Amalur Artola
Entrevista
Iñigo Astiz
Poeta, kazetaria, itzultzailea...

«Erreparoa ematen du zure burua erakustea ergelarena egiten, jolasari hain emana»

Jolasaren aldeko manifestu bikaina da «Joemak eta polasak», Iñigo Astiz eta Maite Mutuberriak elkarlanean osatu dutena. Jolasa abiapuntu eta helmugatzat hartuta, irudimen eta dibertimentuzko mundua eraiki dute, lehenari Euskadi Saria ekarri diona. Poeta ultzamarrak ez du baztertzen bigarren alea sortzerik: «Herriak behar duenean, hor egongo gara», dio, jostalari.

Iñigo Astiz poetari elkarrizketa.
Iñigo Astiz poetari elkarrizketa.

«Lerro hau irakurri baduzu,/ seinale ez zarela ohartu zu./ Sentitzen ditugu eragozpenak./ Poema dago margotu berria/ eta poesiaz bete dizu begia». Tonu zirikatzailea, dibertigarria, gertukoa, originala, samurra eta batzuetan bihurria ere badute Iñigo Astizek “Joemak eta polasak” (Elkar) liburura eraman dituen poemek. Beste horrenbeste, ispiluaren beste aldetik, Maite Mutuberriak osatu dituen ilustrazioek. Jolasa izan dute abiapuntu eta helmuga, haur eta gazte literaturako Euskadi Saria eskuratu berri duen lan aparta osatzeko. 0tik 100 urtera bitarteko haur guztientzat jolaserako material bikaina.

Literatura jolasa ere badela aldarrikatzen du liburuak. Zer ideia dago «Joemak eta polasak», lan berezi honen atzean?

Nik liburuak ez ditut pentsatzen: agertu egiten zaizkit. Banoa nik “tailerra” deitzen dudan horretan piezak sortzen eta, denborarekin, mota bateko pilatxo baten atzean liburu bat egon daitekeela hasten naiz sumatzen. Poema hauek jolasteko sortu ziren, hori da duten ezaugarri komuna, jolasa; jolas horrek eman dio forma liburuari.

Jolasetik sortua eta helburua jolasa duena, beraz. Zer garrantzia du jolasak gure bizitzetan?

Pentsatzen nabil eten moduko bat badagoela haurtzarotik helduarorako fase horretan, jolasetik jokora pasatzen baikara eta jolasak galdu egiten baitu balioa. Edozein pedagogiatan ezagutzarako tresna hartzen den hori, ikerketarako tresna bikaintzat eta jakintza motak irabazteko modutzat hartzen duguna, bat-batean denbora galtzea bilakatzen da, eta hori oso kuriosoa egiten zait. Ez dakit adin zehatz batekin lotua ote dagoen. Maite Mutuberriak ideia polit bat du horren inguruan. Galdetuko dizut: zuk, txikitan, marrazten zenuen, ezta?

Bai, noski.

Eta, orain, marrazten duzu?

Tarteka, orrialde bazterren batean... baina ezer gutxi, bai.

Eta badakizu noiz utzi zenion marrazteari? Ez, noski. Hor badago momentu bat, pasatzen garena marraztetik marrazten ikustera, eta gutxi batzuek jarraitzen dute marrazten. Hor zerbait gertatzen da. Uste dut jolasari ez zaiola garrantzirik ematen, eta literatura berez jolas bat da, ez besterik. Kontua da jolas horren emaitza izan daitekeela serioa edo umoretsua, baina hitzen jolaste batetik sortzen da literatura, punturik mingarrienean ere, oinazetik egindakoa izanda ere, beti du jolas maila txiki bat. Sorkuntzarekin oso lotua dago jolasa.

Alde horretatik, poesia bera ulertezina, iluna, serioa den generotzat du askok. Horri buelta ematen diozue.

Arazoa da poesia den itsaso zabal horri begiratzen diogula oso estua den zirrikitu batetik, solemnitatetik, seriotasunetik, aitortzatik, baina poesia oso zabala da. Hor dago Nicanor Parra, bromak eginez, Sylvia Plath suizidioari buruz gogoetatzen edo kopla zaharrak, bromak egiten tonu sexual horrekin. Hala ere, uste dut estereotipo horrek kasu honetan gure alde jokatzen duela, ze jendeari esaten diozunean poesia idazten duzula irudikatzen zaituzte antzara luma batekin gauez ilargiari begira idazten. Oso jende arrunta gara poetok, baina jendeak ez du espero ondo pasatzea poema batekin eta, beraz, irribarre horrek doble balio du.

Haur literaturako Euskadi Saria eman dizuete, baina heldu batzuk ikusi ditut nik liburu honekin aski dibertitzen…

Pozten naiz ikusi badituzu, nik ere bai [barreak]. Liburua ateraz geroztik dakit nik umeek ere ongi pasatzen dutela. Banekien helduek, edo heldu batzuk, ongi pasatzen zutela, baina umeak eta gazteak, niretzat erabat ezezaguna zen publiko mota hori. Nik egin dudana da poemen atea ahalik eta zabalen ireki, hau da, ez aipatu “sozialdemokrazia” hitza eta bai giltzak, autoak, arkakusoak, gauza konprobagarriak, hiztegi aldetik trabarik ez jartzeko. Hori da egin dudana jende gazteagoari poema hauetan sartzen uzteko. Baina inportanteena sarbidea pasa ostean aurkitzen duzuna da, poema ona izan dadila, eta nik hor jarri dut indarra.

Ilustrazioak sintonian daude poemekin, jolasak dituzte euren barnean, poesia ere bai... Hor bi egileen arteko komunikazioa nabari da.

Maite eta biok elkarrekin egon gara eskolan 6 urtetik 15era bitartean, ezagutzen genuen elkarren barruan bizi den umea. Nik Maite ikusten dut heldu, profesional, lan egiten oso zorrotz, baina badakit barruan duela umetan izan zen neskato lotsati eta dibertigarri hori, eta berak badaki nik egiten dudan lan serio guztiaren atzean dagoela umetako Iñigo ero samar hori. Orduan, oso erraz konektatu dugu, eta ume horietatik sortu ditugu poemak eta ilustrazioak.

Maitek berak esana du helburua ez zela «ondo» marraztea izan, baizik eta «pozik» marraztea. Bizi filosofia bat izan daiteke hori, bide batez esanda, praktikara eramatea dezente kosta ohi zaiguna…

Ideia zoragarri bat da, bai. Liburuaren aurkezpenean hori esan zuenean “ba bai, horixe da egin duguna” pentsatu nuen. Ni poema hauekin asko dibertitu naiz baina erreparoa ematen du zure burua erakustea ergelarena egiten edo jolasari hain emana. Biluzik agertzen zara, eta jendeak pentsa dezake “tipo honek badirudi ez-dakit-zer eta begira ze txotxolokeriak egiten dituen”, ezta? Maitek lehen zirriborroak bidali zizkidanean, jakinda zein zorrotza den eta nola borobiltzen duen lan bakoitza, ikusi nuen hain biluzik bera ere, jolaste huts horretan hain sartuta, berehala deitu niola: «Segi hortik mesedez, ez borobildu ertzak, segi koloreekin jolasten, utzi gauzak bukatu gabe: hori da behar dugun izpiritua» esan nion, berdin jarraitzera animatzeko. Inportantea izan zen zirriborrotasun horri eustea.

Jolaserako izpiritu hori liburu guztira eraman duzue, baita aurkibidera ere.

[Barreak] Irakurri duzu aurkibidea orduan! Jende guztiak ez du aurkitzen eta hori da ni gehien dibertitzen nauena, tranparen tranpa da! Liburua argitaratu zenean konturatu ginen bizkarra bakarrik utzi genuela jolasik gabe. Azala, aurkibidea, biografiak... boikotatu genituen eta bizkarra errespetatu egin genuen. Beraz, esperantza dugu hurrengo bat ateratzen badugu hor ere tranpa egitekoa.

Ez duzue baztertzen, beraz, bigarren alerik sortzea.

[Isilunea] Herriak behar duenean hor egongo gara [barreak].

[Barreak] Ados. Aipatu duzu lehen, zure sortze prozesua intuitiboa dela, horrek badu lotura deskubritzeko nahiarekin. Kazetaria, idazlea, itzultzailea zara… Zer garrantzia du zure bizitzan gauza berrietan murgiltze horrek, deskubritzeak?

Kazetariaren ofizioa jakin-minaren ofizioa eta, aldi berean, jakin-min gabeko poeta bat ez dakit zer izango litzatekeen. Ni saiatzen naiz jakin-mina ahalik eta gehien entrenatzen.

Lan honek Euskadi Saria irabaztera eraman zaitu, edo zaituzte. Zer esanahi du horrek zuretzat?

Pozgarria, besteak beste sos mordoxka bat delako: 18.000 euro eta 4.000 gehiago inork itzuliz gero. Baditu bere zergak ere, eta horietako bat da saria nik jasotzen dudala, baina liburua Maite eta biona da izatez. Hori gainditua dugu, bikote bezala jarraitzen dugu [barreak], baina sentsazio arraroa uzten dizu. Berak irabazi balu ilustrazioan, berdin poztuko nintzake.

Sariekin ez dut oso harreman orekatua. Ez dut sekula literatur sariketa bat irabazi. Umetan aurkeztu nintzen batzuetara, eta ez banuen irabazten pentsatzen nuen edo erratu zirela edo ni erratu nintzela, eta ez zitzaidan gustatzen sentsazio hori. Nire sorkuntza gunetik atera egiten naute. Hau Euskadi Saria da, ez naiz ni bila joan, eta etorri egin den neurrian, ni pozik.

Agian liburuak oro har izan duen harrerak beteko zaitu gehiago.

Ba... tira, flipatu xamar geratuko da, baina esan egingo dizut: kalean lagun batek honi buruz galdetuta, esan nion baietz, oso pozik nengoela, baina ordurako errekonozitua sentitzen nintzela. Begiratu zidan “baina hau ze fantasma klase da?” esanez bezala. Helduentzako poema liburu bi idatzi ditut, kronika liburu bat, erreportajeekin beste bat... Egin ditut lan batzuk, baina honek nabarmen gainditu du beste horien harrera. Bideoak iritsi zaizkit, lagunen umeenak liburua irakurtzen eta barrez, eta poemak nola funtzionatzen duten ikustea, hor dago niretzat errekonozimendua. Sari handi bat jaso dudala sentitzen dut.

Sortzaile izateaz gainera kultur kazetaria ere bazara. Asko ari gara hitz egiten kulturaz, ea ez ote den ari ematen duena baino gutxiago jasotzen... Ze irakurketa egiten duzu zuk?

Uste dut maskara erori egin dela eta urte luzez prekario izaten utzi zaion sektore bat agertu dela, jendeak ikusi duela zein den sortzaile gehienen bizi baldintza orokorra. Baita inguruko sektorekoena ere, soinu teknikariak, argi teknikariak, zuzeneko arteetan mugitzen direnak geratu direlako ezer gabe. Baina uste dut ere bai hori bagenekiela denok, hori horrela izan zedin utzi dugula eta orain erruduntasun sentsazioa konpentsatzeko espantuka gabiltzala, “nola da posible?” esanez. Arazoari aurre egiten bazaio beti izango da garaiz, baina errezeloa dut “kultura segurua da” eta “kulturak salbatu gaitu” mantren atzean ez dagoela lehendik ere gaizki zeuden gauzei aurre egiteko borondaterik. Beste mantu moduko bat da “kulturak salbatu gaitu” hori. Hor bada zerbait ezinegon handia sortzen didana.