Maider Iantzi Goienetxe
PALESTINAKO EMAKUMEEN AHOTSA

Errefuxiatuen ahalduntze historiak landu eta podcasten bidez zabaldu dituzte ikasle eta feminista euskaldunek

«Ikusten ez dena kontatzen» UNRWA Euskadi agentziaren proiektua Palestinako emakume errefuxiatuen benetako historietatik abiatzen da. Arrantzalea, musikaria, ingeniari elektriko izatearekin amesten duen ikaslea... ahaldundutako pertsonak dira protagonista guztiak. Euren esperientziak soinu kontakizun bilakatu dituzte 101 euskaldunek.

Palestinako emakume errefuxiatuen bizitzak eta ametsak bertze modu batean ezagutzeko aukera ematen du “Ikusten ez dena kontatzen” egitasmoak, Bilboko bi ikastetxetako ikasleek, ahalduntze eskoletako emakumeek eta Bizkaiko Foru Liburutegiko erabiltzaileek egindako podcasten bidez. UNRWA erakundeak gidatutako prozesu baten emaitza dira Narrandoloinvisible.es webgunean euskaraz eta gaztelaniaz aditu daitezkeen grabazio horiek. 2020ko urtarriletik 2021eko martxora bitartean, emakume palestinarrek berek kontatutako benetako historiak oinarri hartuta, prestakuntza eta kontzientziazio lan bat egin zuten, adituen laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesarekin.

Guztira 101 pertsonak parte hartu dute proiektuan, 82 emakumek eta 22 gizonek.

Ezjakintasun handia

Macarena Arrieta Manterola UNRWA Euskadiko Hezkuntza teknikaria da. Koordinazio lanetan ibili da egitasmo honetan. GAUR8ri azaldu dionez, erakundeak 2019an argitaratutako txosten bat izan zen abiapuntua. Bertan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek palestinar errefuxiatuen inguruan zuten ikuspegia jaso zuten eta hortik gaia lantzea beharrezkoa zela ondorioztatu zuten.

Palestinako historiari buruz ezjakintasun handia dagoela ikusi zuten, eta eurozentrismoa ere sumatu zuten. «Errefuxiatuak hemen daudela uste dugu, baina inguruko herrietara doaz, Europara oso gutxi datoz». Bestetik, ikuspegi androzentrista gailentzen da: historia bakarra gizonena da, emakumeak ikusezinak dira. Horrekin lotuta, Palestinako mugimendu feministari buruzko ezjakintasuna izugarria da. Erlijio musulmana ere modu homogeneoan ulertzen da.

Idealizazioa

Podcasten esperientzia honetan ikusi dutenaren arabera, ikastetxeetan ez dakite Palestina mapa batean jartzen. Emakumeekin lan egin dutenean, aldiz, 40 urtetik gorakoen artean, hurbiltasun emozional bat sumatu dute palestinarrenganako. Idealizazio estereotipoak daude.

«Beste proiektu batzuetan, ikastetxeetan formazioa ematen dugunean, palestinarrak joaten dira zenbaitetan, Euskal Herrian bizi direnak, eta palestinar izateagatik euskaldunekin ‘rollo ona’ sumatzen dute. Baina, era berean, izenarengatik eta azalaren koloreagatik arrazismo handia bizitzen dute, etxebizitza eta lana lortzeko, besteak beste», kontatu du URNWA Euskadiko Hezkuntza teknikariak.

Aurreiritzi horiek guztiak apurtu nahian ekin zioten lanari eta metodologia erakargarri bat aukeratu zuten ahalduntzea lantzeko: podcasta, gero eta gehiago erabiltzen den tresna. Erabiltzeko erraza da eta erosoa suertatu da pandemia garairako, nahiz eta koronabirusa ailegatu baino lehenago aukeratu zuten. «Tresna interesgarri horrekin, ikastetxe eta emakume taldeekin harremanetan jarri ginen. Ahalduntze etxeetan ere eman dugu formazioa, Basauriko Marienean kasu».

Hiru argitalpen oinarri

Palestinako emakume errefuxiatuak ezagutzeko zer hoberik euren ahotsak aditzea baino. Eta halaxe egin dute, eurek kontatutako benetako historiak abiapuntu hartuta. Hain zuzen ere, UNRWAren hiru argitalpenetan jasotako historiak dira. Horietako bat “Gaza Amal” komikia da eta ikastetxeetan erabili dute. Ikasleek podcast bilakatu dituzte bertako ipuintxoak. Albistegi formatuan batean eta ipuin kontaketa moduan bertzean.

Marienea emakumeen etxean UNRWAren bloga baliatu dute. Bertan historiak plazaratzen dituzte astero. Hirugarrenik, “Palestinako genealogia feminista” dokumentua hartu dute oinarritzat. Azken hau ibilbide historiko bat da, Palestinako emakumeen kontakizunen bidez egiten dena.

Ikastetxeetan, Maria Urcelay aktore eta kazetariarekin dramatizazioa eta inprobisazioa landu dituzte: «Nola irakurri eta idatzi, lotsari nola aurre egin... Genero perspektibarekin beti, estereotipoetan erori gabe». Soinu teknikari baten laguntza ere izan dute podcastak grabatzeko.

Emakume feministekin, eskema berari jarraitu diote, baina lan sakonagoa egin dute idazketan, lengoaia inklusiboa erabiliz eta podcasten adibide ezberdinak ikusiz.

«Fair Saturday»

Prozesu horietako zortzi aurrez aurre egin dituzte eta bi online. Orotara 34 soinu kontakizun sortu dituzte, eta hamar podcastetan zabaldu. UNRWA Euskadiren webgunean kaleratzeaz gain, Fair Saturday ekimenean ezagutarazi zituzten, joan den azaroan.

Arrietak agertu duenez, Fair Saturday Black Fridayri kontra egiteko sortu zen kultur ekitaldi bat da. Musika, antzerkia eta irratia barnean hartzen ditu. UNRWAkoek Palestinako emakume errefuxiatuen proiektu honen berri emateko aprobetxatu zuten aukera. Podcasten bat jarri zuten eta Palestinan lan egina den Ane Irazabal kazetari ezaguna elkarrizketatuz amaitu zuten.

Gazako arrantzalea

Gaztetxoekin, emakumeekin eta, Bizkaiko Foru Liburutegiaren bidez, orokorrean herritarrekin egindako lanketa hauetan bada historia bat anitzek aukeratu dutena. Madleen Kullab 23 urteko gaztearena da. Ezagutzen den Gazako emakumezko arrantzale bakarrarena. Gazan, 8.000 bat familia bizi dira Mediterraneoak ematen dienetik. Baina ez dute batere erraza. Langabezia izugarria da eta Israelek ezarritako blokeoa dela-eta, milia batzuen barrenean egin behar dute arrantza. Milia horiek aldatzen joaten dira: gaur 6.000 izan daitezke eta bihar, 3.000. Pasatzen badituzte, bizitza arriskatzen dute, itsasontzi israeldarrak egoten direlako tiro egiteko zain.

Arazo horiez gain, arrantzaleen mundua gizonezkoena da, gurean gertatzen den bezalaxe. Madleen Kullabek horri nola aurre egiten dion kontatzen du. «Arrantzak ez zidan diru gehiegi ematen, hortaz, UNRWAren kreditu txiki batekin nire itsasontzi propioa erosi eta turismorako erabiltzea erabaki nuen», esplikatu du arrantzan bere aitarekin, 6 urte baino ez zituela hasi zen Madleenek.

Musika, elkargune

Raisa Hamdan abeslariaren historia ere jaso dute podcastetan. Palestinako errefuxiatuek Gazan duten kanpamendurik handienetako batean bizi da, Rafah izenekoan. Raisak ongi gogoan du nolako poztasunez bizitzen ziren kantu tradizional palestinarrak, danbor eta txalo hots ozenez. Israeldarren tiroek isildu zituzten arte.

Hala eta guztiz ere, Palestinako errefuxiatuek musika erabiltzen jarraitzen dute «batasunaren eta gizatasunaren elkargune» gisa. Raisarentzat ez da samurra abeslari izatea. Egoera sozial eta ekonomikoa traba dira, baita blokeoa, mugak eta agintari israeldarren kontrolak ere.

Artistak ezin dira beren lana kanpoan azaltzera atera. «Israelen okupazioak ez digu uzten abeslari palestinarroi gure artea zabaltzeko bidaiatzen», adierazi du Raisak.

Munaren ametsa

Goazen podcastetako bertze historia batekin. Muna du protagonista, ingeniari elektriko izatearekin amesten duen ikaslea. Ramallah-ko Birzeit-eko unibertsitatean ikasi nahi du karrera hori. Bere aita elektrizista da eta txikitatik maite izan du Munak burua kable artean hondoratuta tresnak konpontzen ikustea.

«Lehen, mutilak soilik izan zitezkeen ingeniari elektrikoak, baina hori aldatu egin zen. Orain, neska palestinar gehienek ez dute lanbide debekaturik», agertu du, irribarretsu.

Den baino helduagoa dirudi mintzatzerakoan. Bere uniforme txuri-berdea jantzita, zapi zuri batekin ilea estalita, indarra eta lasaitasuna transmititzen ditu.

«Ikasle aparta da. Beti erakutsi izan du xarma handia, lider izateko dohaina du eta izugarri eskuzabala da», erran du berari buruz eskolako zuzendariak, Arwa Salemek.

Duela hiru urte Muna erabat aldatu zen, ordea: triste, zapuztuta eta bakarturik ikusten zuten. Bere notak ere jaisten hasi ziren eta irakasleek zerbait gertatzen ari zitzaiola susmatu zuten. Hain zuzen ere, ama gaixotu zitzaion eta horrek anitz eragin zion. Amari animoak emateaz gain, aitari lagundu behar zion etxeko zereginetan eta anaien kargu egin ere bai.

«Amaren bularreko minbizia gure bizien erdigunea izatera pasatu zen. Ama hobeki sentitzea lortu behar genuen. Bazkaria prestatzen ikasi nuen, garbitzen eta hondoratua zegoen aita babesten. Familia bezala gehiago batu gintuen, baina gogorra izan zen».

Irakasleek gurasoekin solas egin eta gero, amak deusengatik ere ez zituela ikasketak utziko zin eginarazi zion alabari. Animatzeko, eskolako hauteskundeetara aurkeztera bultzatu zuten irakasleek eta ikasleen ordezkari aukeratu zuten. Hala, pixkanaka-pixkanaka alaitasuna, ikasteko grina eta ekintzailetasuna berreskuratu ditu. Ama sendatzen ari da eta egonkortasuna bueltatzen ari da familiara. Munak minbiziaren kontra lan egiten duen elkarte batean parte hartzen du orain.

Balantzea, «oso ona»

Historia guztiek amankomunean dute ahaldundutako emakumeak dituztela protagonista. Lehenengo pertsonan kontatzen dute nola gainditu duten arazoa ahalduntzetik. «Ikusten ez dugun honi ahotsa guk jarri diogu, baina historiak haienak dira. Ederra litzatekeen arren, ez dute formazio prozesuan parte hartu. Oinarri gisa baliatu dugun material guztia Palestinako emakume errefuxiatuekin zuzenean izandako harremanetatik atera da, ordea. Beraien ekarpena erabili dugu formaziorako», adierazi du Arrietak.

Bidean eduki dituzten zailtasun guztiak kontuan izanda, “Ikusten ez dena kontatzen” proiektuaren balantzea «oso ona» da. «Podcasta oso tresna erakargarria dela eta funtzionatzen duela ikusi dugu. Ahalduntzeko eta lotsa galtzeko balio du: mikroarekin hitz egitera animatzen ziren lehen egiten ez zutenak. Asko gustatu zaie metodologia; balorazio guztietan nabarmendu dute hori».

Elkartearentzat ere zoragarria izan da podcast hauek zabaltzea. «Asko laguntzen du, ez baita gauza bera testu luze bat irakurtzea edo podcast bat entzutea».

Lehen aldiz egin dute eta erantzuna ikusita, antzeko proiektu gehiago planteatzea da asmoa.

 

MUNDUKO ERREFUXIATURIK ZAHARRENAK, JUSTIZIA ESKE

Gazako zerrendan 2014tik izandako erasorik bortitzena jasan dute berriki. Israeldarren azken bonbardaketa horiek 11 egun iraun dute. 129 herritar hil dituzte, 66 haur barne, eta bertze 1.948 lagun zauritu. 70.000 pertsona baino gehiago babestu dira UNRWA erakundearen eskoletan.

Bertako biztanleriaren %70 Palestinako errefuxiatuak dira. Israelek ezarritako aireko, lurreko eta itsasoko blokeoaren 14. urtean sartzera doa kostaldeko gune hau. Pertsonen eta salgaien mugimenduen mugatze honek bizitzak, azpiegiturak eta ekonomia hondatu ditu. Gazaz gain, Zisjordania, Libano, Siria eta Jordania dira Palestinako errefuxiatuen bizitokiak. 5,7 milioi dira orotara. 1948an, okupazioa hasi zenean, 700.000 ziren. «Errefuxiatu estatusa oinordetzan hartzen da, horregatik dira gero eta gehiago, baina askok ez dute Palestina ezagutzen», argitu du Macarena Arrieta Manterola 1950etik errefuxiatu hauei laguntzeko lanean ari den agentziako kideak. Munduko errefuxiaturik zaharrenak dira eta bidezko eta behin betiko konponbide bat eskatzen dute.

Palestinako lurralde okupatuetan, Gazan eta Zisjordanian, egoera kritikoan daude, segurtasunik gabe. Sirian, kasik hamar urteko gatazkaren ondotik, muturreko pobrezia egoeran bizi dira Palestinako errefuxiatu gehienak. Jordaniak egonkor segitzen du eskualde aldakor baten barruan, nahiz eta koronabirusak gainkarga handia ekarri. Libanok, berriz, elkarrekin lotutako hiru krisiri egin die aurre 2020an: errefuxiatu siriarren larrialdi egoeraren hamargarren urteari, covid-19ari eta 2019tik zetorren krisi sozioekonomiko eta politikoari.

 

GAZAKO EMAKUME APARTEN BIZIPENAK, KOMIKIAN

“Gaza Amal” komikia, Susanna Martinek UNRWA Euskadirentzako egina, aproposa da ikasleekin gaia lantzeko. Amal da bertako lehen protagonista. Arabieraz, ‘itxaropena’. Kazetaritza ikasten ari da eta Hura du irakasle. Hura, ‘askatasuna’, Gazan bizikletan ibiltzen den neska bakarra da. Horregatik, irainak aditu behar izaten ditu etengabe.

Amalek Khadira, ‘sendoa’, elkarrizketatu du idazten ari den blogerako. Khadirak entzumena galdu zuen 2014ko gerraren ondorioz. Bi alaba eta seme bat ditu eta familia aurrera ateratzeko Palestinako goxo tipikoak saltzen ditu bertze emakume batzuekin batera. Urik gabe eta gasa falta denean kozinatzeko beren «trikimailuak» dituzte. Senarrak tratu txarrak ematen dizkio Khadirari eta genero indarkeriaren aurkako elkarte baten kontaktua pasatzen dio lagun batek.

Hazeem, ‘trumoia’, korrikalaria da, Huraren ikaslea. Atletismo lehiaketa batean parte hartzeko ametsa zapuztu zaio ez diotelako Gazatik ateratzen uzten. Baina seguru dago noizbait aske izanen direla. «Horretarako, oraindik azkarrago korrika egin behar dut».