruko osasunean dauden premiak azpimarratu dira.

Iaz gizarte baliabideak eta osasungintzakoak aztertzen zituen txostena aurkeztu genuen. Txostenaren ardatzetako bat haur eta nerabeen buruko osasunarekin lotutakoa zen. Baliabideak behar dira osasun arloan baina baita arlo sozioedukatiboan ere, zailtasunak dituzten gazteak direlako eta laguntza horren beharra dutelako. Haiek behar dute eta haien familiek ere, askotan egoera horiek kudeatzeko zailtasunak dituztelako. Gure elkarte batzuek berezko programak dituzte adin txikikoen familiei laguntzeko eta hori ere bultzatu behar da.

Baliabideen beharra nabarmendu duzue.

Covid-19aren pandemiaren aurretik arreta jada defizitarioa zen, baliabide gehiago behar genituen. Orain premiazkoa da, izan ere, adituek beraiek antsietatea edo depresioa bezalako patologien uholdea aurreikusten dute. Eskura ditugun baliabideekin ezin izango diogu uholde horri aurre egin, zeren orduan beste leku batzuetatik kendu beharko ditugu. Baliabide gehiago behar dira osasun arloan eta gizarte zerbitzuetan benetako arreta komunitarioa egiteko.

 

Maite dituzun horiek eta harreman sozialak

Egungo egoera ez da erraza baina Maria Isabel Garcia Peñak argi dauka bizitzan aurrera egiteko lagungarriak izan daitezkeen ardatz batzuk daudela eta elkartea horietako bat dela. Buruko gaixotasuna du eta 2008tik Aiaraldean lan egiten duen Asasam elkarteko kidea da. Era aktiboan hartzen du parte hainbat lantaldetan. Itxialdiaren hilabete gogor haiek, lanaren, familiaren eta elkartearen laguntzarekin atzean geratu dira. Pozik esan dezake aurrera egiteko gai izan dela, baina gogoan du oso laguntza bereziak izateko aukera eduki duela, hala nola Whatsapp taldeak, bideo deiak edota lan arloan laguntzen dion psikologoaren lana.

Estigmarik eta etiketarik gabeko mundu hobe batekin amesten du Maria Isabel Garciak eta horregatik lehen pertsonan hitz egiten du buruko osasunari buruz eta etxean larritasunarekin bizi duen horri elkarte batera jotzeko esaten dio, bertan lagundua eta ulertua sentituko delako.

Lotura afektiboak ere nabarmentzen ditu, «maite dituzun horiek zaintzea», arauen barruan bizitza normala egitea eta harreman sozialak izatea.