NAIZ

Erresidentzia eta eguneko zentro publikoetako eskaintza murrizketa salatu du EH Bilduk

EH Bilduk adinekoen zaintza sektorearen pribatizazio prozesua gaitzetsi du. Administrazioa gero eta adineko gehiago zentro pribatuetara bideratzen ari dela erakusten dute datu ofizialek, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan finkatutako helburuen kontra.

Ander Rodriguez, EH Bilduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ander Rodriguez, EH Bilduko legebiltzarkidea. (Raul BOGAJO/FOKU)

Ander Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkideak azken urteotan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema pairatzen ari den «muturreko pribatizazio prozesua» salatu du ostiral honetan Legebiltzarrean, Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoaren Ebaluazioan jasotako Lakuaren datu ofizialak mahai gainean jarrita.

Datu horien arabera, koalizioak azaldu du 2011tik 2018ra bitartean adinekoen egoitza zentro publiko eta kontzertatuetan plaza kopurua apenas aldatu dela (%0,6 gehiago urteko), baina, diru publikoa erabiliz, zentro pribatuetara bideratutako pertsonen kopurua %160 igo da. «Eboluzioa halakoa izanda, administrazioek ez dituzte 2015ean onartutako Plan Estrategikoan ezarritako helburuak bete», salatu dute.

Rodriguezek adierazi duenez, plan horren arabera egoitza zentro publikoek 12.467 plaza izan behar zituzten 2016an, baina errealitatea oso bestelakoa da, 2018an 10.814 plaza baino ez zeudelako, %13 gutxiago. Eta eguneko zentroei dagokienez, 2016rako helburua 3.705 plazara iristea zen, baina bi urte geroago %23 gutxiago zeuden. «Eskaintza publikoa murriztu bitartean, eskariak, aldiz, gora egin du nabarmen, 2006an 51.351 eskari jasotzetik 2018an 77.837 jasotzera pasatu baita».

«Datuak ikaragarriak dira», salatu du Rodriguezek, eta gizarte zerbitzuen sistemaren errealitateari buruzko « eztabaida publiko zintzoa» eskatu du. Hala adierazi dio, beraz, Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuari, bai eta sistema horri eman nahi dion norabidea argitzeko ere.

Ildo horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak gizarte zerbitzuen sistemaren pribatizazio progresiboa sustatzea leporatu dio Artolazabali eta prozesu horrek dituen ondorio larriez ohartarazi dio: «Zaintzaren kalitatea murriztu egiten da, lan prekarietate handia dakar, zaintzaren erantzukizun publikoaren ideia oro desagertzen da eta errentan oinarritutako diskriminazioa sortzen da arreta eta zaintza eskuratzean».

«Desleialtasun instituzionala»

Bestalde, sailburuak EH Bilduri «desleialtasun instituzionala» leporatu dio, dokumentuaren zirriborroko datuak «modu partzialean eta interesatuan» iragazi eta erabiltzea egotzita. Artolazabalen arabera, Rodriguezek ez du errespetatu Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema erakundeen «ebaluazio-prozesua».