Iñigo Errejon eta gizon on-onon mugak
Aitortuko dizuet: Errejonen auziak astindu egin nau. Nola da posible? Nolatan Errejonek, horrenbeste irakurri, entzun eta aipatu izan dudan autoreak? Susmoa dut harridura horrek nire inozentzia baino zertxobait gehiago azalarazten duela.
Hasteko, zergatik nago/gaude hain harrituta? Askoren begitara “gizon ona” zelako («bikotekide ona», Rita Maestreren hitzetan). Berdina zen, anaia (espainola izanik “lehengusua”): ezkertiarra, zuria, normatiboa, hizlari iaioa, intelektualki jantzia… akaso, norberak izan nahiko lukeen hori guztia.
Lelo herritarrak dioen eran, “ona, ona, baino gizona”, ordea. Izan ere, kasu honek beste behin frogatu du patriarkatua ez dela auzi morala, baizik eta politiko eta egiturazkoa. Ona edo txarra izan, drogak hartu edo ez, era bateko edo bestelako diskurtsoa egin, gizon gisa gorpuzten eta munduratzen garen neurrian pribilegiozko botere-posizioaren jabe gara. Horrek, besteak beste, sexu jazarpen eta abusuetarako «potentzialitatea» eskaintzen digu: «Potentzialitatea aukera baldintzetan oinarritzen da. Eta, gizonen arteko isiltasun eta konpromisoaren kultura patriarkalean, aukera hor dago», Lionel S. Delgadok berriki esaten zuen bezala. Aukera hori gauzatu edo ez, hori egiteko aukerak definitzen du gizon posizioa: «Baztertuagatik ere existitzen den aukera bat da, ekintzarako aukerak ematen dizkigun posizio sozial bat». Errejonek, hain zuzen, horixe baliatu du.
Gizon gisa sozializatuak eta haragiztatuak garen neurrian, baina, inor ez dago posizio eta potentzialitate horretatik salbu. Bere burua bere kabuz eraikitzen duen “selfmademanik” ez dagoen bezalaxe, ez dago bere burua bere kabuz deseraikitzen duen gizonik ere. Oier Guillanek “Mr. Señora” liburuan esaten zuen bezala, «gizona naiz / nahiz eta / gizona izan». Halako kasuek ispiluaren aurrean jartzen gaituzte behin eta berriz.
Horrek, noski, ezin gaitu Errejonen (edo beste inoren) praktikak eta auto-zuriketa ontzat jotzera eraman. Subjektibitate toxikoa «patriarkatuak biderkatzen» duela zioen bere testuan, patriarkatua gure gainetik dagoen botere-sistema independente eta orohartzailea bailitzan. Delgadorekin jarraituz, «inertzia maskulino hori hausteko erabakia guztion eskura dago». Kasu honetan, ezkerraren hamaika inertzia hausteko ahaleginean aritu den subjektuak ez zituen zertan inertzia patriarkalak birsortu eta baliatu. Erantzukizuna bere gain hartu behar du.
Alabaina, ekintzok ezin dira ulertu gurekin zerikusirik ez duen “salbuespenezko munstro” batek (gaixo mentala, harrapakaria, adiktoa...) egindako “lakra” bezala ere. Indibiduo edo talde jakin batek gauzatuagatik, hori gauzatzeko aukerak sozialki potentziatzen eta bermatzen dira etengabe: “Zer moduzkoa zagok ganadua?” galdera, irakasle gelan; “gero biolatu egiten dizkiela” aipua, parrandan; “gaur ehizara joan behar diagu” orroa, kuadrilla afarian... eta “gizon (ustez) on” askoren isiltasuna (adibide horiek denak nik neuk isil-isilik entzun eta irentsitakoak dira).
Hori kontuan izanik, erronka ez da soilik ez egitea eta norbere jarrerak deseraikitzea (“ze mutil ooona den Pepito”), baizik eta egiteko aukera sozialak desegitea. Horretarako, nire ustez honakoa da zeregin nagusietakoa: aisialdi espazioetan, elkarte sozialetan edota antolakunde politikoetan “anaien” artean osatzen ditugun gune ez-mistoak pitzatzea.
Azken batean, auzia ez baita norbera pertsona hobea bihurtzea, baizik eta gizonon egiturazko nagusikeria patriarkala iraultzea, norberarengandik hasita. Indibiduo eta kolektibo gisa badugu zer egina.•