GAUR8
SEXU ANIZTASUNARI ATERPEA MEXIKON

Casa Frida, babesa eta duintasuna pandemia garaian are zaurgarriagoa den LGTBI komunitatearentzat

Mexikon LGTBI komunitateak babesgabetasun egoera bizi du. Gazte askok goiz alde egin behar izaten dute etxetik, beren sexu identitatea modu askeagoan bizi ahal izateko. Berez latza den egoera dezente okertu da pandemiarekin. Horregatik, arnasa, babesa eta duintasuna eskaintzen diete Casa Frida aterpean.

Casa Frida ezagutu baino lehen, Alex Navarrok uste zuen harrera etxe guztiak hotzak eta desatseginak zirela. LGTBI komunitatearentzat sortutako babeslekura iritsi eta hiru astera, eskertua sentitzen da larrialdian sortu zen elkarte zibil horrekin, mehatxuak eta erasoak jasan arren, zutik jarraitzen baitu. «Babesleku bat leku itsusia dela imajinatzen duzu, lurrean lo egingo duzula manta batekin, soberakinak emango dizkizutela jateko. Hona iristen zarenean, aldiz, sekulako arreta jasotzen duzu eta ezuste handia izaten da, onerako», adierazi du Navarrok.

2020ko maiatzean ireki zituen bere ateak Casa Frida aterpeak, Mexiko Hiriko San Pedro de los Pinos auzoan. Herrialdea astintzen ari zen covid-19aren larrialdiaren erdian kalean edota egoera zaurgarrian zeuden LGTBI komunitateko kideei laguntzea izan da hasieratik elkartearen egitekoa.

Hasieran, gertuko elkarte zibil batek utzitako gune batean atondu zuten aterpea. Eremua akaso ez zen era horretako proiektu baterako toki egokiena, baina gunea egokitu eta martxa onean joatea lortu zuten. Baina 2020ko abuztuan Casa Fridako bultzatzaile eta erabiltzaileei eraso egin zieten eta heriotza, bortxaketa eta desagertze mehatxuak jaso zituzten.

Egoera horren ondorioz, elkarteak leku berri batera joan behar izan zuen. Hartara, fiskaltzaren aurrean salaketa bat jarri zuten eta etxe berri batera aldatu ziren. Hasiera batean bertan urtebetez egotea espero dute, epe horretan errenta ordaintzea ahalbidetuko dien diru bilketa birtual arrakastatsu bat egin ahal izateko.

Orain arte Casa Fridak LGTBI komunitateko 70 pertsona baino gehiago babestu ditu, bereziki 20 eta 25 urte bitarteko gazteak. Bertako arduradunek azaldu dutenez, Mexikon oso ohikoa da LGTBI gazteek oso goiz etxetik atera behar izatea, beren nortasun sexuala askeago bizi ahal izateko.

Gazte horien genero orientazioa edo identitatea dela-eta etxetik kanporatuak izan direnei babesa eskaintzen die aterpeak. Bertako zuzendarien hitzetan: «Oinarrizko hiru zutabe eskainiz. Lehena, etxea eta segurtasuna eskaintzea da, oinarrizko zerbitzuak ematea; bigarrena, programa psikosoziala eta osasun publikoko zerbitzuekiko lotura eskaintzea; eta, hirugarrena, berriz, banaka lantzen den bakoitzaren bizi proiektua da, bidean pilatu diren oztopo guztiak gainditu ahal izateko».

Bizitzari modu seguruan heldu

Casa Fridara iristen direnei beren bizitzari modu seguruan heltzeko aukera eskaintzea da asmoa. Batez besteko egonaldia 90 egunekoa izaten da. Epe horretan esku hartze desberdinak egiten dira erabiltzaileekin, independentzia ekonomikoa lortzeko, adibidez. Familiakoen eta egoiliarren arteko bitartekaritza prozesuak ere bultzatzen dira, bi aldeen arteko gerturatzea eta adiskidetzea lortzeko. Hala ere, bitartekaritza horiek egin eta emaitza onak lortzea ez da oso ohikoa izaten.

Casa Fridako egonaldiari egoiliarrek eta boluntarioek antolatutako tailer eta jarduerek laguntzen diote. Horiek era askotakoak dira: arte eskolak, ingelesa edo jolas jarduerak, itxura aldaketak...

«Ez da erraza izan, urtebete daramagu pandemia honekin eta itxita egotea zaila da, are zailagoa egoera zaurgarrian daudenentzat», azaldu du Francisco Mendiolak, Casa Fridako koordinatzaileak.

Mendiolak gertutik bizi izan ditu etxe horretan egon diren pertsona guztien egonaldiak. Erabiltzaile bakoitzak elkartera hurbiltzen denetik joaten denera arte izaten duen aldaketa nabarmenarekin txundituta dagoela aitortu du. «Gure mezua argia da: sexu aniztasunarentzako espazio seguruak eraikitzen jarraitzea. Aniztasunarekiko zor historikoa dago, benetako abandonu instituzionala egon baita eta baitago, eta inork ez du zor hori ordaindu nahi izan. Horregatik, gizarte zibileko erakundeek aurpegia eman behar dute eta egoera hobetzeko lan egin. Askotan, zero baliabiderekin». Bide horretan, proiektua donazioen, jardueren eta artikuluen salmentaren bidez modu birtualean finantzatzea erdietsi dute.

Bide berria abiatu

Alex «aingeru batek» salbatu zuen. 50 peso (bi euro inguru) eta Casa Fridako telefono zenbakia eman zizkion. Horrela iritsi zen aterpera. Ordurako, Alexek bortizkeriaz beteriko bere etxea atzean utzia zuen eta motxila pisutsua zeraman bizkarrean; bahiketa bat, sexu abusuak, suizidio saiakera bat, eta bazekien zer zen kalean lo egitea.

«Ni Guanajuatotik nator, alkoholismoa, drogazaletasuna eta abusu fisiko eta psikologikoa beti nagusi izan diren familia batetik. Gurasoekin bizi nintzen. Baina egun batean aitak jipoitu egin ninduen eta sudurra hautsi zidan. Orduan erabaki nuen nire maleta hartu eta etxetik alde egitea», kontatu digu Alexek.

Poltsikoan 450 peso (19 euro) zituela, Mexiko Hirirako autobus txartel bat erosi zuen, aukeren bila, baina pandemiaren aurkako neurriak zirela-eta itxita zegoen hiri bat aurkitu zuen.

Kontatu duenez, bere gurasoekin zituen arazo nagusiak bere orientazio sexuala, bere egoera serologikoa (GIBarekin bizitzea) eta bizi duen depresioa ziren. Orain Alexek bere bizitzari epe laburrean begiratzen dio eta bere asmoen artean dago txakurren estilista eta bideobloglari gisa egiten duen lanari berriro ekitea, GIBari buruzko informazioa ematen jarraitzeko, nahiz eta jakin badakien oraindik ere barne prozesu bat geratzen zaiola bukatzeko.

Bultzatzaileen hitzetan, «igoeraz eta jaitsieraz» betetako esperientzia izan da Casa Frida. Hala ere, eutsi egiten diote. Interesa duenak janari, jantzi eta dohaintzekin lagundu dezakeela gogorarazi dute. Sare sozialen bidez jar daiteke harremanetan haiekin.