@aimar_etxeberria
DONOSTIA

Altxamendu frankistak eragindako 400 fusilatuak gogoratuko ditu Donostiak eskultura batekin

Altxamendu frankistako eta ondorengo urteetako 400 fusilatuak omenduko ditu Donostiako Udalak Goikoa jauregiaren parean jarriko duten eskultura baten bidez. Pasa den irailean Giza Eskubideen batzordeak abiatutako lehiaketaren saria da berau.

Tomas Villanueva eta Amaia Mateos egileak (eskuinetik bigarren eta hirugarrena), Izagirre alkatearekin, Felix Soto eta bi teknikarirekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Tomas Villanueva eta Amaia Mateos egileak (eskuinetik bigarren eta hirugarrena), Izagirre alkatearekin, Felix Soto eta bi teknikarirekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gaur aurkeztu dute Donostiako Udaletxean altxamendu frankista eta ondorengo urteetan fusilatuak izan ziren 400 donostiarrak omendu eta oroituko dituen eskultura eta bere kokalekua. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Juan Karlos Izagirre hiriburuko alkatea eta Amaia Mateos eta Tomas Villanueva lanaren egileak.

Udaleko Giza Eskubideen batzordea egiten ari den lana goraipatuz hasi du aurkezpena Izagirrek eta beronen jardunaren lau ardatzak azaldu ditu. Horietako bat memoria historikoarena izango litzateke. «Gertatu dena ikasi eta jakin egin behar dugu, etorkizunean berriro gerta ez dadin», adierazi du alkateak.

Hala, oinarri horri erantzutera etorriko litzateke pasa den irailean abian jarri zuten ekimena, memoria eta errekonozimenduan sakontzea helburu hartuta. Goikoa jauregiaren aurrean jarriko dute aipatu eskultura –‘Dual’ izena duena–, Donostiako Udalak eta egileek hala erabakita. Martxoaren amaiera aldera prest egotea aurreikusten dute.

Egileek azaldu dutenez, nagusiki bi materialez dago osatuta euren lana. Batetik, «historia» adierazten duena, polikarbonatoz egina, eta, bestetik, «memoria» gogora ekarri nahi duena, korten altzairuzkoa.

Era berean, eta lehiaketara aurkeztu diren lan guztiak publikoaren aurrera eramateko asmoz, erakusketa bat jarriko dute abian otsailaren 5etik 23ra, Aieteko kultur etxean.