Noel Caballero (Efe)

Hong Kongen krisia profitatu nahi du Singapurrek

Singapurren hauteskunde aurreratuak ospatzen dira ostiral honetan, koronabirusaren pandemiak eragin dion azken bi hamarkadetako lehen atzerapen ekonomikoaren atarian. Hala ere, Hong Kongek pairatzen duen desegonkortasuna baliatu nahi du Asiako finantza hiriburua bihurtzeko,

Lee Hsien Loong lehen ministroa, hauteskunde kanpainan. (Roslan RAHMAN/AFP)
Lee Hsien Loong lehen ministroa, hauteskunde kanpainan. (Roslan RAHMAN/AFP)

Singapurreko lehen ministroak, Lee Hsien Loong-ek, biharko aurreratu zituen 2021ean aurreikusita zeuden hauteskundeak, covid-19 izurritearen eraginaren ondoren suspertze ekonomikoa ahalbideratzeko egonkortasun politikoaren bila.

Azken datuen arabera, «lehoiaren hiriaren» ekonomia %4-%7 inguru jaitsiko da bere Barne Produktu Gordinean, 1998ko finantza krisialditik pairatuko duen lehen atzeraldi ekonomikoa.

Hiri-Estatuaren egonkortasun politikoa da, betiere Herri Ekimena alderdiaren aginpean, 5,7 milioi biztanle dituen eta 1.500etik gora finantza erakunde eta aseguru-etxe dituen herrialde txikiak hobekien saltzen duen baliabidea.  

Herri Ekimena boterean da Singapurrek 1965ean independentzia lortu zuenetik eta biharko hauteskundeetan ere faboritoa da.

Malaisiarekin muga egiten duen herrialdetxoa 64 irlaz osatua dago eta 720 kilometro karratu baino ez ditu.

Hala ere, Singapurrek azken hamarkadetan bizi izan duen hazkunde ekonomikoa geldiezina izan da eta kultura anitzen luxuzko metropoli modernoa bilakatu da, mundu osoko finantza erakundeen sukurtsalek eta bankuek egoitza duten etxe orratzez josita.

Biztanleen %75a jatorriz txinatarra da, %14a malaisiarra eta%9a indiar jatorrizkoa. Populazioaren %20a, hala ere,  lan kontuengatik bertan dauden atzerritarrek osatzen dute.

Singapurreko mirariak, hala ere, badu beste aldea. Lee Kuan Yew Singapur eratu eta 1959 tik 1990era arte lehen ministroa izan zenak izugarrizko kontrol sozialean oinarrituta dagoen sistema autoritarioa jarri zuen martxan.

Lee Hsien Loong bere ordezkoak premiazkotzat jo du Singapurrek munduko inbertsoreen artean «ospe onari eta konfidantzari» eustea, pandemiaren ondorioz sortu den krisiari aurre egiteko.

«Herrialde hain irekia eta komertzioari hain zorduna izanik, normala da krisian erortzean lehenengoetarikoa izatea, baina krisialditik irteten ere lehenengoetarikoa izango da», uste du Jeffrey Halley-k, OANDA aholkularitzan adituak.

The Economist Intelligence Unit-eko Liuqing Yu-ren ustez, ordea, Singapurrek erronka zailak izango ditu epe ertain eta luzera, horien artean Gobernuaren laguntzak amaituko direnean langabezia uholdea, merkataritzaren erortzea eta, telelana hedatzen bada, herrialdeko egoitza bezala duen papera zalantzan jarriko delako.

Garai zail hauetan, Singapurrek aukera bat ikusten du Hong Kongek, finantza munduan bere lehiakideak, azken urtean bizi duen desegonkortasunean, eta Pekinek inposatu duen segurtasun lege zorrotzean.

Txinaren pixu handia

«Finantza zentroak ez dira egun batetik bestera desagertzen eta Hong Kongek erakargarria izaten jarraituko du Txinarekin duen loturagatik. Hala ere, egia da Txinari baizik herrialde osoari begira dauden hainbat erakundek Singapurrera murgiltzea erabaki dutela», dio Antonio Fatas-ek, INSEAD negozio-eskolan ekonomia irakasleak.
Singapur bera erakargarria da oso finantza erakundeentzat. Zerga tasak oso urriak ditu eta ordena ziurtatzen du politikan eta gizartean. Bertako langileek kualifikazio altua dute eta bizi kalitatea ona da.

Dena den, finantza erakundeak adi egongo dira Txinak Segurtasun Nazionalaren legea nola interpretatzen eta martxan jartzen duen.

«Hong Kongeko arrakastaren oinarria den lege sistema hautsiko balu, orduan batzuek alde egingo lukete», aurreratzen du Jeffrey Halley-k.

Liuqing Yu, ordea, ziur da Hong Kongek «abantaila mantenduko duela Txinako merkatura heltzeko aukera  paregabeak dituelako». «Orokorrean, Singapur da Hong Kongen atzetik finantza zentrorik onena. Antzerako samurtasunak eskaini ahal ditu, baina txikiagoa eta apalagoa da».

Hong Kongen desegortasun politikoak «garailerik gabeko» eszenatokia uzten die konpainiei, Halley-ren esanetan, «haien jaioterriko gobernuen presioagatik aintzinako kolonian dituzten operazioak gutxitzeko beharrean aurki daitezkeelako, baina bidez batez Txinak zigortu egingo ditu hori egiten dutenak».

Horrela, bada, banketxe askok egoerak nora egiten duen ikusi arte itxarotea erabaki dute. «Azkenean, diruak agintzen du eta horretan oinarritzen da Hong Kong», amaitu du Halley-k. Eta Singapur bera ere bai.