Amagoia Mujika Telleria - Maider Iantzi Goienetxe
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Bertsoaren sokan ertz desberdinetan dauden zortzi bertsolarik jantziko diote finala Anaitasunari

Ederra izateko osagai guztiak dauzka Anaitasunako finalak, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45.ak. Finalen eta txapelen aspaldiko ezagunak, haize berrietan datozenak, finaleko oholtza ondo zapaltzen dakitenak, oholtzan hazi direnak... Iruñeko Anaitasuna prest dago. Finalisten lana izango da tamainako saioa janztea aretoari.

Zortzi finalistak Anaitasunan. Iñigo URIZ | FOKU
Zortzi finalistak Anaitasunan. Iñigo URIZ | FOKU

Nafarroako Bertsolari Txapelketa iritsi da azken geltokira, bihar Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalera. Txapelketan 29 bertsolari abiatu ziren eta Nafarroan barna bide luze eta korapilatsua eginda –osasun larrialdiak ez ditu gauzak erraz jarri–, zortzi iritsi dira azken geltokira: Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.

Finalaren lehen partean ofizioka aritu beharko dute bertsolariek; zortziko handia, zortziko txikia, puntuari erantzuna, hamarreko txikia eta bina bertso neurri eta doinu librean gaia emanda. Lehen partean bi puntuazio onenak lortzen dituzten bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute.

Finala arratsaldeko 17.00etan abiatuko da eta Anaitasuna kiroldegiko ateak 15.00etan zabalduko dira. Sarrerak aurrez eros daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian. Sarrera arruntek 18 euro balio dute, Bertsozale Elkarteko bazkideenak 15 euro eta 16 urtetik beherakoen sarrerak, 13 euro. Finalaren egunean bertan ere Anaitasunako leihatiletan izango da sarrerak erosteko aukera. Aretoko taberna itxita egongo da eta ezinbestekoa izango da osasun neurriak zaintzea.

Ez da covid ziurtagiria eskatuko

Pandemia giroko txapelketa izan da eta horrek markatu du neurri batean. Finalari begira ere, asko hitz egin da covid ziurtagiriaren inguruan. Nafarroako Gobernuak gaurtik aurrera ezarri nahi du ziurtagiriaren betebeharra eta neurri hori auzitegien berrespenaren zain egon da azken egunetan. Gaur-gaurkoz, Nafarroako Bertsozale Elkartetik jakinarazi dute finalean ez dela beharrezkoa izango covid ziurtagiria. Badirudi salbuetsita leudekeela janari eta edari kontsumiziorik gabeko kultur ekitaldiak eta horien artean kokatuko litzateke Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala. Hala ere, aldaketak gerta daitezke eta azken berrien zain egon beharko da.

ENEKO FERNANDEZ MARITXALAR

«Covidak txapelketaren erritmoa hautsi dit. Baina orain bai, lasai nago»

1977an Lesakan jaioa, Jon Barberena lagun-minari esker hasi zen bertsotan, duela hamar bat urte. Laster eman zuen Nafarroako Txapelketan parte hartzeko pausoa, 2013an, baita finalera iritsi eta laugarren postua eskuratu ere. Horrek Euskal Herrikora eraman zuen. Nafarroako bosgarren txapelketa eta bosgarren finala ditu.

Bitan atzeratu behar izan duzu finalerdia, itxialdian egon zarelako covidagatik.

Berez Altsasun kantatu behar nuen, azaroaren 1ean, astelehena, eta aurreko astelehenean hasi nintzen sintomekin: sukarra, eztula, bizkarreko mina, lo egiteko gaizki, usaimena galdua… Horrek txapelketako erritmoa hautsi dit. Gero, arazoa izan da dena muga-mugan izan dela. Hau da, asteazkenean sintomekin hasi eta negatibo eman nuen antigenoen proban. Baina sintomekin jarraitzen nuen, larunbatean PCRa egin zidaten eta igande eguerdian jaso nuen positiboa. Berriozarko saiora ere ez nintzen heldu. Kantatu ahal izan dut aurrena Eneko Lazkoz eta gero Julio Soto prest agertu direlako. Juliori kasik aste bat lehenago abisatu zioten, baina Lazkozi bezperan. Kristoren balioa du egin dutenak.

Finalera justu ailegatu zara.

Eta sentsazio txarra da. Ez dakizu ailegatuko zaren, indarra izango duzun, nola zauden… Ezjakintasuna izan da okerrena. Batzuetan desiratzen egoten zara sintomak luzatu eta ‘akabo txapelketa’ errateko, baina aldi berean nahi duzu. Gainera, bai Lazkoz bai Julio zuregatik sakrifikatu dira, talde antolatzaileak ere zu egoteko lan egin du, orduan hor egon behar duzu. Baina dena aldatzen dizu. Whatsappez bidaltzen zizkidaten gaiak, online saio bat egin nuen bertso eskolakoekin, bakarkakoak… Aunitz entrenatu behar dutenetako bat naiz, normalean kideekin, eta hori dena falta izan dut.

Nola sentitu zinen Leitzan?

Zalantza nuen eritasunak nola eragingo zidan, baina lehenengo ofizioa eginda ikusi nuen ongi nengoela eta kontent bukatu nuen. Bai Leitzan bai Izaban sentsazio onak izan ditut. Arraroa da. Txapelketa prestatzen aunitz disfrutatu ohi dut eta aurten sufritu dut hor. Baina gero saioetan bertan inoiz baino hobeki. Bertze urteetan pasatu zaidanaren kontrakoa. Aspaldi ez nuen bakarkako on bat egiten eta Leitzan hagitz gustura gelditu nintzen.

Zerk bultzatu zaitu txapelketara?

Ongi nintzen, inoizko mailarik onenarekin, indartsu eta animatuta. Baina okertzen joan zait, batetik urduritasuna, bertzetik eritasuna. Orain bai, lasai nago. Aurtengo nire puntuazioak nabarmen inoizko onenak dira eta, halere, zortzigarren sailkatu naiz. Nire maila ematen badut eta gainetik pasatzen badira horrek erran nahi du jendea hagitz ongi ari dela bertsotan. Hori da polita eta hori da onartu behar dena. Finalari begira lasaitzen nau horrek. Segur aski Euskal Herrikora joateko gogo gutxien duena naiz. Hala ere, ahalik eta saiorik onena egiten saiatuko naiz. Batez besteko maila altua dut, ez dut piko handirik eginen baina ez naiz erortzen. Final batek behar du horrelako jendea, oinarri bat emanen diona, eutsiko diona.

Bertsolari nafarrek meritua duzue maila mantentzen plaza gutxi izanda.

Mirari bat da. Jon Barberena zenak erraten zidan: ‘Julio Sotorekin lehiatzen ari zara?’. Bera profesional bat da eta zuk urte guzian saio bat duzu.

Nola eutsi motibazioari?

Ni berandu hasi nintzen, orduan ez nago errea. Badut ilusioa, baina aurtengo txapelketaren zaporea ez da hain ona.

Oraindik ez duzu bukatu.

Ez, eta finalean gelditzen zaizun sentsazioaren arabera ideia goitik behera aldatzen ahal zaizu. Baina txapelketa utzita ere bertsoa ez da bukatzen. Ikusi behar da proiektuak zure beharra duen ere, apuntatzen den jendearen arabera. Nik txapelketarekin nituen helburu guztiak bete ditut. Bukaerako agurra pentsatua dut aspalditik eta hori ere motibagarria izan da. ‘Egin behar dut’ errateko arrazoietako bat. Final batean aski da bertso bat uztea jendea oroituko dena, agurra bada ere.

ENEKO LAZKOZ MARTINEZ

«Berez, bertsotan dibertitu egiten naiz. Orduan, ez dut ilusio estra bat behar bertsotan egiteko»

Gaur egungo txapeldunordea da 1983an jaiotako etxarriarra. Zazpigarren finala izanen du. 2004an hartu zuen parte lehen aldiz Nafarroako Txapelketan. 2010etik finalista izan da guztietan eta 2017an lehen aldiz kantatu zuen Txapelketa Nagusian.

Finalerdia aldatu zizuten bezperan, Berriozartik Altsasura, amaren herrira, Fernandezen baja zela eta. Ez luke edonork onartuko.

Tarte pixka bat banuen, egun eta erdikoa. Deitu zidatenean ongi nengoen eta nigan pentsatu nuen baina txapelketan ere bai, Enekorengan eta antolatzaileengan. Baiezkoa eman nuen eta hortik aurrera eguneko plana pixka bat aldatu nuen, nire buruarekin ere nire lanak egin nituen. Azkenean inoiz ez dakizu noiz egingo duzun bertsotan ongi eta noiz ez.

Ongi atera zitzaizun.

Beti gelditzen dira konpondu nahi zenituzkeen gauzak, baina orokorrean gustura. Uste dut bi saioetan, Altsasun eta Tafallan, antzeko zerbait pasatu zaidala: bakarkako lanetan ongi moldatu naiz, baina binakakotan gehiago kostatzen ari zaidala sentitu dut. Ez dakit kontzentrazio falta den, edo azken urte pare honetan oso gutxi kantatu izanaren ondorio. Bakarkakoan zu zure buruarekin ari zaitezke, etxean eta kotxean zaudenean nahi gabe ere landu dezakezu, baina binakako erreflexu horiek arituz lortzen duzu hobetzea.

Kideekin entrenatzen ibili zara?

Bai, eta oso pozgarria izan da behintzat txapelketari eskerrak berriz lagunarte horri heldu eta bertsotan pixka bat aritzea. Niri hori asko gustatzen zait.

Nola topatu duzu publikoa?

Gogotsu. Sozializatzeko gogo horrek bertso saioak edo beste kultur saio batzuk kontsumitzeko gogoa ere badakar eta publikoa oso bero sumatu dut, oso esker oneko. Batez ere Altsasun oso harrituta gelditu nintzen, oholtzara igo ginen lehen momentutik. Uste dut ez dudala inoiz Nafarroako finalaurreko batean halako giro beroarekin kantatu. Nire esker ona, publikoari.

Eta bertso lagunak nola aurkitu dituzu?

Ongi. Jendeak, nahiz eta isilik egon, ez du denbora galdu. Xabatek eta Joanesek garapen bat egin dutela ikusten da azken txapelketatik. Saioa eta Josu finalera sartu dira lehenengo aldiz, baina aspalditik ari ziren bertsotan ongi. Azken urteetan bertsolari dexente gaude maila txukun samarrarekin ari garenak. Atzetik datozen gazteak ere maila onean datoz eta meritu handia du gutxi batzuk kenduta gehienok oso-oso plaza gutxi egiten ditugulako urtean. Horrek esan nahi du jendaurrean ez bada itzalean behintzat badagoela lan bat eta ilusio bat.

Zerk mantentzen du zure ilusioa?

Nik asko disfrutatzen dut bertsotan. Lagun asko ere eman dizkit eta horiekin elkartzeko aitzakia gisa balio dit. Berez bertsotan dibertitu egiten naiz. Orduan, ez dut ilusio estra bat behar bertsotan egiteko.

Txapelketan ere dibertitzea lortzen duzu?

Agian pixka bat masokistak gara, baina gustuko dut tentsio horretan ibiltzea. Estualdietatik ateratzeak betetzen nau. Egin duzun lan horrek gero zure bertsotan isla bat izateak. Sufrituz, baina gozatzen dut.

Zein gorputzaldi duzu?

Gorputzaldia ona da. Suertez aspalditik dakit finalean kantatuko dudala eta horrek balio dit nire burua kokatzeko. Helburua, beti bezala, bizitzako finalik onena egitea da [irri egiten du]. Bizitzako saiorik onena egitea eta kantatzen dudan bertso bakoitza inoiz kantatu dudan onena izatea. Gero hori ez da inoiz gertatzen, baina saiatu horretan saiatuko gara.

JOANES ILLARREGI MARZOL

«Oholtzan nire burua neurtzen eta kontrolatzen ikasi izanak beste era bateko ideiak ekartzera eraman nau»

Leitzan jaioa 1999an. Aurtengoa du bere hirugarren Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta bigarrenez iritsi da finalera.

Leitzan, etxean, finalerdi ederra irabazita iritsiko zara Anaitasunara.

Giro oso polita zegoen kantatzeko edo horrek lagundu zuen saio oso ona ateratzen eta saio horretatik hiru finalista ateratzen. Hasieran areto txikiagoan zegoen aurreikusia, baina sarrerak berehala saldu ziren eta kiroldegira eraman zuten saioa. Banuen beldurra handi samar geratuko ote zen aretoa. Hori berotzeko bertsotan latz egin behar zela pentsatu genuen, baina azkenean ondo joan zen finalerdia. Gustura.

Bigarren finala izango da. Beste toki batean zaude orain.

Ikasi egin dut oholtzan gehiago egoten; jarrerak, kantatzeko moduak… ikasi egin dut oholtzan lasaiago egoten eta oholtzatik kanpo naizen horretatik gertuago egoten. Ideiatan agian ez naiz asko aldatu, nahiz eta garapen bat eta ikasketa bat egon den, baina oholtzan nire burua neurtzen eta kontrolatzen ikasi izanak beste era bateko ideiak ekartzera eraman nau, heldutasun bat lortu dut.

Bertsotan erraz egiten duzu.

Gu beti ari gara bertsotan eta bertsotan egin egiten dugu. Kontua da publikoari zer transmititzen zaion, hori ere ikasi egin behar da. Finean bertsoa belarrietatik, begietatik eta zentzumen guztietan sartzen da, bertsoa saldu egin behar da. Bertsoa saltzen ikasten duzunean, jendeari bertsoaren mezua transmititzeaz gain lasai zaudela eta konfiantza duzula helarazten diozunean, jendeak beste begi batzuekin begiratzen zaitu.

Bertsolaritza oso enpatikoa da horretan. Bertsolariak sufritzen badu, publikoak ere sufritu egiten du.

Bai, niri publikoan nagoenean ere gertatzen zait, bertsolari bat ezinean ikusten dudanean, erortzera doala sumatzen dudanean, nik ere gaizki pasatzen dut. Enpatikoa da eta baita esker onekoa ere. Gustura eta bertsotan ondo aritzea lortzen duzunean, konfiantzaz eta zure maila erakutsiz, publikoak eskertu egiten dizu eta horrek hurrengo ofiziorako indarra ematen dizu.

Anaitasuna plaza polita da. Nola irudikatzen duzu finala?

Bai. Duela bi urteko egunaz gogoratzen naiz Anaitasunan nagoenean. Poza sentitzen dut, pasatu dugun guztia pasatuta, ez nuelako nik ikusten hain goiz berriz txapelketa jokatu ahal izango zenik. Era berean poza sentitzen dut berriz lortu dudalako finalean kantatzeko txartela eta hori nire helburu nagusietakoa zen txapelketan.

Finala jokatzeko gogoa daukat; oholtza muntatuta ikusi nahi dut, pankartak aretoan, jendea barrura sartzen bertso gosez… saioa ailegatzeko gogoz nago.

Anaiarekin abestuko duzu. Arraro kokatzen al zara horrelakoetan?

Ohituta gaude elkarrekin kantatzera, askotan egin dugu. Baina anaia oso seguru ikusten dut oholtzan eta ez nau kezkatzen. Badakit isilik ez dela geratuko. Ni bien lorpenagatik pozten naiz eta nahiko modu naturalean bizi dugu elkarrekin aritzea.

JOSU SANJURJO ALTZURI

«Presioa positibo bihurtu nahian ari naiz. Aurreko bi saioetan lortu nuen»

1993an jaiotako lesakarrak bere aurreneko finala du, eta honako hau, bere bizitzako lehendabiziko elkarrizketa. 2011n hasi zen txapelketan parte hartzen.

Zer suposatzen du zuretzat finalean sartzeak?

Pentsa, zortzi urtetan hasi nintzen bertso eskolan eta ez dut inoiz hartu bertsolaritza serioski edo hobetu nahi horrekin. Azken urteetan ikusten nuen izaten ahal zela, saiatu nintzen aurrerapauso ttiki bat ematen eta begira, lortu dugu. Ardura bat da, ongi egin nahi dudalako; baina bertzalde, poztasun bat, ikusten dudalako lan egiten baduzu emaitzak etor daitezkeela.

Saioa Alkaizarekin batera pasatu zara.

Erraten ahal da Saioa eta biok beti eskutik joan garela bizitzan, bertso eskolan eta emaitzetan, baita frustrazioetan ere [irriz]. Nabaritzen nuen pixka bat heldu garela eta horrek niri behintzat lagundu dit gauzak hobekiago eramaten. Gustura ari naiz Saioarekin bide hau konpartitzen.

Bertsolaritza serioago hartze horretan zerikusia izan du Bertsozale Elkartean lanean aritzeak?

Egia erran, ez dakit zer puntutaraino den negatiboa eta positiboa, egun osoa bertsolaritzarekin bueltaka ari naizelako, hezkuntza arautuan eta bertso eskoletan. Eta hortik ateratakoan azkena nahi duzuna berriz bertsotara jartzea da. Halere, kideekin gelditzen hasi eta ohartu orduko astean hiru aldiz gabiltza bertsotan. Horrek bizitasun mentala ematen du. Pandemian ez zen egiteko plan gehiegirik ere. Orduan, beti zen polita lagunekin bertsotan aritzeko gelditzea.

Nola eragin dizu izurriteak?

Ez naiz pertsona bera pandemia aurretik eta orain. Gauza aunitz mugitu dizkit iritzi kritikoarekin zerikusia dutenak, irakasle naizen aldetik haurren egoerekin adibidez. Gizarte mailan gertatzen ari den hau guztia behatzea, aztertzea eta digeritzea nahiko kostatu zait. Poztasun handia da txapelketa hau egitea. Saiatzen naiz bertsotan pandemia aunitz ez aipatzen, baina ezin dugu beste aldera begiratu, hor dagoelako.

Nolakoa da publikoarekin harremana maskarekin?

Ikasleekin ohitua nago begiak irakurtzera. Begietan ikustera erreakzio guztiak.

Nola bizi duzu lagunek saioetan animatzea?

Lagun eta familiako aunitz etorri dira ikustera eta hori arduraz eta konpromisoz bizi izan dut. Ez naiz bereziki berotasuna ongi kanalizatzen duen pertsona bat. Presioa sumatzen dut hurbileko jendea dagoenean ongi egin nahi dudalako euren aurrean. Presio hori guztia positibo bihurtu nahian ari naiz. Aurreko bi saioetan kosta zitzaidan, baina lortu nuen, eta honetan ere lortzea espero dut.

Lehen saioa etxetik hurbil izan zenuen, Donezteben, horrek eragin zizun?

Kontzentrazioa mantentzea aunitz kostatzen zaion pertsona bat naiz. Saioetan dauden estimulu guztiekin burua erraz joaten zait. Donezteben lagunak ditut, Lesakatik ere joan ziren, eta urduri nintzen horregatik. Baina gero hori dena positibo bihurtzen jakin nuela uste dut. Eguna goitik beheiti diseinatu nuen: gosaria, kafea, mendi buelta, kontzentratua eta motibatua ailegatzeko. Saioa exekutatzeko momentu bezala hartu nuen, gozatzeko eta sortzeko une bezala. Azterketa bat bezala, bost galderakoa, eta bakoitza ongi egiten saiatu nintzen. Orain berdina eginen dut.

Nola sentitu zinen Berriozarren?

Hagitz kontzentratua egon nintzen bertso bakoitzean, kartzelan pixka bat galdu nuen kontzentrazioa eta nire erronka finalean ez galtzea da. Bakarkako borobil bat bota nahiko nuke. Bakarrik kantatzen dudanean %100 biluzik sentitzen naiz, ‘puenting’-a egitea, txirrista batetik botatzea iruditzen zait. Zure garunak oxigenoa hartzea, pentsatzea eta zerbait polita uztea erronka handi bat da eta hori eginen banu kontent egonen nintzateke.

Nola irudikatzen duzu finala?

Hagitz interesgarria ikusten dut. Bertsolari bakoitza ezberdina da eta hori polita da. Julio badakigu nor den. Bere maila, bertsokera, puntuak orrazteko modua. Lazkozen kolpea, Joanesen freskotasuna, Saioaren perspektiba gai guztien inguruan, Silveiraren magia momentu batzuetan, Xabaten indarra. Eneko erran izan dugu erregularra dela baina nik badakit bere pikoa hagitz altu dagoela.

Euskal Herrikoan sartzea helburutzat duzu?

Saio bakoitzean hurrengo ariketa nuen helburu. Oraintxe bertan lehenengo zortziko handia dut buruan. %100 zure bertsoan pentsatu behar duzula ikasi dut.

Bertsolari bezala, zerk pizten zaitu?

Oraintxe bertan aunitz gozatzen ari naiz nire irakasle rol horrekin. Zer emana badut eta horrekin gozatzen ari naiz. Pandemiak erakutsi dit hurrengo asteburuan pentsatzen, eta nahikoa.

Bertzalde, aunitz eskertzen dut publikoaren jarrera. Goxo sentitu naiz eta eman didan berotasuna bueltatu nahi diot.

JULIO SOTO EZKURDIA

«Nik sentitzen dut bertsoa badela herria egiteko, hizkuntza egiteko, modu bat. Hortik kantatzen dut»

1987an jaioa, gorritiarra da eta egungo txapelduna, 2019an txapela berak jantzi zuelako. Hamargarren finala du eta bost txapel jantzi ditu.

Beste final bat, beste Julio bat?

Betiko Julio, baina bere barruan gauza berriak topatzeko gogoz. Interesak berritu zaizkit barruan; zeri kantatu, nola kantatu... identifikatu ditut gauza batzuk lehen begiratzen ez nituenak eta horiei begira saiatu naiz kantatzen txapelketan. Beti ez dakizu seguru zer den zehazki berritik erakartzen zaituen hori, intuizioa badut gaien aurrean eta munduaren aurrean zerk erakartzen nauen. Lan hori eginda iritsiko naiz finalera, gero ez dakit momentuan nire begiek zer ikusiko duten gaien aurrean edo lainotuta egongo ote den buru txiki hau.

Urteen igaroarekin begiratzeko modua aldatzen, berritzen, gauzei ertz berriak ikusten... ari naiz. Une horretan harrapatzen nau finalak.

Zure buruarekin asko hitz egiten duzu, ezta?

Gehiegi, nire buruak gehiegi hitz egiten dit. Saiatzen naiz isilik egoten, baina barruko zarata horrek ez dit mesederik egiten bakean bizitzeko. Baina nik uste gizaki guztien arazoa dela hori, gu eta gure buruaren arteko elkarrizketa. Betidanik gustatu izan zait hausnar lan hori, gaien aurrean zer ikusi, nola digeritu, ertz gehiago non lituzkeen ikusi...

Bertsoaren bidez bertsolariak badu gizartea nondik hobetu lortzen saiatzeko langintza. Nik horrela sentitzen dut, bertsoa badela herria egiteko, hizkuntza egiteko modu bat. Era berean, bertsoak badu jendeari arratsalde on bat emateko funtzioa ere. Baina nire gorputzean behintzat bertsoak badu gizarteari eta giza harremanei begira mundu justuago bat lortzeko itxaropena. Hortik ere begiratzen diot bertsoari. Kantatzen duzunak zerbaitean lagun dezakeela pentsatzearen ilusioarekin oholtzaratzen naiz ni.

Begira diezaiegun gainontzeko zazpi finalistei.

Nik oso final orekatua ikusten dut eta maila oso ona izan daitekeen zantzu dezente dauzkagu. Bi parte hartzaile berri daude, Josu Sanjurjo eta Saioa Alkaiza, bertsotan oso ondo eginda iristen direnak, biak kolore oso propioarekin. Joanes eta Xabat bertsotan gero eta hobeto ari dira eta maila izugarria dute. Eneko Fernandez finalerdi ederra eginda dator, beti egiten du finalean ondo eta ofizio lagun oso ederra da. Eneko Lazkoz, badakigu bertsotan zertarako gai den. Elkarrekin entrenatu dugu eta maila oso altuan dator, beti bezala. Silveira, berriz elkarrekin oholtzan. Uste dut beldurrak eta herdoilak kenduta iritsiko dela finalera. Litekeena da orain arte egin duen saiorik onena izatea finalekoa. Zortzikote oso polita da bertsotan egiteko. Ea asmatzen dugun.

Faboritoa zara. Horrek pisu handia du?

Badakit nola funtzionatzen duen lehiak, gustatzen zaigu bat seinalatzea eta morboa piztea. Baina susmoa dut bertsogintzan ez duela mesederik egiten, helburua desberdina dela eta faborito eta pronostiko hitzek ez diotela arratsaldeari batere mesederik egiten. Gurea ez dela lau eta erdiko final bat, txapela nork jantzi. Gurea desberdina da. Zerbait handia egiteko gogoa dugu, gure buruan kontzentratzen dihardugu, bakoitzak ilusio bat du, gizarteari ere zerbait aportatzeko gogoz gatoz...

Badakigu txapela nork jantziko duen jolas horrek jendea pizten duela, gu ere erortzen gara batzuetan jolas horretan, baina entzule bezala ere hausnartu beharko genuke horren inguruan eta ahal dela hortik ihes egiten saiatu.

SAIOA ALKAIZA GUALLAR

«Hona iristeko borrokatu behar izan dut, eta badut finala zukutzeko eta gozatzeko emozio berezia»

1991n Iruñean jaioa, 2009an eman zuen Eskolartekotik Txapelketarako pausoa. Finalista berria da.

Azkenean iritsi zara finalera.

Ez da bide erraza izan. Izan ere, 30 urte dauzkat eta 25 urte neuzkanetik beti geratu naiz hortxe-hortxe, hatz puntekin ukituz. Borrokatu behar izan dut hona iristeko eta ez nago txikikerietarako. Gogoz noa eta badut finala zukutzeko eta gozatzeko emozio berezia. Iruditzen zait azkenean iritsi dela eta egindako lanaren ondorio izan dela. Beti esaten da, egia delako, Nafarroako finala besta handia dela eta hori beti harmailetatik baina oso gertutik ikusi izan dut aldi berean eta badut gogoa oholtzatik hori bizitzeko. Finalak balio sinboliko handia du euskalgintzari eta euskararen presentziari dagokionez zonifikatutako herri batean. Horren parte izateko gogoa ere badut.

Euskal Herrikorako sailkatzeko helburua jarri diozu zure buruari?

Momentua bizitzea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin saio ona egitea eta nire buruarekin gustura gelditzea. Gero, aitortuko dut noski baietz, behin hor egonda Euskal Herrikoan sartzeko aukera dagoela eta horregatik ere lehiatu nahi dudala.

Ez dakit presiorik sentitzen duzun.

Ez. Nire buruarekin aski trankil nago. Bai badudala gogoa erakusteko nola egiten dudan bertsotan. Aurreko bi saioetan gustura sentitu naiz iruditu zaidalako egin dudana ongi dagoela, nahiz eta beti den hobegarria. Psikologikoki nire burua kokatzen saiatu naiz. Gauza bat da bertsotan egitea lagunartean edo plaza librean, eta beste gauza bat da bertsotan egitea txapelketan. Orduan, nire lana izan da bisualizatzea nola izanen zen plaza eta aldarte onez joatea, eta batez ere hotz. Plazan bertso txar bat botatzeak ez du inporta, aurrera zoaz eta listo. Txapelketan badakizu puntuatu egiten dela eta horrek zu ere mugatzen zaitu. Nire lana izan da bertsoz bertso aritzea. Horretan tematu naiz asko eta oso kontent nago. Emozionalki fuerte joan naiz eta finalera ere hala joan nahiko nuke. Lehiakor baina sorkuntzari dagokionez ere ea zerbait eskaintzen ahal dudan.

Zer eman dizu Nafarroako emakume bertsolarien artean saretzeak?

Patriarkatua bizitzaren esparru guztietan islatzen den botere sistema den heinean bertsotan ere agertzen da eta oso inportantea da bazterrekoen antolaketa eta erresistentzia ariketa. Eta iruditzen zait Nafarroako emakumeon artean asmatu dugula nolabait saretzen, ertzak eta erdigunea birpentsatzeko. Horrek ekarri ditu proiektu desberdinak, esaterako ‘Gure Aldetara’ disko kolektiboa eta topaketak. Hausnarketa bat dago genero rolen inguruan, botereen, bertsokeren eta baloratua den horren inguruan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak badu bere Batzorde Feminista ere eta birpentsaketa batean bide onean goazela eta beharrezkoa zela uste dut.

Bertsogintzaren maila goiti doa. Txapelketaren zein balantze egiten duzu?

Maila oso ona egon da eta horren adibide da finalerako pasea zein lehiatua egon den. Bada lan bat bertso eskoletan, badago belaunaldien arteko lotura estu bat. Finalean zortzi pertsona ezberdin izanen gara eta denon baturak zerbait polita ematen ahal du.

Txapelketatik harago, zein desio dituzu bertsotan?

Kolektiboki gustatuko litzaidake bertsolaritzak pandemiaren ondotik arnasaldi bat hartzea, eta pertsonalki badakit finala erakusleiho bat dela eta horrek gerora baldin badauka ondorioren bat gustura hartuko nuke. Autogestionatutako plaza askotan egon naiz: badaukagu ekimen bat Iruñean Zortziko Maldiko deitzen dena eta horren bueltan, edo gaztetxeetan, herri mugimenduko saioetan. Ez naiz izan jaialdi askotara joan den bertsolaria, baina beste zirkuitu batzuetan sartzen asmatu dut. Pandemian geldialdi bat izan da eta ea orain zer pasatzen den.

Nola topatu duzu publikoa?

Kultura gosez, ez bakarrik bertsoari dagokionez. Kultura oso zokoratua egon da, ematen zuen ez zela lehentasuna eta iruditzen zait publikoa gogo handiz bueltatu dela. Bada kulturak ematen digun bizipoz hori berreskuratzeko nahia.

XABAT ILLARREGI MARZOL

«Bigarren finalera oinarri batekin eta helburu handixeagoekin noa»

Leitzan jaioa 2001. urtean. Bigarrenez parte hartu du Nafarroako Txapelketan eta bigarrenez iritsi da finalera.

Aurten bigarren finala, lehenengoaren desberdina. Zu ere desberdin?

Bai, finala desberdina izango da eta ni ere oso desberdin nago, eta eskerrak. Bai izaeraz, bai oholtzan egoteko moduaz, baita bertso mailaz ere –bestela tristea litzateke– hobekuntza bat izan dudala uste dut. Eta lehenbiziko finaletik bigarrenera gauzak aldatu egiten dira. Lehenengoan dena da probatzekoa, dena da berria. Orain oinarri batekin noa, eta baita helburu handixeagoekin ere.

Aldaketa hori dena da onerako, edo bidean zerbait galtzen da lehenengo finaletik bigarrenera?

Sentsazio desberdinak dira,ez dakit hobeak edo okerragoak, baina bai desberdinak. Lehenengo finala sorpresa da, dena polita da, dena ederra. Bigarrenean lasaitasuna da gehiago, finalera iristeko presioa gainetik kendu eta lasaitasuna sentitzen dut.

Lasaitasuna diozu, baina presio pixka bat ere bai, ezta? Jendeak dagoeneko ez zaitu ikusten lehenengoz finalera iritsi den bertsolari gazte eta fresko hori bezala.

Bai, jendearen begirada aldatzen da, baita guk gure buruarekiko daukaguna ere. Lehenengoan dena barkatzen da eta gero ez. Baina presio horrek mesede egiten digula uste dut, zure burua estuago hartzera eramaten zaitu eta nik eskertzen dut hori.

Zortzikoteari begira, zer-nolako finala ikusten duzu? Aurten ere badira finalista berriak, hori polita da, ezta?

Polita eta ona da, nire ustez. Kanpora begira ilusio bat sortzen duelako eta horrek jende gaztea ekartzen duelako finalera. Finala bertso mailaz ona izatea espero dut. Nafarroan hobekuntza bat izan da urtez urte eta azken bi urteetan ere aldaketa izan da onerako. Final ona espero dut.

Xilabako finalean ere bi anai-arreba aritu ziren. Amets Arzallusek esan izan du arrebarekin kantatzeak ardura berezia sortzen diola. Antzekoa gertatzen al zaizu?

Gehiago gertatzen zait anaiak kantatzen duenean eta ni kantuan ez nagoenean. Bertso saio batean, eta final batean gehiago, norberak nahiko lan dauka bere buruarekin eta nik badakit Joanesek ongi egingo duela eta kezka gehiago daukat nire buruarekiko harekiko baino. Lasai eta pozik bizi dut egoera hori. Ikusten badut sufritzen ari dela, nik ere sufritu egingo dut, baina badakidanez ez duela sufrituko, gozatu dezagun biok.

Etxean zer giro?

Alde batetik poza egoten da eta bestetik baita presio puntu bat ere. Gurasoak saiatzen dira ez adierazten, baina beti dago presio hori. Baina, tira, batez ere pozik daude etxean.

Pandemia giroko txapelketa da. Geldialdia izan da bertsogintzan ere. Nola hartzen da txapelketa isilune horren ondotik?

Lehendik ere ez genituen saio asko eta guk ez dugu desberdintasun handia nabaritu. Beste batzuek gehiago nabarituko zuten. Baina kanpora begira, sumatzen da, bai, jendeak ilusioz hartu duela txapelketa, behar dituela euforia eta ilusio une horiek, eta uste dut positiboa dela orain txapelketa izatea.

Bateko datuak eta besteko osasun pasaporteak, zalapartatxoa dago azken egunetan. Horrek lanbrotzen al du zuen jarduna?

Beti dago buruan eta gai hori beti dago airean. Baina guk nahiko lan badaukagu gure buruarekin zentratzen, bertsotara jartzen eta beste kezkak ez izaten saiatzen gara.

Finala bukatuta, zer gertatu behar du zure buruarekin kontentu egoteko?

Helburua bertsotan ongi egitea da, ez bakarrik ondo pasatzea, bertsoz bertso ongi egitea eta saio borobil bat osatzea. Horrek ondorioren bat ekartzen baldin badu, gustura hartuko dugu. Bigarren finala izanda, ez dut berriaren hanka sartzerik egin nahi. Eta beste horiek pixka bat estutzen baditugu, hobe.

Beste horiek? Faboritoak? Txapel mordoa daukatenak?

Bai, garbi dago horiek berea egitera joango direla. Nik nirea eman nahi dut, elkarri lagunduz bada hobe, eta ikusiko da zer pasatzen den.

Nola dira finalaren bueltako egunak? Lo gutxikoak?

Loan ez dit eragiten. Final bezperan normalean ondo lo egiten dut, okerrago egiten dut finala eta gero. Nahiko lasai eta ilusioz bizi ditut egun horiek. Normalean bertso eskolako lagunekin elkartzen gara aurreko egunean eta oso une politak izaten dira.

XABIER SILVEIRA ETXEBERRIA

«Bertsotan gutxitan sentitu dut beldurra eta aurten sekulakoa izan da sentsazio hori. Horregatik izan dira nire erorketak hain nabarmenak»

Lesakan jaioa 1976an. Hamaseigarren finala du aurtengoa. Zazpi aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Azkena, 2013an.

Estitxu Arozenak jantziko dio txapela irabazleari. Mugitu egin zaitu hori jakiteak.

Bai, sentsazio arraroak sortu dizkit.

Hunkitu egin zara?

Hunkituko naiz Estitxu Arozenak txapela janzten didanean.

Orduan txapelari begira igoko zara oholtzara?

Ez nator horretara, baina sentsazio arraro horien tartean agertzen ari da txapelarena gertatu daitekeen sentipen hori. Beste alde batetik, bi saio egin ditut orain arte eta ez dut bertsotan egin. Hiru minutuko tandak egin ditut. Azken aukera finala da eta hor izan behar du.

Txapelketako saio horietan erakutsi duzu onena eta txarrena egiteko gai zarela.

Silveira nor den inoiz baino argiago dut, baina bertsotan ikusiko dugun Silveira da zalantza gehiago sortzen dizkidana, nik ere ez dudalako ikusten astean behin edo bitan lehen bezala. Txapelketaren lehen fasetik hainbeste gauza pasatu zaizkidanez, eta gehienak txarrak, beldur eta segurtasun falta handiarekin ateratzen naiz oholtzara. Etengabe galdetzen diot nire buruari ea zein premia dudan hor egoteko.

Sortzeko patxada emozionala falta zaizula sumatzen duzu?

Bai, gertatu zaizkidan gauza txar horiek mugitu egiten nautelako.

Baina sortzen asmatzen duzunean, distiraz egiten duzu.

Bai. Eta uste banu alde hori dagoeneko ez zela existitzen, ez nintzen txapelketara etorriko. Beste alde batetik, gustatuko litzaidake iraunkorragoa izatea alde hori. Sei hilabetean bi orduz argitasun horrekin eta umore onez egotea ez da hainbeste eskatzea. Finalera sartu izana –niretzat obligazio bat zena– gertatu zaidan gauza on bat da eta sentitzen dut dagoeneko hemen nagoela.

Leitzako finalerdian sufritu egin zenuen puntuazioa jakin arte.

Nire burua finaletik kanpo ikusten hasi nintzen eta emaitza eman zuten arteko tarte horretan hori transmititu nuen, uste nuela ez nintzela pasatuko finalera. Hurrengo egunean barkamena eskatu nien epaileei, irudi bailezake nik ere sinisten ez nuen zerbait lortu nuela, finalean egotea.

Oso urduri sumatu zaitugu saioetan.

Bai, Zangotzako saioan inoiz bizi izan ez ditudan hutsarte mentalak izan nituen eta hori berriz gertatuko ote zitzaidan beldurrak paralizatu egin nau. Bertsotan gutxitan sentitu dut beldurra eta aurten sekulakoa izan da sentsazio hori. Horregatik izan dira nire erorketak hain nabarmenak eta gailurrak hain gailurrak.

Oholtzan ez duzu denbora asko pasatzen. Zure ofizioak egin eta martxa egiten duzu oholtzatik.

Orain ez nago ohituta egoten. Berrogei urte pasatu ditut nire bizitzan saiatzen egoten eta orain pertsona aktiboagoa naiz, ezin naiz hor eserita eta geldirik egon. Gainera, beste bertsolariek kantatzen duten bitartean atzean eserita egotearen kontra nago, hainbertze denbora hain agerian egon beharraren kontra.

Inbaditzailea iruditzen zaizu?

Bai. Umetan ere horrela nintzen, oso hurbilekoa ez dena arrotza iruditzen zait. Gero ez zait kostatzen jendearekin harremantzea, baina orain baserrian bakarrik bizi naiz eta kostatu egiten zait hainbeste jenderen artean egotea. Nire beldur eta guzti, nahiago nuke bi ordutan jarraian bertsotan aritu hor atzean eserita egon baino. <

Silveirarik onena pizten asmatzen baduzu, lanak emango dituzu finalean.

Hori da nire itxaropena edo, gehiago, desira. Euskal Herriko Txapelketan abesteko helburuarekin apuntatu nintzen Nafarroakoan. Euskal Herrikora joaten banaiz, zerbaitetara joan nahi dut. Eta orduan zerbait egiteko, dagoeneko orain egin behar dut. Nahiago dut nire bizitzako finala egiten saiatu edo bestela honekin ahaztu.
Euskal Herrikoa Iruñean izango da eta nik nire pelikula propioa egin dut. Txapelketak gozatzen dira ongi egiten direnean, edo irabazi edo hortik hurbil zaudenean. Bestea, ez du inork nahi.