Jonander Agirre Mikelez - @jonanderagirre
Arkitektoa

«Broken Dreams»

Gmür Geschwenter Kyburz arkitekto suitzarren webgunean erreferentzia bila bueltaka nenbilela oso ohikoa ez den atal batekin egin nuen topo. “Broken Dreams” atalean estudioak landutako proiektuen zerrenda luzea agertzen da. Bidean eta garatu gabe geratu diren proiektuak direla deduzitu dut nire alemanaren ezagutza eskasa baliatuz. Zenbat eskertzen den porrotak ere ospatzea.

Aste honetan, ostegunean eskaini dudan hitzaldia prestatzen ibili naiz eta zutabe honi izenburu berdina ipintzea erabaki dut optimizazio logika batek bultzatua. Hitzaldia Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Bilboko egoitzan izan da, arkitekto gazteentzako Peña Ganchegui sarietan aipamen berezia jaso ondoren eskatu ohi dena. Saritu guztiek beren ibilbidea azaltzeko balio izaten du hitzaldiak eta premisa hori hartuta izenburua ezin hobeto datorkio: “Broken Dreams” edo izango ez dena.

Nire lanaren zati garrantzitsu bat paperean gelditu diren proiektuak dira. Horrek ez du esan nahi proiektu utopikoak direnik (guztiak ez behintzat); batzuek arrazoi ekonomiko edo normatiboekin egin dute topo, beste batzuek ez dute kontsentsu politikorik jaso edo politikarien tiraderetan geratu dira momentu egokiaren zain. Asko lehiaketak dira, edo sustatu nahi izan ez diren altzairu edo objektuen prototipoak. Batzuk elkarte edo kolektiboekin bultzatutako prozesuak dira, bukaerarik ez dutenak. Behin edo, bezeroa pikutara bidali behar izan dut. Ordu asko dago sartuta. Horietako batzuk kobratu dira, asko ez.

Hortaz, poztu bai, baina harritu ere egin ninduen lehen aipamen berezia jasotzeak. Nire urtarrileko zutabean aipatzen nuen bezala, badira Euskal Herrian izugarrizko meritua duten arkitektoak eta zaila egiten zaidan bezala bata bestearen aurretik haiek hemen zerrendatzea, arrotza egiten zait ere nire burua inoren gainetik ikustea.

Azkenaldian asko dira arkitekturaren gainbehera azpimarratzen duten ahotsak. Orain dela hilabete eskas Alvaro Sizak eskainitako elkarrizketa batean literalki zioen: «Arkitektura hilzorian dago». Carme Pinosek beste elkarrizketa batean panorama iluna aurkezten zuen, merkatuaren logika neoliberalen ondorioz. Batak eta besteak egoera aurkezteko logika sistemikoetara jotzen dute, kontratazio sistema eta lehiakortasun legeak bezalako logika konkretuak seinalatuz. Ez batak ez besteak ez dute Espainiako Kongresuak urtarrilean onartutako Arkitekturaren Kalitatearen lege proiektu berria aipatzen eta baliteke horrek legeak sortzen duen itxaropen mailaz zerbait esatea.

Sarien balio nagusia ikusezina den lan bat azaleratzeko ahalmena da, baina badute muinean gure gizartean gehiegitan dagoen lehiakortasunaren logika. Peña Ganchegui sarien helburu nagusia Euskal Herrian arkitektura panorama gazte bat sortzea bada, ziurrenik arrakasta handiagoa luke (eta parte-hartze pluralagoa) hierarkia batean oinarrituko ez balitz eta elkarrizketa baterako plataformak sortuko balitu.

Hortaz, ez da kasualitatea berandu ibiltzea nire hitzaldira gonbidatzeko, berez nahiago dudalako ekainaren 10ean egingo den mahai-ingurura gonbidatu eta denon artean honi buelta ematen saiatzea. •