NAIZ.INFO
BAIONA

Euskarazko hedabideek pairatzen duten egoeraren berri eman diote Filipetti ministroari Miarritzen

Miarritzen burutu den FIPA festibalera eginiko bisitan, euskaraz diharduten hedabideek jasan behar duten egoeraren berri eman diote Aurelie Filipetti Kultura ministro frantsesari.

Aurelie Filipetti, Kultura ministro frantsesa, Miarritzen. (Bob EDME)
Aurelie Filipetti, Kultura ministro frantsesa, Miarritzen. (Bob EDME)

Kultura ministro frantsesa Miarritzera etorri da Fipa festibalaren itxierara. Ikus-entzunezko eta bereziki telebista ekoizpena sustatzeko zenbait akordio izenpetu ditu Aurélie Filipettik.

Bisitaren baitan, France 3 Ez Hunki kolektiboak gutuna helarazi dio frantziar ministroari, Kazeta.info webgunearen arabera. Murrizketak direla-eta, arriskuan da emankizun hori. Egoera zuzendu nahian gestioak eginen dituela telebista horren zuzendaritzaren aitzinean hitza eman du Filipettik.

Hortaz gain, ministroari emandako gutunean interneten diharduten euskarazko hedabideek  –tartean Kazeta.info eta Ipar Euskal Herriko Hitza– pairatzen duten diskriminazioa aipatu du kolektiboak. Badira bi urte CPPAPera (Commission Paritaire de la Presse et des Agences de Presse delakoa) jo zuten bi hedabide horiek -eta ‘La Sematna’ aldizkari okzitandarrak- sarean jarduten duten hedabideek Estatu frantsesean jasotzen duten sostegua eskatzeko asmoz. Alta, hizkuntz gutxituak baliatzen duten heinean «informazio orokorreko hedabide gisara ez ditu orandik ere onartu Parisek.

FIPAra abiatu aurretik, Aurélie Filipettik bilera egin du Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux diputatuekin FR3 Euskal Herri euskarazko emankizunak pairatzen dituen murrizketak aipatzeko. Diputatuek jakitera eman dutenez, ministroak hitza eman du kate publikoko zuzendaritzarekin harremanetan sartuko dela egoera bideratzeko. «Ministroak eskualde hizkuntzak zerbitzu publikoa ematen duen tokiko telebistan sustatzeari agerturiko engaiamendua» nabarmendu dute diputatu sozialistek bilkura ostean plazaraturiko agirian.

Izan ere, France 3 Euskal Herri ez Hunki kolektiboak ministroari gutuna eman dio, euskarazko emankizun horren arazoa aipatuz, baina baita internetez jarduten duten hedabideek pairatzen duten diskriminazoa agerian utziz.