Amagoia Mujika Telleria
BILBO

Onintza Enbeitak irabazi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Onintza Enbeitak irabazi du Bizkaiko txapela. Bai, Onintza Enbeita da Bizkaiko lehen emakume txapelduna eta bere osaba Jon Enbeitak jantzi dio hainbeste pisuko garaikurra. Muxikarra oso langile, sinesgarri, fin aritu da eta ondo merezitako txapela eraman du. Ibilbide luze baten eta ondo jositako final baten ordaina. 

Jon Enbeita osabak jantzi dio txapela Onintza Enbeitari. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Jon Enbeita osabak jantzi dio txapela Onintza Enbeitari. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lehen aldiz emakume batek jantzi du Bizkaiko Txapela: Onintza Enbeitak, hain zuzen ere. Bera izan da garaile Bilbon gaur arratsaldean jokatu den finalean. 

Muxikarrari bere osaba Jon Enbeitak jantzi dio txapela preziatua eta benetan hunkigarria izan da unea. Onintza Enbeita bera asko hunkitu da eta plazak zutik jarrita aupatu du. Buruz burukora pasatu da Etxahun Lekue larrabetzuarrarekin batera eta saioa amaitzerako nahiko garbi zegoen txapela Muxikara joango zela. Izan ere, Lekuek poto bat egin du bakarkako lanean eta pisu horrekin kostatu egin zaio ariketa bukatzea bera. Onintza Enbeita, berriz, erregular aritu da saio osoan eta buruz burukoan ere aske aritu da.

Lau mila lagun batu dira Miribillan finala ikusteko eta benetan giro ederra sortu da. Plazak behin eta berriz aupatu ditu zortzi bertsolariak.

Sailkapena horrela geratu da: Onintza Enbeita garaile 843,5 punturekin; Lekue bigarren 814,5 punturekin; hirugarren Xabat Galletebeitia izan da, 493 punturekin; laugarren Jone Uria, 489rekin; bosgarren Nerea Ibarzabal, 489rekin; seigarren Miren Amuriza, 486,5ekin; zazpigarren Eneko Abasolo 463,5ekin eta zortzigarren Aitor Bizkarra, 461,5 punturekin.