Ane Urkiri

Antton Valverdek «lagun askoren poesiak» musikatu ditu bere azken diskoan

Antton Valverdek «Gaua. Ausentziaren itzala» diskoa kaleratu berri du, bere lagunen 13 poesia musikatuta. Pandemiaren aurretik forma bat zuen lanak baina itxialdiak erabat aldatu duela nabarmendu du. «Txukun» geratu dela uste du. 

Antton Valverdek "Gaua. Ausentziaren itzala" diskoa kaleratu du. (Jon URBE / FOKU)
Antton Valverdek "Gaua. Ausentziaren itzala" diskoa kaleratu du. (Jon URBE / FOKU)

2020. urtean gertatu den kontu oro covid-19ak baldintzatu duela esatea ez da hain arriskatua. Modu honetan, Antton Valverdek disko berri bat kaleratu du baina onartu du pandemiaren aurretik forma bat zuela eta orain beste modu batera ikusi duela argia.

Hala, ‘Presentzia’ titulua izan behar zuen lanak ‘Gaua. Ausentziaren itzala’ izenburua hartu du, eta 10 kantu beharrean 13rekin kaleratu da. Grabaketa itxialdia ezarri zutenean zen egitekoa baina azkenean atzeratu eta Harkaitz Canoren beste hiru poesiek ondu dute Valverderen lan berria, zeina seigarrena den bakarlari moduan.

«Nik uste dut lan txukuna dela», onartu du Valverde berak aurkezpen prentsaurrekoan. Elkar argitaletxearen hitzetan, «disko intimista da, apainduratan urria eta fin-fina».

Andres Camio Elkar musikako kideak adierazi du «eskarmentu handiko» musikaria dela Valverde. «50 urtetik gora bete ditu musikari moduan», zehaztu du. Bere bakarkako azken lanetik «denbora asko» pasatu dela adierazi du Camiok, hura 2007. urtean argitaratu baitzen (‘Charles Bordes. Hamabi amodio kanta’).

Bere ibilbidea errepasatzerakoan, beti eduki ditu poesia idazleak alboan −izan Oteiza, Lizardi edo Xabier Lete−. Valverde berak onartu du «bakarlari» moduan egin duen ibilbidean ere Lete izan duela bidelagun. Hain zuzen ere, lan berri honetan Oiartzungo poetaren beste bi lan musikatu ditu.

Harkaitz Canoren lau poesia, aipatu Leteren bi, ‘Buhamejaunaren Pheredikia’ poesia herrikoia eta Juan Kruz Igerabide, Elisa Rueda, Xalbatore Mitxelena, Lauaxeta eta Bitoriano Gandiagaren lan bana musikatu ditu.

Elkar estudioan grabatua

«Izen poetikoa» hartu duen azken disko hau «presarik gabe gozatzeko modukoa» dela nabarmendu du Camiok. ‘Sei silabako gauak’ Canoren poesia da lan honen erreferentzia kantua −follia estiloan musikatua− eta «gauak garrantzi gehiago hartu» zuelako aldatu zion izena diskoari.

Elkar estudioan grabatu zuen, Victor Sanchezekin batera. Musika moldaketerako, zenbait kantetan Karlos Gimenezen laguntza izan du eta Valverdek kontatu du «funtsezkoa» izan dela bere ekarpena: «Ondo egokitzen da nik nahi dudanera, ondo konpontzen gara».

Francisco Herreroren (biolina eta biola) eta Ivan Carmonaren (cello) laguntza ere izan du Valverdek.