Xabier Bañuelos
Ibaian erabateko bizitza dago.
Ibaian erabateko bizitza dago.

Mekong-en deltatik Angkor-era: ibaia bide bihurtzen denean

Kanbodiako Siem Reap hiria da Angkor-eko tenpluetaranzko atea. Vietnamgo mugarainoko tartea egiteko erarik onena ibaian barrena sartzea da. Lehenik Mekong enblematikoak eta, ondoren, Tonle Sap ezezagunagoak abenturan murgilduko gaituzte, non bizitza ura den.

Ura eta bizitza sinonimoak dira Mekong-en deltan. Ez dira hitz hutsak; ez da poetikoki adierazi nahia gizakiok urarekiko dugun mendekotasun fisiologikoa; ez da semantikarekin jolastu nahia elementu banaezinak besarkatzeko; hori baino gehiago da; hain zuzen, munduko bazter honetan ura eta bizitza, bizitza eta ura, gauza bera direla. Badira horrelako leku gehiago munduan, baina Asiako hegoekialdeko eremu honetan sinbiosi hori perfektua da.

Indotxinako mutur hegoaldekoenean, non Mekong handia ibaiadarretan sakabanatzen den, arre koloreko urak agertzen dira, ez berderik, ez urdinik eta ez jenderik ez dagoen amaraun anarkiko baten itxura hartuz. Beti nabigatzen, uharteen artetik, zingiren ertzetikedo korronte zabalak zeharkatzen, kareletik atrakaleku rustikoetara jauzi eginez, oinak zoru ezegonkorra duen lur zehaztugabe honetan jartzeko edo haize bolada batek bota ditzakeen zubietatik igarotzeko.

Mekong ibaia

Paduren triangelu honetan hasiko dugu bidaia, arrozez, frutez, kanaberadiz, hegaztiz, arrainez eta uholdez beteriko lurralde honetan. Zeren sinpatia, kolore, zapore, aroma eta sentsazio bizi-bizien jario honetan, ura bidea ere bada. Bide luzea; hegoalderantz eginda Txinako Hegoaldeko Itsasoan amaitzen da, garai batean oihan trinkoak izandakoetan barneratu ostean, eta iparralderantz eginda, sigi-sagaka, hainbat herrialdetan barrena jarraitzen du. Bide emankorra da, ugalkortasun umelekoa, euriteen erritmoan gainezka egin, eta agertzen eta desagertzen diren lursailen zabalgune izugarria ureztatzen eta ernaltzen duena.

Ozeanotik urrun jaiotzen da, tibetar Himalaian, gure abiapuntutik 4.800 kilometrora. Izan ere, gure bidaia ibaiaren ibilbidearen alderantzizkoa da, ibaian gorako 250 kilometroko tartea; hau da, marra labur bat Vinh Long eta Phnom Penh arteko mapan.

Vinh Long-en interesgarriena bertako merkatua da. Koloretsua eta harrigarria da, Vietnamen ohikoa den bezala; egunerokoa eta familia girokoa da, kapela konikoz eta ziklomotorrez betea, eta Mendebaldeko bisitari gutxi izan ohi ditu. Mangostan, pitahaya, longan,jaka eta ranbutan fruten saltzaileak irribarre egiten dute gure begirada kuxkuxeroa ikusita. Arrain-saltzaileak ur gaineko etxeen azpian hazitako arrainak, hots, siluruak, karpak eta panga handiak, erdibitzen dihardute. Kokoriko jarrita, beren bizilagunek oraindik bizirik dauden igelak larrutzen dituzte, horiek baldera alferrik jauzi egin nahian dabiltzala. Eta ez da falta ere, irribarrea ahoan, bere suge sorta ikustera gonbidatzen gaituen norbait.

Hiria Co Chien ibaiaren ertzean dago, baina Mekongen uretatik oso gertu. Mekong-en cuu long-etako bat da Co Chien ibaia; alegia, «bederatzi herensuge»-etako bat. Hala deitzen diete bere deltan biltzen diren ibaiadarrei. Ontzi bat hartu dugu, An Binh eta Binh Hoa Phuoc uharteetako kanal nahas-mahasean galtzeko. Horietako batzuk oso-oso estuak dira. Ura eta landaredia oparoa nahasi egiten dira, eta tarteka egurrezko zubi altu eta hauskorrak agertzen dira.

Lehorrera begiratuta, bide estuetan oinezkoak zein salgaiak daramatzaten bizikletak ikusten ditugu, elkarri oztopo egin gabe orekari eusten. Familiak egurrezko etxeetan bizi dira; horiek, aldi berean, arrain saltokiak, fruta etxaldeak edo tailerrak izan daitezke, arroz-papera, ezti gustuko arroz-krispetak eta keo dua kokozko goxoki ezagunak artisau eran ekoizten dituzten tailerrak.

Iparraldeko ibaiertzera heldu gara; orain bai, Mekong-ek harrera egin digu. Ibaia suminduta jaisten da Khone Phapheng-eko ur jauzietaraino, Kanbodia eta Laos arteko mugaraino, eta ondoren bere urak baretu eta otzan eta gozo iristen dira deltako lautadetara.

Hala ere, indartsu doa. Cai Be-ra iritsi arte zeharkatu dugu. Lekuz kanpo dirudien herentzia frantseseko eliza katoliko bat nabarmentzen da palafitoz beteriko ibaiertz honetan. Gabarren, txalupen eta arraun ontzien joan-etorria etengabea da; izan ere, bertako ur gaineko merkatua eremu honetako garrantzitsuenetako bat da, hegoalderago dagoen Can Tho-koarekin batera. Jarduera eta kolore dantza ederra, dena erosi eta saltzen da hemen... ur gainean kulunkan. Maioristak eta minoristak, guztiak saiatzen dira prezio onenak lortzen, ontzitik ontzira negoziatuz.

Ontzia hartu dugu berriz iparralderago, Kanbodiako mugetan, Sam mendi azpian. 130 kilometro baino ez zaizkigu falta gure jomugara iristeko, Phnom Penhera. Baina korrontearen kontra joanda, txalupaz sei ordu dira. Beste ibai batek hartuko gaitu berriro, Bassac-ek. Chau Doc hiria bustitzen du; hor hartuko dugu ontzia. Chua Xu tenpluko eta Tay An pagodako arbasoei babesa eskatu diegu eta Kenh Xang kanalean barneratu eta Mekong-era itzuli gara, orain etorbide internazional bihurtua.

Ontzian aurrera egin eta Vietnamgo muga-postuan gelditu gara. Moila txiki baten gainean dagoen eraikin eskas bat da; itxarongelan baditu jarlekuak, aire egokitua, komunak, eta edari eta jaki zenbait. Gestioak amaitu ostean, ontzira igo eta kanbodiar muga-postura abiatu gara. Khmer-en herrialdean pasaporteko azken zigilua jarri ostean, ez dugu ibaia utziko amaierara iritsi arte. Ibilbidea benetan ederra da eta horretaz gozatzea merezi du ferry zerbitzua ematen digun txaluparen gainalde edo teilatutik.

Ibaian gora edo behera doazen hainbat motatako ontziekin gurutzatzen gara, baita sareak zabaltzen edo jasotzen ari diren arrantzaleekin. Tarteka ertzak palafitoz beteta daude eta tarteka arroz sailak agertzen dira. Zeruertz hurbilean pagodak ere agertzen dira eta muga igarotzean erabat aldatzen da horien estiloa, txinatar eragineko mahayanatik therevada urre kolorera. Uretako uharteak ia desagertuak dira, gainezka doan ibaiak urpetuta, eta ondorioz nekazarien etxetxoek ere irlatxoak dirudite. Ubarroi eta pelikanoek lagunduta, Phnom Penh-era iritsi eta Sisiwath kaian lehorreratu gara.

Tonle Sap

Kanbodiako hiriburura beste ibai bat iristen da, Mekong-en hiltzeko. Tonle Sap izenekoa da, aurrerantzean ibiliko duguna. Ipar-mendebaldera 300 kilometro eginda Siem Reap hiria dago, txalupaz joanda egun batera.

Uretara itzuli gara. Gauza bitxi bat gertatzen da, korrontea alderantzizko noranzkoan doa; beherantz joan behar luke baina bere iturrira bueltan doa. Urtaro euritsuan gaude. Mekong-ak hainbeste ur darama, ezen bere ibaiadarrari kontra egin eta bere bidean sartzen baita, oztopo eginez eta ibaia Tonle Sap aintzirara itzularaziz. Ibaia gainezka dago, eta aintzirak, urtaro lehorrean 2.590 kilometro karratu izanik, hamar bider handitzen du bere bolumena garai honetan, konti-nente barruan itsaso bat sortuz. Azarotik aurrera, urak txikitu eta uzta berrietarako prest utziko dute zoru lohitsu emankorra.

Baina une honetan, lurra ez da inondik ageri. Palafitoak eta baltsak barra-barra daude, 170 herritan banatuta. Etxeak, dendak, eskolak, elizak, pagodak, gasolindegiak, kontsultategiak, azokak... dena dabil kulunkan aintziraren gainalde urtsu eta bihurrian. Biztanleen gehiengoa vietnamdarra da. Eguneroko gauzetan ari dira, txalupa edo saski-txalupa biribilduetan. Bitartean, neskato eta mutikoak uretan murgiltzen dira eskuetan sugexkak dituztela (eta lepoan kiribilduta pitoi ez hain txikiak ere bai), argazki baten truke turistei dolarren batzuk atera nahian. Arrain haztegiak ez dira falta, baita krokodiloenak ere. Kompong Phluk, Kampong Khleang, Chongh Kneas... dira herrietako batzuk. Horietako ur-kaleetan gabiltza, jendea beste egun bati aurre egiten ahalegintzen den bitartean. Chongh Kneas-era iritsi da, hain justu, gure txalupa eta bertan lehorreratu gara, Angkor-eko tenpluetan barneratzeko.

Urari esker naturak loratzen jarraituko du, baldin eta kutsadurak, urtegiek eta gehiegizko arrantzak eta deforestazioak Tonle Sap, Mekong eta Bassac ibaiak itotzen ez baditu. Eta bere tantak jarraitu ahal izango ditugu, aduana dantzariak zeharkatzen, arrantzaleen erritmo geldoan nabigatzen eta Kotxintxina zaharraren bihotz urtsuan bizitzari begiratzen.