Naiz

Oneka: «Emakumea eta adinekoa izatea arrisku handiko faktoreak dira, gehiago egungo egoeran»

Onekak, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten elkarteak, azaroaren 25ari begira, adinekoa eta emakumea izateak suposatzen duen «indarkeria egoera bikoitz hori salatu eta antolaturik jarraitzeko» konpromisoa hartu du.

Oneka emakume pentsiodunen elkartea.
Oneka emakume pentsiodunen elkartea.

Azaroaren 25ean izango den Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Onekak, Euskal Herriko Emakume Pentsionisten elkarteak, «emakumeek eta, bereziki, gure kolektiboak, hau da, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria salatu eta borroka bide horretatik jarraitzeko konpromisoa» hartu du.

Ohar baten bidez adierazi dutenez, Emakumea eta adinekoa izatea, «arrisku handiko faktoreak» dira. Faktore hauek larritu egin dira pandemia egoeran. «Konfinamenduekin, harremanen murrizketekin eta abarrekin, indarkeria mota desberdinak pairatzeko arriskua areagotu egiten da, eta indarkeriak berak dakarren pandemiari, koronabirusarena, gaineratzen zaio», adierazi dute.

Horri dela-eta, haien arteko batasuna «inoiz baino beharrezkoagoa» dela defendatu dute, «indarkeria egoera bikoitz hori salatu eta antolaturik jarraitzeko, gure eskubideen aldeko borroka areagotuz». Bide horretan, «ahulezia propioak» gaindititzeko erronka ezarri dute, batez ere «indarkeria mota guztiak salatzerakoan; izan ere, geure buruarengan segurtasun-falta izateak eta salatzeko orduan lotsa sentitzeak, menpekotasunean eta isiltasunean murgiltzen gaitu».

Zentzu horretan «konpromisoa» hartu dute azaroaren 25ean «eta urteko gainerako egunetan zigorgabetasunean ez uzteko emakumeenganako inolako erasorik eta bereziki, adineko emakumeok osatzen dugun kolektiboarekikoak. Halaber gutako bakoitzaren mendetasun-egoera gainditzeko borrokan jarraituko dugula zin egiten dugu».