NAIZ

Imanol Rojo iraupen-eskiatzaile tolosarrak garaipena lortu du Europako Kopan

Lehen garaipena da zirkuitu kontinental honetan gipuzkoarrak. Estilo klasikoko 15 kilometroko proban gailendu da Formazzan (Italia) jokatutako lasterketan.

Imanol Rojo, erdian, Italian  Europako Kopan irabazi eta gero. (BASQUE TEAM)
Imanol Rojo, erdian, Italian Europako Kopan irabazi eta gero. (BASQUE TEAM)

Imanol Rojo tolosarrak Europako Kopari (OPA, Alpen Cup) dagokion estilo klasikoko 15 kilometroko proba irabazi du larunbat honetan. Formazzan (Italia) jokatutako lasterketan gipuzkoarrak lehen postuan bukatu du (40:00.5), Andorrako Ireneu Esteve Altimiras (+9.0) eta Suitzako Ueli Schnider (+30.1) lehiakideen aurretik.

Bi aldiz olinpikoa izan den Imanol Rojok sasoi ezin hobean jarraitzen du; horren erakusle da gaurko garaipena, lehena zirkuitu kontinental honetan. Basque Teameko kirolariak denboraldirik onena sinatu zuen iaz eta honi ere gogor ekin dio, osasun krisiak eragindako arazoak gorabehera. Espainiar Estatuko rollerski txapelduna izan zen Jakan, 53. izan zen Ulrichengo opako 1,5km-ko proban, 25.a 15 kilometroko proban, 41.a Davoseko Munduko Kopako 15 kilimetrokoan eta txapeldun larunbat honetan Formazzan.

«Sentsazio harrigarriekin amaitu dut proba eta materialaren aukeraketa perfektua izan da. Egia esan, oso pozik nago egindako lanarekin, eta gainera, estilo klasikoko proba batean garaipena lortu izanak ilusio berezia egiten dit», adierazi dio eskiatzaileak Basque Team Fundazioari.

Rojok 2020-2021 denboraldian Munduko Kopako 30 onenen artean mantentzea du helburu, eta maila onari eustea otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran Oberstdorfen (Alemania) jokatuko den Munduko Txapelketan. Gainera, kontuan izan behar da denboraldi honetatik aurrera Munduko Kopako probak puntuatzen hasiko direla Beijing 2022rako sailkapenari begira, Rojorentzat hirugarren Olinpiar Jokoak izango liratekeenak.