Txinako Gobernuak hainbat politika jarri ditu martxan jaiotza tasa igotzeko
Munduko potentzia handienak aldatzen ari dira, eta horien atarian dago Txina ere. Gobernuak larritasunez begiratzen dio «krisi demografiko» izendatutakoari, eta, 2026. urtean sartzearekin batera, neurri berriak jarri ditu abian. Batetik, haur eskoletako prezioak mugatu dituzte, eta, bestetik, antisorgailuak zergapetu.

«Krisi demografikoa», horrela izendatu dute Txinan «haur bakarraren politika» martxan jarri eta 45 urtera bizitzen ari diren fenomenoa. Ertz asko izan ditzake ordea gaiak: atzeko beldurra ez ote munduko ekonomia handienetarikoa duen herrialdea itotzea? Kontuak kontu, Pekineko Gobernua martxan jarri da bi kezka nagusi ardatz hartuta: biztanleriaren zahartzea -hiru urtez jarraian biztanleriak behera egin duen testuinguruan- eta ezkontzen beherakada.
Gaur egungo testuingurura jo aurretik, Txinak 1980an hartutako politikei erreparatu behar zaie, orduan jarri baitzuen abian «ume bakarraren politika». Adituen esanetan, baina, Gobernuak ez zuen kontuan hartu zein ondorio humano izan zitzakeen, eta demografia «zerbait mekaniko» gisa landu zuten. Ume bat baino gehiago izaten zituztenek isunak ordaindu behar zituzten, horrela lortu zuten jaiotzak kolpez geratzea, baina bestalde, ume asko izan ziren abandonatuak, batez ere, neskak. Aldaketak ere egin zizkioten legeari: 2013an bigarren umea izatea onartu zuten gurasoetako bat seme/alaba bakarra bazen. 2016an bi ume izatea baimendu zuten eta 2023an hiru umetara igo zuten hori.
Hala ere, herritarrek ez zuten gogo handiz hartu hirugarren umea baimentzearen erabakia. Izan ere, inoizko esperimentu sozial handienetarikoa izan zen legeak, aldaketa kulturalak ekarri zituen. Haurrak ez izateko arrazoien artean bi omen dira nagusienak: haurrak hezteak sortutako kostu ekonomikoa eta norberaren ibilbide profesionalari uko egin behar izatea. Beste alde batetik, ordea, herrialdeko langile askoren lan baldintzek ere eragiten dutela azaltzen dute hainbat adituk: «‘996’ izeneko marko kulturala gailentzen da Txinan, hau da, 09.00etatik 21.00etara astean sei egunez lan egitea».
Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko irakaslea da Pan Wang, Australian, eta haur bakarraren politikak Txinan eragindako aldaketa kulturalean jartzen du arreta: «Ume bakarraren politikak familiaren formak eta bizimoduak berrantolatu zituen; izan ere, jende asko, batez ere haur bakar baten belaunaldia, ohitu egin zen, eta nahiago ditu familia txikiak».

“DINK” terminoa biralizatu da sare sozialetan; ingelesetik eratorritako akronimo batetik dator, “Dual Income, No Kids” (hau da, “bi diru sarrera, haurrik ez”). Eta sare sozialetan lan egiten duen Gracek herritarren gehiengoak haurrik ez izatea ez duela begi onez ikusten aitortzen du: «Nik publikoki esango banu DINK bat naizela eta bizitza eroso bat daramadala, jende asko haserretuko litzateke».
Datuek larritu egin dituzte politikariak, ordea. Nazio Batuetako hainbat adituk egindako aurreikuspenaren arabera, egun Txinak dituen 1.400 milioi biztanleetatik, 800 milioi izatera igaroko dira 2100. urtean. 2024an, esaterako, 9,54 milioi jaiotza baino gutxiago izan ziren herrialdean, eta 2016an bikoitza izan ziren, 18 milioi pasatxo.
HAUR ESKOLETAN BEHERAPENAK
Pasa den uztailean hasi zen Pekineko Gobernua hainbat neurri hartzen haurren jaiotzak gora egin dezan. Umeak hiru urte bete arte urtero 500 dolar ematen hastea izan zen lehena, eta urte berrian sartzearekin batera neurri berriak hartu dituzte; esanguratsuenak haur eskolen prezio aldaketa eta antisorgailuak zergapetzea.
2026an sartzearekin batera, Txinak haur eskoletako prezioak berrikusteko neurriak indarrean jarri ditu. Izan ere, azken urteetan behin eta berriro adierazi da haur hezkuntzaren kostua dela bikote gazte askori seme-alabak izatea galarazten dion faktore nagusietako bat, eta agintariek azpimarratu dute beharrezkoa dela jaiotza tasak gora egitea.
Egoeraren «berrikuspen integrala» egingo duela aurreratu du Gobernuak, eskola aurreko «hezkuntzaren kostuak murrizteko» eta «jaiotza tasaren babesa indartzeko». Helburu argia dute agintariek: «Eskolaurreko hezkuntzaren garapen segurua, inklusiboa eta kalitatezkoa sustatzea, eta familientzako zaintza eta hezkuntza kostuak modu eraginkorrean murriztea».
Agintariek jakitera eman dutenez, haur eskola publikoak eta interes publikokotzat jotako irabazi-asmorik gabeko eskola pribatuak, Gobernuak bideratutako prezioen mende egongo dira tasa nagusiei dagokienez. Irabazi-asmoa duten zentro pribatuek, berriz, merkatuaren arabera finkatu ahal izango dituzte tarifak, betiere Gobernuko hezkuntza arduradunek gainbegiratuta. Horri lotuta, tokiko administrazioek hori horrela dela bermatzeko mekanismoak jarri beharko dituzte martxan.
Bestalde, beste plan bat ere aurkeztu dute. Kasu honetan, erditzea ia doakoa izan dadin hartu nahi dituzte neurriak, amatasun-aseguru nazionalaren barruan kokatuz erditzeak eragindako kostuak.
ANTISORGAILUAK
Hartutako beste neurrietako bat medikamentuak eta antisorgailuak zergapetzearena da. Antisorgailuen kasuan, 30 urte baino gehiagoz egon da indarrean salbuespen fiskal hori jaiotza tasa sustatzeko, baina krisi demografikoa dela eta berriro martxan jartzea erabaki dute agintariek. Erreformak, balio erantziaren gaineko zerga lege berria ere aintzat hartzen duena, preserbatiboak, pilula antikontzeptiboak, umetoki barneko gailuak eta ugalketa kontrolatzeko beste metodo batzuk barnebiltzen ditu, %13ko tasarekin zergapetuko direnak Yicai atari ekonomikoaren arabera.
Iraganeko zerga salbuespenaren helburua oinarrizko antisorgailuetarako sarbidea bermatzea zen. Aldiz, Txinako Gobernuaren esanetan, herrialdearen beharrak aldatu egin dira egun, eta «jaiotzen aldeko gizarte bat» eraikitzeko planaren barruan kokatu dute aldaketa hau ere.

Ezkontzen beherakada ere bada Txinako politikarien kezka. 2024an 6,1 milioi bikote ezkondu ziren, 1980tik kopuru baxuena, eta, 2023ko datuekin alderatuta, %20,5 egin dute behera ezkontzek. Horren aurrean ere, asmatu dute zer egin: gobernu lokalak «ezkontza kolektiboak» egiten hasi dira, eta pasa den maiatzetik bikoteak herrialdeko edozein herritan ezkon daitezke -lehen jaioterrian soilik-. Are, funtzionarioak prest agertu dira ezkontzak oporleku turistikoetan, diskoteketan edota musika festibaletan egiteko.
Adituek uste dute dirulaguntzek ezingo dutela arazo ekonomiko eta kultural bilakatutako auzia konpondu. He Yafu demografian adituak esan du laguntzek balioko dutela «antsietatea gutxitzeko», baina ez dela nahikoa izango. Arazoa egiturazkoa dela uste du: «Ugaltzeko adinean dauden emakumeen kopurua murrizten ari da, eta horien ‘ugalkortasun-asmoak’ ahulak dira oraindik. Joera hori iraultzeak txekeak baino zerbait gehiago eskatzen du; psikologia nazionala aldatzea eskatzen du, legeek egin ezin dutena».
«Ume bakarraren politika» hainbat emakumerentzat beren funtzio erreproduktibotik askatzeko bidea ere izan omen zen, eta, aitortzen dutenez, horrela garatu ahal izan dituzte beren ibilbide profesionalak. Baina orain, Gobernuaren iritzi aldaketa dela eta, duela hainbat urte abiatutako bideari jarraitzea ez dute begi onez ikusten.
Txina ikasten ari da demografia, bere fabrikak ez bezala, etengailu batekin ezin dela piztu eta itzali.
