NAIZ

Itoizek 1982an Eibarren emandako kontzertu bat berreskuratu dute

Itoiz taldeak 1982an Eibarko San Andres jaietan eskainitako kontzertuaren zati bat berreskuratu eta online jarri du Eibarko Udal Artxiboak. Rock taldeak ‘Alkolea’ diskoa aurkeztu zuen kontzertu hartan eta ‘Beheko Plaza’ eta ‘Marilyn: sagardotegia eta jazzmana’ abestien zuzenekoak biltzen ditu.

Itoiz taldea
Itoiz taldea

Itoizen zaletuak zorioneko daude azken hilabeteotan. Iraila hasieran Radio 3-ko ‘Discópolis’ saioa izan zen sorpresa eman zuena, 1984ko azaroaren 16an Madrilen emandako kontzertuaren audioa berreskuratu eta online zabalduz. Orain, Eibarko Udalak hartu du lekukoa: ‘Eta Kitto!’ agerkariak zabaldu duenez, Eibarko Udal Artxiboak 1982. urtean Itoizek Astelehena pilotalekuan eskaini zuen kontzertuaren bideoa berreskuratu eta sarean ipini du, edonork ikusteko moduan. Bideoaren kalitatea bikaina ez bada ere, ziur edukiak piztuko duela zaletuen interesa.

San Andres jaien barruan eskaini zuen Itoiz taldeak bideoak biltzen duen kontzertua, eta bertan, unean eskuartean zuten ‘Alkolea’ disko berria aurkezten dute taldekideek. Ia zazpi minutuko iraupena duen bideo honetan rock talde mitikoaren bi abesti ezagunen zuzenekoa ikus daiteke, ‘Beheko Plaza’ eta ‘Marilyn: sagardotegia eta jazzmana’.

‘Alkolea’ diskoa 1982. urtean bertan aurkeztu zuen Itoiz taldeak. Bere hirugarren diskoa izan zen, ‘Itoiz’ (1978) eta ‘Ezekiel’ (1980) kontzeptualaren ostean. Lan berriarekin aurreko diskoetako gabezia teknikoak gainditu eta estilo sinfonikoari eutsi nahi izan zion Juan Carlos Perezek gidatutako taldeak. ‘Marilyn’ abestiarekin, ordea, etapa berrian hartuko zuen pop rockaren bidea ireki zuen Itoizek.