Maider IANTZI

Geomatika euskaraz zabaldu nahi dute, eta herri eta udal txikien eskura jarri

Geomatika urruti dugun hitz potoloa dela iruditzen ahal zaigu, baina egunero erabiltzen dugu konturatu gabe, Google Maps-era jotzen dugunean bertzeak bertze. Gai honen inguruan euskaraz egiten den foro bakarra antolatu dute Gislan kooperatibak eta UEUk ostiralerako, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan.

Mikel Ayestaran eta Ane Garai Gislan kooperatibako kideak, Pasaiako Udalaren maparekin, beren lantokian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Mikel Ayestaran eta Ane Garai Gislan kooperatibako kideak, Pasaiako Udalaren maparekin, beren lantokian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Geomatika eta Inteligentzia Espaziala jardunaldiaren hirugarren edizioa izanen da ostiral honetan, Gasteizko Ingeniaritza Eskolan. Aurreneko ekitaldia 2016an antolatu zuten, formatu txikiagoan, Hernaniko Orona Ideon; bigarrena, 2017an, UEUrekin elkarlanean, Donostiako Tabakaleran. Helburua teknologia hauen inguruan euskaraz aritzeko elkargunea osatzea da, normalean ingelesez edo gaztelaniaz egiten baita lan. Arlo honetan garatzen ari diren proiektuak plazaratuko dituzte, eta gai transbertsala dela erakutsiko dute.

Geografia-Informazioko Sistemen (GIS) eta geoinformazioaren teknologien aplikazioaz mintzatzeko, erakunde publikoak, unibertsitateak eta enpresak bilduko dira, horiek leku garrantzitsua hartu baitute euren egunerokoan. «Datu nahaspila informazio bihurtu eta jendartearen zerbitzura jartzeko ahalmena ematen dute. Are gehiago, errealitatea aztertu, irudikatu eta interpretatzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira», adierazi diote NAIZi jardunaldia antolatu duen Gislan kooperatiba txikiko kideek.

Euskal Herrian bi unibertsitatek ematen dute geoteknologien inguruko masterra, EHUk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta bi masterretako zuzendari akademikoak elkartuko dira mahai inguruan, Aitor Bastarrika eta Jesus Alvarez. Lakuako Lurralde Informazio Zuzendaritzako eta geoEuskadi plataformako arduraduna, Juan Carlos Barroso, eta espainiar Estatuko Instituto Geografiko Nacionaleko (IGN) Gipuzkoako teknikaria, Oihana Mitxelena, ere izanen dira hizlarien artean.

Nahi adina aplikazio ditu

Aurkezpenetan, arlo hagitz ezberdinetako ikasle eta profesionalek parte hartuko dute. Guztiek geoteknologien gaia aplikatu dute. Adibidez, Gislaneko Ane Garaik Tolosako udalerriak uholdeen aurrean duen zaurgarritasuna aztertu du, EHUko Txomin Bornaetxeak biharko lur labainketak non eta noiz gertatuko diren, Itxaso Larrinaga baso iraunkorrek saguzarrentzat duten garrantziaz ariko da eta RAZ Advanced Solutions enpresako Ander Gortazar, Bilboko seinaletikaz.

Geomatika lurraldearen gainean informatika edo ordenagailu bidez gauzak adierazteko eta aztertzeko teknologiak eta prozesuak elkartzen dituen diziplina da. Mapak eta datu baseak lotzen ditu. Lurraldearen gainean adierazpena daukan edozein elementu edo gai aztertzeko balio du. Eta baita horren gainean erabakiak hartzeko ere. Edozein arlotan aplika daiteke: jendartean, ekonomian, soziologian, hirigintzan, ingurumenean…

«‘Geo’ lurra da, zerbait fisikoa, eta ‘matika’ informatikatik dator. Lurrazalean dagoen dena informatizatu daiteke», azaldu du Garaik.

Berriki ezaguna egin da uholdeak gerta daitezkeen guneak erakusten dituen munduko mapa bat. Itsas maila igoko balitz zer toki geldituko liratekeen urpean azaltzen du.

Bata bertzearen gainean jarritako kapak

Mikel Ayestaran kooperatibako presidenteak irribarrez oroitu du duela hamar-hamabi urte karrera bukatu zuenean aipatzen zutela GISak etorkizuna izanen zirela, udal guztietan sartuko zirela, eta oraindik bultzaka dabiltza.

Topografia ikasi zuen, eta gero Kartografia eta Geodesia. Garai geografoa da eta graduondoko bat egin zuen Geoinformatika eta analisi espazialean.

Ayestaranek agertu du administrazioen aldetik azken hamar urteetan sekulako bultzada egon dela datu libreen inguruan. 2007an Europako Batasunak Inspire direktiba onartu zuen. Bertan administrazio publiko guztiak deitzen zituen diru publikoarekin sortutako informazio hori herritarren esku jartzera. Hortaz, gaur egun geoteknologiekin lan egiteko informazio pila dago.

«Paperetik digitalera pasatze horretan lan handia egin da. Kapak dira: biztanleriarena, eraikinena… Bata bestearen gainean jarri eta analisiak egiten ditugu», erantsi du Garaik.

Datu irla ezberdinak hartu eta lurraldea erdigunean jarrita informazio berriak ateratzeko aukera ematen dute teknologia hauek. Adibidez, errenta maila ikus dezakegu alde batetik, bestetik bizi esperantza. Ikerketa batzuek diote errenta mailaren arabera bizitza esperantza bat edo bertze izan daitekeela. Aldagai ezberdinak, ordura arte lotu gabe egon direnak, batu eta hortik larrialdi plan bat egin daiteke, edo politika publiko batzuk diseinatu.

Akademia, enpresa eta erakundeak, buru-belarri

«Orain arte zegoena digitalizatuta bakarrik sekulako saltoa eman da. Eta aurrerantzean zabalduko diren aukerak oraindik ez gara ikusteko gai», agertu dute. Gaur egun akademia, enpresa eta erakunde publikoak buru-belarri ari dira geomatikan.

«Google Mapsen zerbitzua guztiok eskuragarrien duguna da. Baina erakundeen antolakuntzara eta eguneroko kudeaketara ekarrita, hor dauka benetan geoteknologiak balio erantsia eta hazkunderako lekua, hor aurrezten dituzte milioiak, prozesu pila bat sistematizatuz», nabarmendu dute kooperatibako kideek.

Instituzioei duten informazio guztia batera aztertzeko aukera eskaintzen die Gislanek. «Datu base ezberdinak elkarrekin aztertu nahi badituzu haiek lotzeko leku komun bat izan behar duzu. Gure kasuan leku hori lurraldea da. Adibidez, udalerri bateko enpresa direktorioa eduki dezakezu alde batetik, non agertzen diren enpresa guztiak beren datuekin eta kokapenarekin, eta bestetik, uholde arriskuen mapa. Orduan, ariketa sinple batekin, azter dezakegu zein enpresa dauden uholde arriskuan. Eta automatikoki, uholde abisu bat badago, jakin dezakete zein enpresari abisatu». Hernanin egin dute.

Tolosako zaurgarritasunaren azterketa

Ane Garaik Tolosako zaurgarritasuna aztertu du uholde egoera batean. «Zaurgarritasunaren kontzeptua nahiko berria eta zabala da. Eta ikuspuntu ezberdinetatik aztertu du: soziala, fisikoa eta ekonomikoa. Formula batzuen bidez uholde bat gertatuko balitz Tolosak edukiko lukeen zaurgarritasun orokorra atera dut».

Arrisku naturalen masterra egin zuen eta amaierako lana da jardunaldian aurkeztuko duena. «Eskala ezberdinetako informazioa bateratzen laguntzen du tresna honek. Tolosako partzela bakoitzari balio bat eman diot, orduan eskalan oso-oso gertu joan naiz. Horrek oso zehaztasun handia ematen du eta zaurgarritasuna kalkulatzeak laguntzen du arrisku naturalen aurrean larrialdi egoera bat dagoenean nola kudeatu jakiten. Prebentzio moduan erabiltzeko da batez ere».

Atera duen ondorioa da Tolosan zaurgarritasuna hagitz baxua dela.

«Zaurgarritasunaren ikerketa honek garrantzia dauka hondamen naturalak gero eta gehiago eta sarriago gertatzen direlako eta gero eta eragin handiagoa dutelako, pertsonak ere lurraldea gero eta gehiago okupatzen duelako. Batez ere ibaien eremuak hartzen ditu».

Era erraz eta intuitiboan

Ura bezalako agentziek sortzen duten informazioa udalei erabilgarri jartzen diete Gislanen. «Sarri gertatzen da ez dakitela zer informazio eta teknologia balia dezaketen. Guk zer informazio dagoen aztertzen dugu eta erabilgarri jartzen dugu udalentzat modu ahalik eta erraz eta intuitiboenean».

Gislan zazpi langileko kooperatiba txiki bat da, irabazi asmorik gabekoa. Andoainen du bulegoa eta Euskal Herrian egiten du lan, euskaraz. «Geoinformazioaren potentziala euskaraz zabaldu nahi dugu, eta udal eta herri txikiei ere eskuragarri jarri. Software libreak eduki duen garapenarekin, duela hamar urte erakunde handiek bakarrik zuten teknologia bat gaur egun txikiek ere eduki dezakete».

Hauteskundeen emaitzak aztertzeko geomatika erabiltzen dute hedabide eta alderdiek.  Alderdi bakoitzak eduki duen eboluzioa iker daiteke koloreekin, botoa non pilatzen den edo norantz doan ere bai.

«Geomatika edozeinek erabil dezakeen tresna bat da. Bere ikasketa prozesua du, denak bezala», azpimarratu du Garaik.

Euskalgeo ataria

Ayestaranek Euskal Herri mailan dauden datu iturri batzuk aipatu ditu. Lakuak geoEuskadi ataria du, Nafarroako Gobernuak Idena, Ipar Euskal Herriko datuak Pigman daude. Bertzetik, Euskalgeo atarian biltzen dira zazpi herrialdeetako datuak: ingurugiroa, udalerriak, errepideak, trenbideak, ibaiak…  Euskalgeo.eus-en daude erabilgarri.

Jardunaldira administrazio publikoetako langileak etorriko dira, arkitektoak ere bai, ikasleak, irakasleak, soziologo eta antropologoak, biologoak… Interesa duena gonbidatuta dago. Ikuspuntua zabaldu eta geomatikaz euskaraz aritzeko aukera ederra izanen du.