Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos
Livingstone doktoreak 1855eko azaroaren 16an zurien munduarentzat aurkitu zuenetik, Victoriako ur-jauzien argazkia bihurtu da Afrika basatiko postalik ederrenetakoa.
Livingstone doktoreak 1855ean zurien munduarentzat aurkitu zuenetik, Victoriako ur-jauzien argazkia bihurtu da Afrika basatiko postalik ederrenetakoa.

Victoria ur-jauziak, ikuskizuna Zambezin

Victoria ur-jauzian, izadiak gainezka egiten du, amildegiaren ertzetik ezerezera. Hango erorketa burrunbatsua, hango ostadar jostariak, hango ur-laster bihurria, hango ur tanta lainoztatuak hodeitza harroa osatuz eta zerurantz goratuz...

Urak Lurrean eskaintzen duen ikuskizun harrigarrienetako bat gertatzen da Victoria ur-jauzietan. Ibai bat da, jauzika, ausardia eta edertasun erakustaldi betean.

Beste ibaiertzean hiru lagun antzeman ditugu, oinez doazela. Agerpen moduko bat lanbro artean. Gure parean jaiki den hodeitzan, ur tanta ñimiñoak badirudi dantzan ari direla zirimolaka, grabitateari iseka egin eta bultzada ero batek hauspotuta goratuz, azkenean ostadar biribilbiribiletan desagerraraziko dituen jaiduran. Bitxia da, zerua hain argi eta urdin ikusita eta eguzkia hain distiratsu eta errukigabe, mamuak baitirudite lekuz kanpoko lanbroan barrena azaleratzen.

Hiru lagun dira, oinez, ezinezko leku batean, oinak ur-laster adoretsu baten gainean dituztela, zeina gerturatuz doan amildegirantz, bere buruaz beste egitekotan bezala, durundika ehunka metroko jauzian erortzeko. Oinez doaz, baina flotatzen dirudi. Burugabe samar gerturatu dira han ez den, ikusten ez den, itxuraz urezkoa baino ez den bidexka baten ertzera. Une horretan burura datorkiguna da norbere bizia jokoan jartzea dela apeta txolin bati men egitearren ausarkeria zentzugabean... Amildegiaren ertz-ertzean gelditu dira, inguruan duten gauza bakarra dira urezko oihal horiek amaigabeki erortzen arrakalaren sakonean talka eginda birrindu bitartean. 


Postal izugarria Afrika basatian

Eta handixek, jauzi egin dute. Gure ikuspegitik suizidio poetiko bat dirudi, itzulerarik gabeko bidea hartu nahi izatea Afrika basatiko postalik izugarri eta ederrenean. Baina ez da hori, ez, ez dute beren buruaz beste egin nahi, baizik eta beren buruari aukera eman bizitzari distira ateratzeko, beharbada, modu nahiko sinesgaitz eta xelebrean, baina, zalantzarik gabe, indar biziz: hau da, ezerezaren gainean esekita bezala dagoen putzu batera jauzi egin dute, eta ur narotuak hartu ditu bere altzoan.



Deabruaren Igerilekua da, ingelesez Devil’s Pool, beharbada inon denik eta uraska natural zorabiagarri eta txoroena. Berez, ibaiak ur askorik ez dakarrenean –maiatzaren eta urriaren artean izan ohi da– leku batzuetan ez du sakonera handirik izaten, eta oinez igarotzea ahalbidetzen du, ur-lasterraren indarra ere nahikotxo baretu ohi baita, eta ez du berarekin herrestan eramaten bere ur azala oinekin urratzen ausartzen dena. Hori dela-eta, amildegiaren ertzera hurreratzeko aukera dago, betiere, zuhurtziaz, begiratoki paregabe horretatik miresteko nola desagertzen diren bat-batean norbere oinen azpian bai ibaia eta bai lurra.

Erabat harrigarria eta susmagaitza da Zambezik eta Victoria ur-jauziek gisa horretako jolas baterako leihoa zabaltzea, beren zifrak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lurrean irekitako zauria Livingstone doktoreak 1855eko azaroaren 16an zurien munduarentzat aurkitu zituenetik, Victoria ur-jauziekin liluratuta geratu da bertan egoteko aukera izanduen oro; are gehiago, kontinente beltzera bidaiatzearekin amets egin duen oro. Ez da gutxiagorako. Esploratzaile eskoziar entzutetsuak emandako izenarekin ezagutzen dugu guk, izen bereko erregina britainiarraren omenez jarria, baina, egia esan, inperioak inperio, ez dago haren garrantzia ur-jauzion handitasunarekin parekatzerik. Eta berezko izenak, ordea, kololo hizkuntzatik datorkionak, askoz hobeto erakusten du zer aurkituko dugun bertaratzean: Mosi oa Tunya, «burrunba egiten duen kea».

Sumendi haserretu baten antzera

Ur emari handieneko sasoian, ibaiak erortzean eta beheko haitzak hain bortitz kolpekatzean egiten duen burrundara benetan gorgarria da; talka amorratu eta zoro horretan, ura ia ezereztu egiten da hodei handi bat eratuz, eta hormatzarretan gora jalgitzen da 800 metrotaraino, halako moldez, ezen badirudien, urrutitik begiratuta, sumendi haserretu bat dela oihanaren erdian, amiltzen ari den ibai bat izan beharrean.



Zambezi ibaiaren iturburua Zambiaren eta Kongoko Errepublika Demokratikoaren arteko mugan dago. Hego-ekialdeko Afrikako lurrak igarotzen ditu 2.574 kilometroko ibilbidean S handi bat marraztuz, Mozambiken itsasoratu arte, Indiako Ozeanora isuriz bere urak. Zambia eta Zimbabwe arteko mugan, Victoria ur-jauzia da tupustean ibaiaren goiko ibilguaren eta erdiko ibilguaren arteko banaketa naturala. Izan ere, goi-lautada basaltiko zabal batean ibilbide patxadatsua egin ostean, bertan ertz batetik bestera ia-ia 2 kilometroko zabalera hartzeraino nasaituz, berehalako etena dator, erabat ezohikoa, egundokoa, harrigarria, azalpen geologikoa entzun ondoren ulertzen erraza dena, baina paisaiak-begiratuzale arruntarentzat erabat paregabea.

Badirudi lurrazala aizto erraldoi batek ebaki duela, basakeriaz barneratuz bere aho zehatz, zorrotz eta irmoa. Zauri estu eta sakona da, 1.700 metro luze, eta ilaran sortzen den jauzi sorta ugaria bi herrialderen artean banatzen da, bost multzotan: Deabruaren ur-jauzia, Ur-jauzi Handiak, Ferra itxurako ur-jauziak, Ostadarraren ur-jauziak eta Ekialdeko ur-jauziak; den-denak fronte berean lerrokatuta.

Ura goitik behera erortzen da zurrun, tarteko jauzirik gabe, ia-ia erorketa bertikal garbian, dozenaka zaldi basatiren zurda liso eta zilarkarak batu balira bezala. Behean gogor jo ondoren, zulogunearen amaieran zirimolatu, eta irrika biziz saiatzen da 100 metro eskas dituen aho estutik ateratzen. Behin aske, kanaletik sigi-sagan jotzen du beherantz, haitzean gogotik zizelkatuz bihurguneak, zintzur bat bestearen atzetik osatuz doan arroilan. Lehen bihurgunearen gainean, hain zuzen, Zambiako Livingston ibaiertza eta Zimbabweko Vic Falls lotuz, 1905ean altxatutako burdinazko zubia dago, 198 metroko luzerako arku parabolikoa duen egitura dotorea, oso ezaguna bungee dumping edo zubi-jauziaren zaleen artean, Zambezi ibaiko apar aztoratuen gainean 100 metroko jauzia egiten baita.


Ikuspegi askotarikoak



Koadroaren konposizioa benetan zoragarria da, eta behinik behin bost ikuspegi desberdinetatik begiratu behar zaio. Aurrenekoari buruz hitz egin dugu jada, Deabruaren Igerilekuaren ingurua, hain zuzen; Zambiatik iristen da hara. Ur-jauzien parean hiru ibilbide daude. Zambiakoa laburra baina amorratua da, bertan ur-jauziek magia berezi batez egiten dute borborka, xingola koloretsuen arragoa bihurtuz, bikoiztuta, hirukoiztuta, biribilduta... eta ilargi bete eta eskuzabaleko gauetan, ilargi ostadarrak eratzen dira, izarren pean.

Zambiatik, halaber, arroilaren hondora jaisteko aukera dago, eta han, begirada behetik gora jasoz, hormatzarrak kontrapikatu perpendikular ezin ederragoan ikusiko ditugu, nahiz eta era berean itogarria ere baden, gure buru gainean ez baitugu izango zerrenda urdin mehar-mehar bat baino zeruertzean.

Zimbabwetik abiatzen den ibilbidea luzeagoa da, eta atseginagoa ere bai, aukera ematen baitu ur-jauzien aurrealdearen zati handiena begiztatzeko, iturrien salmodia amaigabea dirudiena, naturak sortutako lan eskergaren benetako tamainaz jabetzeko moduan. Victoria ur-jauziak bi aldeetatik ikusi beharrekoak dira; bi mugak hartzen ez dituen bisita ez da ganorazko bisita izango. Eta hori dena biribiltzeko, azkenik bada beste ikuspegi bat ere, airekoa, helikopteroz, hegazkin ultra-arinean edo biplanoan hegaldatuz.
 Horrexek baitakar testuinguru osoaren enkoadraketa, mirariaren ulermen ia onirikoa, ohartzea hor badela ibai handi bat kontinentearen lurrazala miazkatzen duena, harik eta kontraste ulergaitzen estasi betean lurrak berak irensten duen arte.


Ibaia gisa horretan sabanaren erdian amiltzeak baldintza aproposak sortzen ditu mikroklima berezia eratzeko; hau da, baso hezea deritzona. Bi ekosistemetako landare eta abere espezieak nahasten dira, planetaren txoko hau bioaniztasun handiko leku bihurtzeraino.

Bi parke nazional

Bi parke nazionalen babespean dago inguru osoa, herrialdeko bana: Zambiako Mosi oa Tunya parke nazionala eta Zimbabweko Victoria Falls parke nazionala. Esate baterako, han hedatzen dira palmondo, miombo, ebano eta mahogany baso oparoak, eta bizimodu basatian ikus ditzakegu hainbat piztia, hala nola krokodiloak, arrano beltza (Aquila verreauxii), hipopotamoak, jirafak, elefanteak, zerkopitekoak, belatzak (Falco fasciinucha), babuinoak, errinozero zuria, zebrak, antilopeak (Hippotragus equinus eta Hippotragus niger), fakokeroak. Babes eremu biak Kavango-Zambezi nazioarteko kontserbazio eremuan sartzen dira; hau da, Angola, Botswana, Namibia, Zambia eta Zimbabwe herrialdeen lurrak hartzen dituen eremu zabala, estatu espainolaren erdiaren pareko azalera duena.



Beharbada, gure bidaiaren abiapuntua hiri horretako Livingston museoa izan da. Bertan ikusgai dago eskualdeko talde etnolinguistikoen arte, usadio eta ohituren bilduma polita, baita misiolari eta abenturazale eskoziarraren bizitza eta lanari eskainitako areto bat ere. Hortaz, abiapuntutzat hori izan badugu, amaiera emateko aukera onena izan daiteke Victoria Falls hotel xarmagarrira jotzea, eta ehun urtetik gorako estilo kolonialeko hotel horretako terrazan tea hartzea, bertako lorategien berdetasunean, Mosa oa Tunyako hodeitza agorrezin hori  jaikitzen dela ikuspegi ororen ihespuntu gisa.