Juantxo EGAÑA

MIKEL ZABALZA DESAGERRARAZI ZUTENEKOA, XABI VENTURAREN KAMERAN

Xabi Ventura oso gaztetatik izan zen argazkilaritzaren zalea. Haren osaba Maximok Cine Foto Ventura argazki denda zuen Iruñeko Sarasate pasealekuan. Xabiren aita, Alfonso Ventura otsagabiarra, Bilboko ”La Hoja del lunes”, ”Deia” eta “Navarra Hoy” hedabideen zuzendaria izan zen, besteak beste. Xabi, 1982an Leioan kazetaritza ikasketak amaitu ondoren, Iruñeko “Navarra Hoy” egunkarian hasi zen lanean, hasieran erredaktore, baina, urtebeteren buruan, argazkigintzarako zaletasunagatik eta ikasketekin batera egindako ikastaroei esker, argazkilari hasi zen, eta egunkariko argazkigintzako buru izatera iritsi zen. 1994an egunkari hura itxi ondoren, “Egin” egunkarian laguntzaile gisa hasi zen, 1998an Auzitegi Nazionalak hura itxi zuen arte. Ordutik aurrera, “Euskaldunon Egunkaria”-rekin lankidetzan aritu zen, 2003an epai aginduz itxi zuten arte. Argazkigintzan noizbehinkako beste lan batzuk egin bazituen ere, behin betiko bertan behera uztea erabaki zuen, lehenengo ostalaritzan eta geroago Osasunbidean lan egiteko. Artikulu hau ilustratzen duen argazkia Iruñeko Gaztelu Plazan egina da, 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren Mikel Zabalza desagertu zelako egin zuten manifestazioan, haren gorpua agertu gabe baitzegoen artean. Banku batean eserita adineko bikote bat zegoen, eta Poliziaren kargaren bortizkeria zela-eta, haietako bat altxatu eta borra eskuan mehatxari zegoen poliziarengana joan zen protesta egitera, une hori jaso zuen irudiak. Venturak, halaber, bere ibilbideko egoerarik gogorrenetako bat gogoratu du, Iruñeko Ospitaleko beilatokian familiaren enkarguz Zabalzaren gorpuari argazkia egin zionekoa.