Eguzki Agirrezabalaga

Pitillasko aintzira, hegaztien behatoki paregabea

Ornitologia zaleek eta, oro har, natura maite dutenek izugarri gozatuko dute Pitillasko aintziran, batez ere, hamaika hegazti ikusteko aukera paregabea izango dutelako: zikoinak, antzarak, arabazozoak, murgil handiak, txori-zezenak, zingira-mirotzak, erlatxoriak, ainarak...

Pittillas.
Pittillas.

Pitillasko naturgunea Nafarroa erdialdean dago, Uxueko mendiaren magalean, Iruñetik hirurogei kilometrora. Erreserba Naturala da, Hegaztien Babesgune Berezia, Nazioarteko Hezegune Garrantzitsua eta Nafarroako urtegi naturalik handiena: 216 hektarea ditu luze-zabaleran eta, gehienez, hiru metroko sakonera. Egia esan, estepa-paisaiaren erdi-erdian, bisitarien zentzumenak bizkortu egiten dira, mugimendu, kolore eta soinuen lasaitasunaren eraginez.

Hegaztien behatoki paregabea

Lehen-lehenik, bisitaldiari ahalik eta etekin gehien atera ahal izateko, komeni da ibiltaria hegaztien behatokira hurbiltzea; batetik, leku bikaina delako natura-erreserban babesten diren espezieen lumajea eta koloreak ikusteko; eta, bestetik, urtegi naturalaren ezaugarrien berri zehatza izango duelako, panel, material grafiko eta ikus-entzunezkoen bidez. Horrez gain, nahi izanez gero, prismatikoak eta teleskopioak erabiltzeko aukera izango du; eta baita hiru bidexka autogidatu azaltzen dituzten gida-liburuxkak eskuratzeko parada ere.

Lehenbiziko ibilbideak kilometro bat du eta hezegunearen hegaztiak zein landareak ezagutzeko aukera eskaintzen du; bigarrena, berriz, bost kilometrokoa da, eta aintzira urez hornitzen duten errekak erakusten ditu bereziki; eta, azkenik, hirugarrenak, lakua eta Pitillas lotzen ditu hiru kilometroko ibilbidean.

Aintziraren iturburuari dagokionez, estepa motakoa da, jatorriz endorreikoa; hau da, ez du ibai-irteerarik itsasora. Berez sortutako hezegunea bada ere, giza jarduerak aldarazi du, mendez mende. Aspaldian, ureztapen-ura gordetzeko erabili zen, eta XVI. mendean presa gehitu zitzaion. Hirurogeiko hamarkadan, ordea, ingurua lehorrarazi zuten nekazariek erabil zezaten, baina gazitasun handiko bazter idorra denez, 1976tik aurrera, berezko bilakaera izan du, nekazariek lurrak lantzeari utzi ondoren.

Ehun bat espezieren aterpe

Gaur egun, Pitillasko estepa-lakua ehun bat espezieren aterpe bilakatu da; hau da, ia-ia, Nafarroan dabiltzan hegazti espezie guztien herena. Beraz, Nafarroako bigarren urtegi naturala da hegazti habiagileen aniztasunari dagokionez, eta lehenbizikoa, berriz, hegazti migratzaileen pausalekuari dagokionean.

Hain zuzen ere, hegazti-aniztasunak egiten du berezi Erriberako hezegunea. Uneoro da berezi. Beraz, edozein urtaro egokia da naturguneaz gozatzeko. Alabaina, hegaztiak ikusi nahi dituenak gehiago gozatuko du, seguruenik, neguan; batik bat, hegazti urtarrek Pitillas aukeratzen dutelako negua pasatzeko edo ugaltzeko. Leku hautatua da, gainera, mendebaldeko Pirinioetako bidea jarraituz migratzen duten hegazti askoren atsedenerako eta elikadurarako.

Martxotik ekainera arte, tentuz

Beraz, martxotik ekainera bitartean (ugaltzeko garaian), hobe da bestelako ibilbideak egitea, gizakiaren presentziak hegazti ugaltzaileei traba egin ez diezaien. Hori bai, udaberritik abuztura, koartza gorrien hegaldi dotoreez gozatzeko parada izanen dute bertaratzen direnek. Gainera, maiatzeko ilunabarretan, txori-zezenen marru sakonak entzungo dituzte, akaso.

Espezie negutarren artean nagusi dira, besteak beste, txilinporta lepabeltza, zingira-mirotza, koartza hauskara, zertzeta arrunta, kopetazuri arrunta, antzara, ahate mokozabala eta basahatea. Dena dela, bi hegazti nabarmentzen dira, aintziran erruz dabiltzalako: txori-zezena eta tximutxa. Lehenak lezkadia aprobetxatzen du; bigarrenak, berriz, landaretza zingiratarra, martxotik ekainera habia egiteko.

Gezurra badirudi ere, aintzirara lehen aldiz joaten direnei deigarri egiten zaie aspaldi entzun gabeko soinua bertan sumatzea: ur-igel arruntaren kantuak, hain zuzen ere. Tximeletak gustuko dutenak ere harrituta gelditzen dira jakitean Tomares ballus tximeletaren hazkuntza-gune bakarra Pitillas dela Nafarroan.

Eguna aintzira inguruan igaro ondoren, irteera luza daiteke inguruko altxorren bat bisitatuz. Aukera zabala da: Erriberriko gaztelua, Olivako monasterioa edo Uxue, hots, Erdi Aroko herri xarmangarria, non ezin den galdu artzain-apurrak jateko aukera paregabea.