Maite Ubiria

«Abendua galtzen badugu, denda askok ez dute berriro irekiko», oharrarazi dute komertsanteek

Ipar Euskal Herriko dendariek mobilizioa egin dute, gaur goizean Biarritzen, abenduaren 1ean beranduenez haien dendak ireki behar dituztela oharra egiteko. «Komertzio guztiak dira premiazkoak» agerian utzi dute.

BABko hiru auzapez presente izan dira gaur Biarritzen komertsanteek deituriko mobilizazioan. (Guillaume FAUVEAU)
BABko hiru auzapez present izan dira Biarritzen komertsanteek deituriko mobilizazioan. (Guillaume FAUVEAU)

Iragan azaroaren 16an Donibane Garazitik zabaldu zuten mezuari eutsi diote komertsanteek gaur goizean Biarritzen eginiko mobilizazioan.

Clemenceau plazan burutu duten protesta ekitaldi berri horretan «kosta ala kosta» heldu den abenduaren 1ean dendak irekitzeko nahikeria berretsi dute Cathy Guegunek eta Serge Isterquek, Baionako eta Biarrizko merkatarien elkarteen lehendakariek, hurrenez hurren.

Hirugarren aldia da Ipar Euskal Herriko dendariek karrikara jotzen dutela covid-19ari aurre egiteko joan zen urriaren 30az geroztik frantses Estatuan indarrean dagoen birkonfinamenduaren harira frantses Gobernuak aginduriko neurri murriztaileak auzian emateko.

Lehenengo protesta Baionan egin zuten eta bigarrena, erran bezala, Nafarroa Behereko hiriburuan.

Hirugarren saiorako komertzioak indarra berezia duen Lapurdiko kostako hiri nagusira bertaratu dira.

Zehazki Lafayette galeria ospetsuaren aitzinean ezarri dira, musika eta guzti, gabonetako salmenta ezin dutela galdu nabarmentzearren.

«Edo abenduaren lehenean beranduenez irekitzen dugu eta gutako askok denda itxi beharko dute», adierazi du Istequek.

«Mingarria bada entzutea denda bat beharrezkoa dela eta bestea, ordea, ez; denok gara beharrezko», gaineratu du Guegunek.

Ostalariak ere izan dira mobilizazioan

Gertuko komertzioa zabalik atxikitzeko azkeneko urtetan bereziki barnealdeko herrietan egin den ahalegina nabarmendu du Peio Guelotek, Donapaleuko dendariak eta Ipar Euskal Herriko artisau eta merkatarien kolektiboko kideak Clemenceau plaza bete duten 350tik gora herritarren aurrean.

Komertsanteekin batera ostalariak ere bertaratu dira elkarretaratzera. Beraien izenean taberna eta jatetxeen irekiera galdetu du Jean-Pierre Istres departamenduko ostalarien elkarteko buruak.

Izan ere, gaurko mobilizaziora hurbildu dira Maider Arosteguy, Biarrizko auzapeza, Claude Olive Angeluko auzapeza eta Baionako auzapeza eta Euskal Hirugune Elkargoko lehendakaria den Jean-René Etchegaray. André Garreta, Baionako Merkatal eta Industria ganberako presidentea bertaratu da baitaere.

Komertsanteen haien sostengua esker onez hartu dute. Hala ere beraiek duten ahalmena «arazo hau bideratzeko» baliatu dezaten agindua eman diete hautetsiei.

«Ez dugu laguntzarik nahi, lan egin nahi dugu»

«Gobernuak laguntzak iragarri ditu, baina guk ez dugu nahi modu batean edo bestean ondoren ordaindu beharko ditugun laguntzak edo maileguak jasotzea, guk lan egin nahi dugu, inori ezer eskatu gabe, orain arte egin dugun bezala», azpimarratu dute une oro komertsanteen ordezkariek.

Ekitaldia amaitzear zelarik Jean Lassalle diputatu biarnoarra azaldu da. Ohi bezala, antzerkirako sarrera egin du, hedabideen kamaren arreta bilatu nahian.