Naiz.info
Bilbo

Maiatzaren 3an manifestazioa deitu du Ernaik, «bestelako eredu baten eraikuntzan sakontzeko»

Maiatzaren 3an lehenengo «manifestakzio» nazionala egingo du Ernaik Bilbon. Maiatzaren 1aren karietara, «prekarietatera, eredu heteropatriarkalera eta hezkuntza eredu merkantilizatu, elitista eta inposatura kondenatzen gaituen sistema larrutu eta bestelako eredu baten eraikuntzan sakontzeko».

Ernaiko gazteek «manifestakzioa» deitu dute maiatzaren 3rako Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ernaiko gazteek «manifestakzioa» deitu dute maiatzaren 3rako Bilbon. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ernai gazte antolakundeak bere lehenengo «manifestakzio» nazionala deitu du. Maiatzaren 3an izango da, arratsaldeko 17.30ean, Bilboko Deustuko zubian. Bertan aurkeztu dute gaur mobilizazioa deitzaileek, eta Maiatzaren 1aren testuinguruan kokatu dute. Orain 30 urte Euskaldunako langileen borroka «eredugarria» izan dela azpimarratu dute eta «gazteok egun bizi dugun egoera prekario eta zapalkuntzaren aurrean erreferente historikoa da».

«Burutakzio topaketetan sistemari aurre egiteko ideia eta esperientziak trukatu ditugu. Orain, burutakzio bezala, guztiok elkartu eta praktikaren bidez sistema iraultzen jarraitzeko unea da», nabarmendu dute.

Maiatzaren 3koa «ekintza eta aldarria» uztartuko dituen mobilzazioa izango da. «Gazteok prekarietatera, eredu heteropatriarkalera eta hezkuntza eredu merkantilizatu, elitista eta inposatura kondenatzen gaituen sistema larrutu eta bestelako eredu baten eraikuntzan sakontzeko batuko gara», adierazi dute.

«Gure guraso edo aiton amonek sistemaren zapalkuntzaren aurrean egindako borroka desagerrarazten utzi gabe, eta gazte langile moduan dagokigun memoria lana eginez, orain guri dagokigu amesten dugu herriaren alde ekin eta zapaltzen gaituen sistema honen aurrean parez pare jartzea», aldarrikatu dute.