Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevista
Miren Gaztañaga
Miren Gaztañaga. (Jon URBE | FOKU)
Miren Gaztañaga. (Jon URBE | FOKU)

«Sorkuntza nire barruko altxorra da, ni naizena, inork kenduko ez didana»

Energia positiboa transmititzen du Miren Gaztañagak (Irun, 1979), aurrera egiteko kemena. Alaitasuna darie bere begiei. Biziak dira, bera bezala. Bizitasunak hausnarketari egiten dio lekua gure galderak entzutean, nabari zaio ur geldietan igerian egitea ere gustukoa duela.

Sorkuntzari emana bizi da. «Sortu, hausnartu, gozatu eta haratago joan», horixe bere grina. Antzerkitik zein telebistatik aurpegi ezaguna da berea. Eszena gainean aurkitu du besteak beste bere lekua, bere ahotsa.

Antzerkiola Imaginarioan ekin zion agertoki gaineko bere ibilbideari. ‘8 olivetti poetikoak’, ‘Mundupolski: Erreboltaren ziaboga’, ‘Yuri Sam’, ‘Ezekiel’ eta ‘Babiloniako loreak’ lanetan parte hartu zuen. Tanttaka, Khea Ziater, Dejabu Panpin Laborategia-Artedrama-Le Petit Theatre de Pain, Hika Teatroa… konpainia desberdinekin lan egindakoa da. Azken urteotan Arriaga antzokiko ekoizpenetan dabil.

Proiektu pertsonalak ere garatu ditu agertoki gainean, ‘Heriotza bikoitza’ sorkuntza kolektiboan oinarritu zen lana eta ‘Stereo’ aipagarrienak. Kamikaz kolektiboko kide ere bada. Azken lan eszenikoa ‘Maitasunaren itxiera’ proiektua izan da, Pascal Ramberten zuzendaritzapean eta Arriaga antzokiak ekoiztuta Eneko Sagardoyrekin batera sortua. Urriaren 1etik aurrera igoko dira berriz eszenara. Galdakao, Getxo, Donostia, Baiona, Gernika, Zornotza, Lezo, Azkoitia, Iruñea... dituzte zain.

Pantaila handian ere ikusi ahal izan dugu. Ikus-entzunezkoen alorrean bere burua trebatzeko gogoz ere badago. Txintxua Films ekoiztetxea Netflix plataformarekin grabatzen ari den ‘Intimidad’ sailean ikus ahal izango dugu laster.

Telebistan ‘Martina’ eta ‘Aitaren etxea’ telesailetan aritu izan zen besteak beste. Azkena, ‘Beti mugan’ telesailean ikus ahal izan dugu berriki.

Zer moduz, zertan zabiltza?

Ondo nabil, lan garai intentsoaren ostean geldialdia egin nuen udan eta ederki gozatu dut. Geldialdia bera lekua egin behar zaion ezinbesteko proiektu bat ere bada beste proiektu guztien artean. Hala ere udak izan ditu lan egun solteak Netflix-erako ‘Intimidad’ sailaren grabaketan parte hartu baitut. Txintxua Films-ek ekoiztua, lau zuzendari ditu, tartean Koldo Almandoz. Itziar Ituño eta Patricia Lopez Arnaiz dira protagonistak besteak beste. Bigarren mailako pertsonaia da nirea, Amaia, Patriciaren (Bego, filmean) laguna. Paper txikia da. Gustura nabil, bertan egoteaz kontent.

ETB1-eko «Beti mugan» sailean ikusi zintugun. Lehen denboraldiak izango al du jarraipenik?

Printzipioz denboraldi bakarra grabatu dugu. Dena den jarraipenerako beta ematen duen amaiera dauka.

Zer nabarmenduko zenuke proiektuaz?

Lantalde osoa. Adibidez Elena Iruretarekin ez nuen sekula lanik egin eta zuzendariak bera egongo zela esan zidanean berehala eman nuen baiezkoa. Badaramatzagu urte batzuk lanean, baina badira guk baino denbora gehiagoz ari direnak eta beraiekin lan egitea beti da plazera.

Gozamena izan zen baita ere beste umore mota bat lantzea ETBn, apur bat azidoagoa dena. Batzuetan gauza naifegiak egiten dira nire gusturako; ‘Beti mugan’-ek bazituen pintzelada makabro batzuk eta hori pertsonalki gustatzen zaidan zerbait da. Oraindik bide luzea dago egiteko euskal telesailetan; beste narratiba batzuk sortu, beste istorio, pertsonaia, testuinguruak, kontatzeko moduak… Ea bide berriak garatzeko apustua egiten duten eta aurreko urtean bezala telesail mota desberdinak (‘Hondar ahoak’, adibidez) garatzeko aukera ematen jarraitzen diguten.

Goazen antzerkira, hain zurea duzun horretara. «Maitasunaren itxiera» lanarekin bira hastera zoazte Eneko Sagardoy eta biok. Proiektu berezia da. Zer moduz joan da orain artekoa?

Izugarria izan da, lan arloan geneukan ametsetako bat zen eta bete ahal izan dugu Eneko Sagardoyk eta biok. Entrega aldetik egin dugun lanik exijenteena zalantzarik gabe. Beti ematen dugu %100 baina proiektu honek entrega infinitua eskatzen du.

Amildegira salto egitea da. Oso biluzik gaude biok eta bata bestearen sostengu bihurtzen gara. Sekulako esperientzia katartikoa da eta aktore bezala formakuntza itzela. Gure artean partekatu izan dugu baduela nolabait artisautza lanetik asko, izan ere, sei hilabete pasa ditugu testua ikasten. Hain azkar doan jendarte honetan denbora eta maitasun handia jarri diogu prozesuari eta poliki-poliki joan gara testua barneratzen. Dedikazioa, pazientzia eta mimo handia eskaini diogu.

Zuen lanari diozuen maitasunaren erakusle da.

Bai, hala da, zalantzarik gabe.

Zein da antzezlanetik zuretzako gorde duzun hausnarketa nagusia?

Aspaldi ikasi nuen harremanetan bukaerak ere leku bat baduela. Ikasketaren une hori ez zen batere gozoa izan, noski. Antzezlan honek ikasketa horrekin konektatzen nau. Gertatzen da, harreman batean oso gustura zaudenean, hainbeste desio duzula amaiera sekula ez iristea eta, batzuetan, bat-batean, denak krak egiten du. Mingarria da oso, baina errauts horietatik hainbestekoa da era berean ateratzen duzun oparia... zure buruarekin aurkitzen zara, aurrez aurre. Ez dira momentu errazak, baina hain dira bizitzaren parte… eta bertatik datorkizun ikasketa erraldoia da.

Antzezlana apurketaren momentua da, sustoarena, eztandarena, lur-jotzearen unea eta norberaren erortze edo deseraikitze pertsonal horretan dauka erresonantzia, baita norberak harremanetan sekretuan sostengatzen dituen gauzetan ere. Ikuslearengan ere horrela gertatzen da, isla potentea da beraientzat. Baina lanean gaudenean testuak berak garamatza, izan ere, oso ondo idatzita dago eta oso potentea da. Plazer handiz transitatzen dugu hainbeste energia eskatzen digun lan hau. Hori bai, batzuetan etxera itzuli eta pertsonaiak dakarrena apur bat astintzea ezinbestekoa da ondo lo egin ahal izateko [barreak].

Antzerkian zein telebistan aritu zara, zineman gutxiago.

Bai, nire kasuan horrela izan da. Nik ofizioa batik bat eszena gainean ikasi dut eta ikasten jarraitzen dut. Izan ere, ikus-entzunezko alorrean lan egiteko aukera dagoenean aprobetxatu beharra dago, zeren ez da askotan gertatzen; ofizioa ikasteko modu bakarra lan egitea denez, datozen aukerak aprobetxatu eta ikasten jarraitu, hori da modua.

Antzerkia hain da nirea, hainbeste ikasi dut bertan, hain da berezko leku bat niretzat… eta, era berean, sekula ezin zarela erlaxatu sentitzen dut, bere arau propioak baititu eta adi egotea eskatzen du, une oro, piztia –antzezlana, pertsonaia– bizirik mantendu beharra baitago. Ikus-entzunezkoa eremu arrotzagoa da niretzat, ari naiz, hala ere, gero eta nireago egiten.

Antzerkian hala nahi izan duzulako ere egingo zenuen lan gehiago.

Zineman lan egiteko ere desiratzen nago! Euskal Herrian gainera oso sortzaile interesgarriak daude, Koldo Almandoz, Moriarti, Txintxua, Maider Oleaga… lan ederrak egiten dira.

Eta antzerkian teloia igotzeko unea...

Pasioak, grinak, beldurrak... egiten dute bat. Une hori da zailenetarikoa, gehiegi pentsatu gabe salto eginez, zure intuizioari, egindako lanari eta daukazun esperientziari kasu egin eta aurrera. Performancearen izpiritua ezin dugu ahaztu taula gainean lan egiten dugunok, egun bakoitza bakarra da, desberdin gaude egunero, momentuan gertatzen denaz eta bizi dugunaz elikatzen gara oholtzan. Hemen eta orain egotera behartzen gaitu, hori da erronka eta zoragarria da.

Publikoaren txaloa izan daiteke emanaldiaren termometroa, baina horren beharrik gabe zuek badakizue saioa ondo joan den ala ez... Nola sortzen da besaulkien eta agertokiaren arteko feedbacka?

Noski badakigula, nahiz eta batzuetan zure pertzepzioa bat izan daitekeen eta ikuslearena beste bat. Unean uneko feedbacka energetikoa da erabat. Eman eta hartu. Antzezleak eman, ikusleak hartu, ikusleak eman, antzezleak hartu. Txaloetan ere nabaritzen da beroa ala hotza, konexioa egon den hala ez. Gaur egun txalotu beti txalotzen da, eta egia esan ondo iruditzen zait, lantaldeak egun ona edo txarra izateaz aparte atzean itzelezko lana baitago.

Emanaldi osteko elkarrizketak datoz gero, kritikak, eta abar. Horrek gure aldetik lanketa bat eskatzen du, inportantea baita iritziak entzuten jakitea, baina baita haiengandik babestea ere. Ezinbestean bilatzen dugu gehienetan bestearen onarpena; iparra ez galtzea garrantzitsua da aurrean duzun horren iritzietan eta norberak onartua izatearen behar horretan ez galtzeko. Ez dugu beti bestearen begiradaren adulazioa ala onarpena jasoko, bizitzan bezala da, eta eskerrak! Autonomia hori garatzea ezinbestekoa iruditzen zait. Benetako termometroa barruan dauka norberak, kanpokoa jasotzea ondo dago, baina gero zurera itzuli –norberaren helburuak, hausnarketak, zure kriterio propioa, gauzatu nahi dituzun proposamen artistiko desberdinak…– eta esperientziaren narrazio koherente bat sortu, lana egiten jarraitzeko gogoa piztuko dizuna. Nahiz eta gizakietan menpekotasun horiek sortzen zaizkigun tarteka, funtsean ez dugu bestearen begiradaren onarpenerako lan egiten, bestearekiko zubiak sortzeko bai, eta zubi horien bitartez, hausnarketa, probokazio, eta abar eragiteko bai, baina hori beste gauza bat da... Lana egiteko benetako bulkada beste bat da. Hor norberaren erronka artistiko eta pertsonalak agertzen dira. Ekuazioa bat deszifratu nahi duen zientzialari grinatsuaren antzera sartzen gara sorkuntza prozesuetan. Apasionantea da. Ni prozesuen oso zalea nahiz, bertan baitago mami gehiena.

Sortzaileon egoa hor dago. Eta zuen lanabesa emozioak direnean eta hain barrutik ari zaretenean...

Bai, horregatik da hain inportantea nork bere burua zaintzea eta lantzea, eta etekina ateratzea gertatzen zaizkizun bizipen guztiei. Hazteko aukerak dira guztiak. Eta, era berean, erlatibizatzen jakitea oso garrantzitsua da. Eta umorea zer esanik ez. Gaurko emanaldian ez zarela hain fin ibili? Ez duzula hainbeste gozatu? Ba normala! Kolore guztietako egunak daude! Gizakiak gara. Lagun batek hala esan zidan behin, “horrek ere ipurdian zuloa!” eta nik ere, noski ‘ipurdian zuloa!’ zorionez. Lur hartzea ezinbestekoa da niretzat.

Energia positiboa sumatzen dut zurekin aurrez aurre nagoela. Berezkoa da ala propio egindako lanketa dago horren atzean?

Txikitatik naiz horrela. Egia da guztiok badugula soinean maskara sozial bat eta, batzuek bordearena jartzen duten bezala, nirea sinpatiarena da. Baina horrek ez du esan nahi barruan amorrurik edo tristurarik ez dudanik, jakina. Denok bezala. Baina egiazko pultsu positiboa daukat bizitzaren aurrean eta horri eskertuta nago. Noski, lanketa ere badago horren atzean. Kontziente izatea zein den zure motxila, ze tendentzia dauzkazun, burua zerekin jaten duzu gehien, eta horren aurrean zure burua maitatzen ikastea. Bizi zaitezke etengabeko insatisfakzio egoeran edo fokua jar diezaiokezu bizitzak eman dizunari, baduzunari, bazarenari eta horri balioa eman. Geure buruari gutaz zer kontatzen diogun garrantzitsua da. Bizitza osoko lana da.

Nostalgian erortzeko arriskua ere badago atzera begira jarriz gero.

Nire kasuan ez zait hori gertatzen. Joandako garaiak ez zaizkit oraingoak baina hobeak iruditzen, oraingoz behintzat! Ez dut hau inoiz horrela sentitu.

Nola daramazu jendeak kaletik ezagutzea?

Ondo daramat, nire kasuan oso neurrikoa da. Dena den, ez dakit zer den oso-oso ezaguna izatea. Nola kudeatu hori? Tokatzen zaionari ahal bezala suposatzen dut, ez zait erraza iruditzen, nire intimitatea asko maite dut nik.

Zer eman dizu lanbideak, zertan lagundu dio garai bateko Miren gazteari?

Naizenari lekua eman izanak betetasuna ematen dit. Baimena eman diot nire buruari sorkuntza bidaia lagun izaten eta balio handia du horrek niretzat, oxigeno asko ematen dit. Ausardiaz ere hitz egingo nuke. Gehien gustatzen zaizun horri lekua egiteko ausardiaz, eta ofizioak exigitzen duen ausardia hori garatzeko ausardiaz. Bizitzak eskaintzen dizkizun aukerei baiezkoa emanaz zoaz zure bidea egiten.

Aktore eta sortzaile bezala hainbeste toki transitatzen dituzu, bai pertsonaiei dagokienez bai beste lankideekin daukazun elkarbizitzari dagokionez ere, hor zoazela zure pertsona eraiki eta deseraikitzen bai arlo profesionalean zein pertsonalean ere.

Nondik datorkizu eszenara igotzeko grina?

Bulkada oso gaztetatik nekarren, antzerkia egin nahi nuen. Amari Arte Dramatikoa ikasi nahi nuela esan nion hori zer zen oso ondo jakin gabe ere. Berak hori karrera bat ez zela esan eta Arte Ederrak egiten amaitu nuen. Kontua artean murgilduta ibiltzea zen, antza [barreak]. Azkenean benetan nahi nuena egiten bukatu nuen.

Eskusoinua jotzen nuen txikitan eta gogoan dut eskusoinua utzi eta irakasleari antzerkia egiten hasiko nintzela esan nion eguna. Ze harro nengoen berarekin hitz egin nuenean… [barreak] 14 urte nituen! Agian egun hura izan zen benetan erabakia hartu nuena.

Arte Ederrak ikasten ari zinen, baina eskulturaren bidea utzi eta interpretaziora jo zenuen. Zein izan zen agertokia zapaldu zenuen lehen aldia?

EHUko antzerki eskolara joan nintzen. Han Ander Lipus ezagutu nuen. Bilbon Antzerkiola Imaginarioarekin hasi nintzen eta ‘8 olivetti poetikoak’ antzezlanarekin zapaldu nuen agertokia lehenengo aldiz.

Antzerkiola Imaginarioan ordura artekoarekin apurtzea bilatzen zenuten. Orduan inork esan balizu Arriagan hainbeste lan egingo zenuenik zer pentsatuko zenuen?

Aho zabalik geratuko nintzateke eta itzela irudituko litzaidake. Hogei urte barru antzerkia egiten jarraituko nuela Arriaga bezalako antzoki eder batean? Zoragarri. Haratago joatea edo gauzak kontatzeko norberaren modua deskubritzea ia sorkuntza prozesu guztietan bilatzen dugun zerbait da. Antzerkiola Imaginarioan hasi izana potentea izan zen sorkuntza prozesu anitzetan murgiltzeko aukera izan nuelako. Bestalde nire izaerarekin oso bat zetozen prozesu motak ziren haiek, inprobisazioak, gorputzarekin lan interesgarriak gauzatzeko aukera, pertsonaiak eraiki, sortzaile desberdinak elkarlanean aritu... Lan ederrak egin genituen. 20 urte nituen eta gogotsu sartu nintzen indar handia zuen sortzailez betetako lantalde hartara.

Era berean, talde bakoitza, lan eremu bakoitza egitura mota bat da, sistema bat eta estruktura guztiek dauzkate beren argi eta itzalak, beren kurba eta ertzak, guztiek. Egitura mota desberdinek egindako lanek beren balioa dute bere horretan eta ez nolanahikoa, baina idealizatzeko tendentzia handia ere badaukagu eta nik ez dut horrekin bat egiten. Ez zait erreala iruditzen; errealitateak ikuspegi erromantiko batek baina askoz ere ñabardura gehiago dauzka. Errealitatea ez da soilik polita edo epikoa, arrakalaz beteta dago.

Sorkuntzak zer ematen dizu?

Motorra da, pultsua, adierazpena, erreafirmazioa. Dena gaizki badoa hori daukat. Sorkuntza nire barruko altxorra da, ni naizena, inork kenduko ez didana.

Hori nola bideratu aurkitu behar gero...

Bai, hala da. Batzuetan zuk ekiten diozu bideari eta besteetan bestearen gonbidapenari baiezkoa esanaz hasten duzu bidea. Dauzkazun baliabideen arabera, prekaritatetik edo soldata duin bat jasoaz. Eta kozinatzerakoan bezala gertatzen da, taldearen osagai bakoitzak ematen dio lanari azkenean dastatuko duzun zaporea. Prozesuan ere arreta handia jarri behar da. Prozesuak zaintzea ere ezinbestekoa da emaitza kalitatezkoa izan dadin eta ez emaitza bakarrik, baita gure egunerokoa gozagarriagoa ere [barreak]. Helmuga ez da garrantzia duen gauza bakarra, bideari jarri behar zaio arreta.

Zein puntutan ikusten duzu zeure burua uneotan?

Gaztea zarenean indar handia duzu eta inkontzientzia puntu bat ere; ‘dena egin dezaket!’ pentsatzen duzu. Gero bizitzaren berri badaukazu eta kontzienteagoa zara zure zaurgarritasunaz. Urteek aurrera egin ahala ez gara sentitzen hain superwoman, baina esperientziaren sostengua daukagu eta gure kolore gama aberatsagoa da zalantzarik gabe. Bizitzak zizelkatzen gaitu, aldatuz goaz, eta hasiera bateko gure indarrak beste kolore batzuk ere bereganatzen ditu, aberatsagoak.

Jokatu behar duzun pertsonaiaren lanketa gorputzetik abiatzen duzu?

Intuiziotik abiatzen dut bidea eta behin eta berriz gauza desberdinak probatzetik. Hori bai, pertsonaiaren gorputza nireganatu arte ez dut prozesua amaitutzat jotzen. Amaiera hori noizbait iristen bada, hor ere zalantza baitaukat...

Testua lantzea ere ezinbestekoa iruditzen zait, testua eta lanaren testuingurua. Asko gozatzen dut testuaren analisia egiten; ez da lanaren funts bakarra, baina oso garrantzitsua iruditzen zait, nahiz eta batzuetan horren azkar goaz prozesuen barruan ez zaiola behar beste denbora ematen.

Bestalde, prozesu bakoitzak izaera desberdina izan dezake, noski; desberdina da testu erraldoi batetik abiatu edo hutsetik inprobisazioen bitartez. Lan estiloak ere desberdinak izan daitezke; performatiboagoak, norberak beretik testua botatzen edo eraikitako pertsonaiekin gauzatutakoak.

Musikaren alorrean ere egin zenuen sartu-irtena. Sagarroi taldean ibili zinen kantari. Zer deskubritu zenuen?

[barreak] Hantxe ibili nintzen, bai. Bizpahiru urte iraun zituen taldeak ni sartu nintzenetik. Ni ez naiz musikaria, baina zuzenekoa modu horretan bizitzea oso erakargarria egiten zitzaidan. Askatasun handia sentitu nuen. Antzerkia konplexuagoa egiten zait, askoz ere exijenteagoa bainaiz nire buruarekin. Hura beste freskotasun batetik zuzenekora entregatzea zen. Agertokia beste leku arinago batetik, beste kolore batetik, ardura gutxiagorekin, bizitzeko aukera eman zidan.

Ez naiz kantaria, baina leku esperimentalago eta performatiboago batetik aukera suertatzen bada, helduko nioke berriz ere esperientziari. Baina suertatzen ez bada ere ondo, nigan ez du pisu berezirik.

Egin dezagun atzera 2017. urtera. «Euskalduna naiz eta zu?» ETBren umore saioko zure parte hartzeagatik eraso kanpaina beten erdian ikusi zenuen zeure burua. Nola bizi izan zenuen? Zein da gaur egungo hausnarketa?

Esperientzia oso potentea izan zen. Aurrez esango balidate hura biziko nuela izugarri izutuko nintzateke, baina, behin pasata, zera pentsatzen dut: ‘orain ez kendu honetatik ikasi dudana’. Nire biografiaren parte da, horrek ere eraiki nau. Era berean, ikasten duzu zerk eraman zaituen horretara –zer daukazun ikasteko–. Eta, besteak beste, hainbat lankideren jarrera aurrez aurre ikusteak irakatsi zidan ingurua nolakoa den. Gizaki mugatuak gara oso, beldurtiak, prepotenteak, umiltasun eta balio gabekoak. Egoera horri dagokionez, nire buruarekin lasai nago, ez zen erraza izan, baina bizitakoa onartu dut.

Zer ikasi zenuen?

Uste nuena baino askoz indartsuagoa naizela. Pertsona batzuk erabakigarriak izan ziren, noski, beraiengandik jasotako sostengua; familia, lagunak eta ofizioko pertsona jakin batzuk, zehazki. Bizitza oso basatia da batzuetan. Datorrena surfeatzeko prest egon behar gara, zauriak sendatu eta aurrera.