Saud ABU RAMADAN (EFE)
SURFA GAZAN

Gerra eta blokeoa ahazten saiatzeko itsasoratzen dira gazte palestinarrak

Gero eta gazte gehiago dira Gazako hondartzan itsas kirolak egiten saiatzen direnak. Egoera ez da erraza: etengabeko eraso militarrek eta Israelek ezarritako blokeoak asko zailtzen dute materiala lortzea eta kirola lasaitasunez egin ahal izatea. Surfa da indarra hartu duen kiroletako bat, baina arrauna eta bela ere hedatu nahian dabiltza.

Gerra gertu duen herrialde batean aisialdiko aukerak bilatzea ez da batere erraza. Palestinaren kasuan, Israelek ezarritako blokeoa gehitzen badiogu, egoera larriagotu egiten da. Hala ere, itsas kirolak sustatzen saiatzen direnak badira bertan.

Gazako zerrendako gazteak, Israelek 2007tik ezarritako blokeoaren ondorioz mundutik isolatuta, itxialdi sentsazioa baretzen saiatzen dira itsasoko olatuak surfeatuz. Azken urteotan, kirol horrek jarraitzaile andana irabazi ditu zonaldean.

Ohol zaharrekin, gazte palestinarrak ia egunero ateratzen dira surfean aritzera. Hilabete eguzkitsu luzeak eta tenperatura altuak aprobetxatzen dituzte, Mediterraneoko urak entretenitzeko eta aske sentitzeko leku bakanetako bat baitira beraientzat.

Askok surfa egiten dute ordu luzez, goizean goizetik, hondartzara hurbildu eta itsasoaren egoera ikuskatu ostean.

Gero eta gehiago

Duela bost urte, kirol hau ez zen oso ezaguna Gazan. Palestinar gutxi batzuk hasi ziren praktikatzen eta, orain, 40 bat gazte bilakatu dira surfzale. Batzuei etorkizunean profesionalak izatea gustatuko litzaieke, baina salatzen dute Israelen setioa dela-eta –merkataritza eta merkantzien sarrerak mugatzen dituena–, ez dituztela eskura hobetzen lagunduko lieketen tresna edo material guztiak, surf tauletatik hasita.

«Zazpi urte nituenetik aritzen naiz surfean, baina Gazaren blokeoarekin ez dago taularik, Israelek sartzea eragozten baitu», azaldu du Mohamed Abu Ghanem 24 urteko gazteak.

Ghanemek sorosle gisa egiten du lan hondartzan. Ikastaroren bat antolatu nahiko luke, baina blokeoa dela-eta, ezin du. Blokeoa duela hamabost urte hasi zen, Hamas talde islamistak Gazan boterea hartu ondoren.

Lurrez, airez eta itsasoz aplikatzen da setioa Gazan (bi milioi biztanle baino gehiago bizi dira bertan): Israel eta Egiptoko tropek itsas perimetroa inguratzen dute eta itsasontziren batek markatutako lerroak gurutzatzen baditu, tiro egiten dute bi aldiz pentsatu gabe.

Horrek asko murrizten ditu arrantza bezalako lanbideak, Gazako ekonomian tradizioa duen sektore indartsua. Surfa, arrauna, windsurfa, uretako eskia eta halako kirolak garatzeko aukerak ere izugarri murrizten dira.

Profesionalizaziora

Hala ere, badira horiek indartzen saiatzen diren erakundeak, hala nola Palestinako Bela eta Arraun Federazioa. Gazan itsas kirolak maite dituztenak batu nahi ditu, batez ere gazteak, kirol horiek praktikatzeko espazio edo baliabiderik ez dutenak.

Khaldun Abu Salim arduradun nagusiak adierazi duenez, Gazako ur kiroletan ere eragina izaten dute «Israelen erasoek». Hamabost urte baino gutxiagoan, zerrendak lau gerra handi jasan ditu (2008-2009, 2012, 2014 eta 2021), eta urrunago joan gabe eraso militar handia jasan dute abuztu honetan bertan, non gutxienez 49 palestinar hil diren Israelek talde palestinar islamistaren aurka egindako erasoen testuinguruan.

Zentzu horretan, Bela eta Arraun Federazioak «gaitasun falta du, ez dago arraun kirolean aritzen den ontzirik, ez eta klubik edo entrenamendu zentrorik ere», eta horiek oinarrizko elementuak dira kirolari batentzat, Abu Salimek deitoratu duenez.

Baina palestinar honek ez du amore ematen, eta itsas kiroletan «Palestina tokiko mailan eta arabiar munduan ordezkatzeko gai» izango den talde nazional bat sortu nahi du. Oraingoz, Gaza hiriburuko Udalak lokal bat utzi dio federazioari kostaldean, eta laster arraun akademia bat irekiko dute, Palestinako lehena.

Bitartean, baliabiderik ez dagoenez, gazatarrek euren kabuz ikasten dituzte surfaren oinarriak, Mohamed Abu Hasirak bezala. Hamabi urte daramatza surfean, baina entrenatzaile baten falta sumatzen du, bere egoeran daudenei trebatzen laguntzeko.

Zailtasunak zailtasun, ez du itxaropena galtzen eta nazioarteko kirol topaketetan Palestinaren ordezkari izatearekin amesten du, «Palestinako herriak bizitza maite duela erakusteko, munduko beste herriek bezala bizitza normala izan nahi duela adierazteko».

 

«GAZA SURF CLUB», SURFLARI PALESTINARREI BURUZKO DOKUMENTALA

Palestinan itsasoratzen diren surflarien errealitatea ez da oso ezaguna, baina erabat berria ere ez. 2016an, esaterako, Philip Gnadt eta Mickey Yamine zuzendariek “Gaza Surf Club” dokumentala aurkeztu zuten. Filmaren sinopsian surfak errealitate bereziki gogor batetik nolabait ebaditzeko duen boterea nabarmentzen dute: «Gazak 42 kilometroko kostaldea du, itsasontziei zerbitzurik ematen ez dien portu batekin. Ia ezer ez da Gazara sartzen, eta are gutxiago irteten. Hango belaunaldi gaztea oso perspektiba gutxirekin hazten ari da, hutsik eta lanik gabe. Baina testuinguru horretan, mugimendu txiki bat dago. Gure protagonistak Gaza hiriko surf komunitatearen parte dira. 40 surf taula inguru ekarri dira herrialdera azken hamarkadetan, ahalegin handiz eta zigor zorrotzak ezarri arren. Taula horiek askatasun zati txiki bat esperimentatzeko aukera ematen diete, errealitate deprimigarri baten kostaldeko oroigarrien eta israeldarrek kontrolatutako 6 miliako itsas mugaren artean».

Agian horregatik, 2020an “Staf Magazine” aldizkariak egindako elkarrizketa batean, zuzendariek aipatzen zuten Gazako surfak eta surflariek badituztela munduko beste urautsietan oso gutxi ikusten diren zenbait berezitasun. «Matthew Olsenek, dokumentalean agertzen den surflari eta aktibista batek, esan zidan Gazako surfa erabat desberdina dela munduko gainerako herrialdeetakoarekin alderatuta. Gaur egun, surfa oso kirol berekoia da, zure olatua zurea delako eta inor ez delako bidean gurutzatu behar zuk hartu duzunean. Gazan kontrakoa gertatzen da, bakarrik egon baino olatuak elkarrekin hartzea nahiago duten komunitate bateko kide izatea esan nahi duelako. Eskua ematen diote elkarri eta elkarri helduta surfeatzen dute. Mendebaldeko hondartzetan aurkituko ez duzun pentsamolde mota bat da», nabarmentzen zuen Philip Gnadt alemaniarrak.

«Gaza-surflariek komunean duten zerbait da, nolabait, denak daudela itsasoarekin lotuta: arrantzaleak, sorosleak edo biak aldi berean. Ingurune urtarrarekin identifikatzen dira. Hori ironikoa eta arraroa da eskualde hartan, jende askok ez baitaki igeri egiten, eta ausartegitzat jotzen dituzte ur mugituetan olatuak hartzeagatik», gehitzen zuen Mickey Yaminek.

Izan ere, argi dago palestinarren bizitza ezin dela ulertu gerra eta blokeoa kontuan izan gabe, baina egoera zail horri aurre egiteko ihesbideak ere garrantzitsuak dira Gazako gazteentzat. «Sarritan politika eta gatazka belikoak ilundu egiten duen gizarte eta kultura bat erakutsi nahi genuen. Mendebaldean ohituta gaude Gazako albisteek gerrari eta okupazioari buruz hitz egitera, hori baita albisteetan ikusten duguna. Ia ez dakigu nolakoa den bizitza kazetariek beren lana amaitzen dutenean, eta hori islatzen saiatu gara», dio Gnadtek.