NAIZ

‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketa ireki dute Bilboko Euskararen Etxean

Euskal Museoak eta Azkue Fundazioak elkarlanean antolatutako ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketa ikusgai izango da asteazken honetatik iraila arte Bilboko Euskararen Etxean. Bertan, Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazki artxiboa bildu da.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketa bi edukiren arteko batuketa da: alde batetik, iragan bisuala, hiru dimentsioko betaurrekoekin ikusiko dea, eta bestetik, ahozko orainaldia, audiogidekin «femenino pluralean» entzungo dena.

Horrela, erakusketaren lehenengo atala formatu estereoskopikoan egindako Abaituaren iraganeko 16 irudi dira. Euskararen Etxean erakusten direnak anaglifo kopiak dira, hain zuzen ere, erliebezko irudiak retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika. Irudi tridimentsional gisa ikusteko, beharrezkoa da bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak izatea, bata urdina eta bestea gorria. Anaglifo horiek erakusketaren izenburuko lehenengo 16 zenbakia hezurmamitzen dute. Erakusketaren eduki bisualak dira, Abaituari zor zaizkion iraganeko eszenak hiru dimentsiotan.

Bigarren zatia erakusketaren ahozko edukiari dagokio, eta irudiei hitzak jartzen saiatzen da. Mezu horiek euskarazko egungo zenbait idazlerenak dira: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.

Irudiei aurre egin behar izan diete, eta betaurrekoak jantzita, haiei begira, kontakizunak sortu dituzte. Erakusketan, ez dira irakurtzeko izango, baizik eta audiogiden bidez entzuteko. Egile horiek erakusketaren izenburuko bigarren 16 zenbakia zehazten dute, eta iraganari hitzak jartzen dizkioten egungo ahotsak dira.

Modu honetan, ’Estereoskopiak 16+16’ erakusketaren ibilbiderako ezinbesteko bi tresna eskainiko zaizkie bisitariei: betaurrekoak, ikusteko, eta entzungailuak, entzuteko.