naiz
Zizurkil

Atzo Hondarribiko Egiluzen egin bezala, gaur Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea hustu du Ertzaintzak

Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea hutsarazi du Ertzaintzak, Hondarribiko Egiluzen gauza bera egin eta 24 ordutara. Hala agindu zuen epaileak 2019. urtearen amaieran eta gaur gauzatu dute. Aiztondoko Gazte Asanbladak larunbatean egingo du agerraldia, haien irakurketa plazaratzeko.

Ertzaintzak Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea hutsarazi du, Hondarribiko Egiluzen gauza bera egin eta 24 ordutara. 09:00ak pasata sartu dira agenteak gaztetxera, baina barruan ez zegoen inor. Tolosaldeko Atariak jakinarazi duenez, ondoren eraikinaren jabetza aldarrikatzen dutenak sartu dira bertara. Eguerdirako guztiek alde egin dute bertatik.

17 urtez hutsik egon ostean, iazko apirilean okupatu zuen eraikina herriko gazte talde batek. Ordutik, Zizurkilgo Udala, eraikinaren jabeak eta gazteak hainbatetan bildu izan dira, baina abenduan bi kide epaitegietara deitu zituzten. Kaxilda gaztetxearen berehalako hustea agindu zuen epaileak eta 1.100 euro inguruko isuna ezarri zien bi auzipetuei.

Epai hori gaur ostiralean gauzatu du Ertzaintzak. Aiztondoko Gazte Asanblada, ‘Ataria’k dioenez, jakinaren gainean zegoen, hau edozein egunetan gertatu zitekeela eta balizko ondasunak eramanak zituzten. Gaur ere izan omen dute gauza gehiago ateratzeko aukera.

Gazte Asanbladak larunbatean agerraldia egingo du, 17:00etan, herriko Joxe Arregi plazan, kasuaren inguruko haien bertsioa helarazteko. Gogora ekarri dutenez, Tolosako Ezpala gaztetxea ere desalojo arriskuan dago.