@Nagore belastegi
BILBO

UEUren ‘IkerGazte: nazioarteko ikerketa euskaraz’ kongresua maiatzan egingo dute Durangon

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) IkerGazte euskarazko ikerketa sustatzen duen kongresua aurkeztu du. Hitzordua maiatzaren 13, 14 eta 15ean izango da Durangon eta helburu zehatzak izango ditu: ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna handitzea, ikerlarien arteko harremanak sendotzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea.

IkerGazte kongresuaren aurkezpena Bilbon egin dute. (UEU)
IkerGazte kongresuaren aurkezpena Bilbon egin dute. (UEU)

Iñaki Alegriak, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) zuzendariak, erakundeak maiatzean ospatuko duen kongresua aurkeztu du gaur goizean Bilbon. ‘IkerGazte: nazioarteko ikerketa euskaraz’ topagunearen garrantzia azpimarratu du: «UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikerlariak hain sakabanatuta egonda». Ildo horri helduz, adituak hainbat ekimenetan bildu ohi dituzte eta IkerGazte ere bide horretatik joango da.

Maiatzaren 13, 14 eta 15ean Durangoko Landako Gunean biltzarra egingo dute ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna handitzeko, ikerlarien arteko harremanak sendotzeko eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzeko xedearekin. Parte-hartzaile guztientzat interesgarriak izango diren hitzaldiek, ahozko aurkezpen eta poster informatiboek eta tailerrek osatuko dute bilkura.

Ekarpenak egiteko deialdia zabalik izango da otsailaren 16ra arte eta tesua bukatzear duten edo bukatu berri duten ikerlariei zuzenduta dago. Hautatutako artikuluei zenbait aldizkari espezializatutan argitaratzeko aukera emango diete. Lanek giza-zientzia, gizarte-zientzia, zientzia zehatz eta natur-zientzia, ingenieritza eta arkitektura edota osasun arloen ingurukoak izan behar dute, eta euskaraz idatzita egon beharko dute. Artikuluak UEUren webgunean jasoko dituzte (www.ueu.eus/ikergazte).