Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Jauzi egiteko tranpolin bat

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (II)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

«Itotako lur bat, oihanez estalia, malariak kolpatua eta piztia basatiz betea». Horrela deskribatu zuen XIX. mendeko kronika batek Sundarbans eskualdea, munduko padura handiena, munduko golkorik handienean, Bengalan. Ganges sakratuaren bokalean gaude, egungo koronabirusaren azalpenen bila.

Indiaren jaun eta jabe izan arren, mogolek ez zuten ezer jakin izan nahi marearen arabera itsaso edo lur bilakatzen den eskualde zabal horri buruz. Harik eta britainiarrak, Erebus ontziak Antartikara eraman zuen Union Jack bandera berbera eskuetan, eskualdera iritsi ziren arte.

Ordura arte hango arrantzale komunitate txikiek urri populatutako Sundarbans 1760an egin zuten bere. Hurrengo mende erdian 2.000 kilometro koadroko basoa desagerrarazi zuten arroza ereiteko. Inperioak jan zezan, Bizkaiaren tamainako lurralde bat suntsitu zuten urte gutxitan. XIX. mende hasieran, eskualdearen %90 gizakiek okupatzen zuten jada. Orduan ez zekitena zen Sundarbanseko basapiztia arriskutsuenak ez zirela tigreak, kopepodo izeneko krustazeo txiki-txiki batzuk baizik. Hain txikiak, non zooplanktonaren barruan sailkatzen diren.

Ez gaitezen, dena den, bidegabeak izan. Kopepodoak ez dira errudunak, haien baitan bizi den Vibrio cholerae bakterioa baizik. Mendeak zeraman bakterio horrek kopepodo horietan bizitzen, eta antzinako Indian kolera gaitzaren antzekoen erreferentziarik topa baliteke ere, inoiz ez zuen pandemiarik eragin. Inoiz ez zuen, era berean, hainbeste gizakume izan bere inguruan.

Mutazioz mutazio, gizakiaren kontaktuaren laguntzarekin ziurrenik, bakterioak gizakia infektatzeko gero eta gaitasun handiagoa lortu zuen, eta halako batean buztan luze bat eta toxina jakin bat garatu zituen. Inflexio puntua. Buztanak bakterio bat bestearekin lotu eta koloniak osatzea ahalbidetu zuen, eta toxinak gizakien hesteen jaun eta jabe egiteko gaitasuna eman zion. Horrek gizakien arteko kutsatzeari bide eman zion, eta hara! Zoonosia biribilduta zegoen: Aro Modernoko lehenengo pandemia ate joka. 1817ko abuztuan deklaratu zen Sundarbanseko Jessore hirian. Hilabete gutxian Bengalako golkoko 500.000 kilometro koadroetan hedatu zen, eta hurrengo sei urteetan Asia guztira zabaldu zen. Hurrengo mendean beste bost pandemia eraginen zituen, eta gaur egun kolera endemikoa da munduko leku batzuetan, nahiz eta tratamendu erraza izan. Azken agerraldi larria Haitikoa izan zen, Nazio Batuen banderapean Karibera iritsi ziren soldadu nepaldar batzuek bakterioa eraman eta gero.

Zaireko termo bat Belgikan

Beste adibide bat, ideia uler dadin. 1976an Jean-Jacques Muvembe Tamfum birologo kongoarra Yakumbuko misiolarien artean hedatzen ari zen gaixotasun berri bat ikertzen hasi zen. Eskualde urrun hartako hainbat biztanle sukarrak jota zeuden, batzuei odola zerien edozein zulo eta arrakalatik, begiak barne. Zerbait berria. Muvembek moja gaixo baten odol lagin bat termo batean sartu eta Belgikara bidali zuen. Peter Piot biologoak 27 urte eskas zituen laborategira termo hura iritsi zitzaionean. Lagina mikroskopio elektronikoarekin aztertu eta suge itxurako birus ezezagun andana ikusi zuen Piotek.

Hamarkada bat lehenago Alemanian agertu zen Marburgoko birus arriskutsuaren antza zeukan Afrikatik iritsitako birusak, baina Piotek zerbait berria zela sinetsi, maletak egin eta Yakumbura joan zen, orduan Zaire deitzen zen gaur egungo Kongora. Transmisio bideak zein ziren argitu –kontaktu zuzena beharrezkoa zen–, birusa izan zezaketen pertsona guztiak isolatu, berrogeialdiak ezarri, eta hiru hilabeteren buruan kontrolpean zegoen agerraldia. Belgikara itzuli aurretik, Pioti birusa izendatzea egokitu zitzaion eta Yakumburen izena ez zikintzearren, eskualdeko erreka baten izena eman zion: Ebola.

Hurrengo 40 urteetan hainbat agerraldi egon ziren Afrikan, baina sekula ez epidemiarik. XXI. mendera heldu arte. Kongotik Gineara bidaiatu behar dugu, gero eta hobeak diren garraiobide afrikarretan, gero eta jende gehiago bizi den kontinentean: 300 milioi inguru 70eko hamarkadan, 1.300 milioi gaur egun. Gueckedou hiri inguruko komunitateak, Liberia eta Sierra Leonarekiko muga hirukoitzetik oso hurbil, ez daude jada iraganean bezain isolatuta. Aurreko bi hamarkadetan errefuxiatu andana iritsi da inguruko baso tropikaletara. Hogei urtean baso horien %85 desagertu dira, neurri handi batean gerrarako baliabideak lortzeko lehengaia izan baita egurra eskualdean. 1970eko hamarkadako satelite bidezko irudietan, uharte marroiak ozeano berdean ikusten ziren; mende bukaeran, aldiz, uharte berde txikiak ozeano marroian. Birusa gizakiei kutsa diezaioketen saguzar, hominido eta abarrek gero eta leku gutxiago zeukaten eurentzat, beraz. Eta gero eta kontaktu handiagoa gizakiekin.

2013an hasi zen ebola agerraldia Gueckedou inguruan, eta 2014an egin zuen eztanda. Notizia Osasunaren Mundu Erakundera iritsi zenerako, epidemiak jauzia egina zuen Liberia eta Sierra Leonara. «Epidemien aurka esperientzia daukagu, baina inoiz ez genuen ikusi tamaina honetako larrialdirik», esan zuen Margaret Chan OMEren misioko arduradunak. Urte askoko gerrak txikituta, ez Liberiak ez Sierra Leonak ez zuten ebolari aurre egiteko baliabiderik. Urte erdian 10.000 baino gehiago hil ziren.

Zoonosien zozketarako txartel zaku bat

Zoonosien zerrenda luzea da, eta horietako askotan gizakiaren esku hartzea nabarmena da: zenbat eta leku gehiago jan naturari, orduan eta kontaktu handiagoa daukate bertan dauden animaliek –eta gordetzen dituzten patogenoek– gizakiarekin. Ondorioz, birus, bakterio edo beste patogeno ezezagun batzuek gizakietara jauzi egiteko aukerak biderkatu dira azken urte eta hamarkadetan. Zoonosiak zozketa bidez banatuko balira, txartelez betetako zaku bat generamake gainean.

Adibide ugari daude. Nipah birusak Asiako hego-ekialdeko saguzarretan zeukan gordailua aspalditik, baina zoonosia gauzatuta (1998an), gizakiak kutsatzen dituen birus emergente gisa sailkatzen du jada OMEk. Hori gertatu aurretik, saguzarretatik txerrietara egin zuen salto birusak, eta txerrietatik –ostalari bitartekaria– gizakietara. Nola? Malaysiako ustiaketa intentsiboko abeltegi erraldoiak handitzen joan ziren neurrian, oihanari lekua jaten joan ziren, eta bestela elkartzea zaila izanen zuten bi animalia espazioa partekatzen hasi ziren: saguzarrak eta txerriak. Gaur egungo birusak ez du dagoeneko ostalari bitartekaririk behar, zuzenean egiten du salto saguzarretatik gizakietara.

Gehiago: aurten Andaluzian agertutako Mendebaldeko Niloko birusa. Aspaldiko ezaguna da birologoentzat, Ugandan identifikatu baitzuten lehenengo aldiz 1937an. Birusaren gordailuak hegaztiak dira, eta gizakiei –eta beste animalia batzuei– eltxoek transmititzen diete, animalia infektatuari hozka egin eta gero. Kasu horretan, intsektuak bektoreak dira. Baina edozein hegaztik ez du birusa gordetzen; adibidez, beleak eta txantxangorriak, bai. Urteetan zehar, hegazti dibertsitateak birusaren zirkulazioa mugatu du, baina dibertsitatea galtzen doan neurrian eta errazago egokitzen diren hegaztien populazioa hazten doan neurrian –AEBetan, adibidez, bele eta txantxangorri gero eta gehiago daude–, birusa gero eta gehiago hedatzen da.

Aldi berean, eltxoek transmititzen dituzten gaixotasun jatorriz tropikalak –Mendebaleko Nilokoaz gain, dengea, malaria eta zika, besteak beste– gero eta maizago topatzen ditugu berez epelak diren guneetan. Adibide garbiena etxean izan dugu aurten. Urrian bi mihi urdin kasu topatu zituzten Gipuzkoako ardietan. Culicoides eltxoak transmititutako birusa da mihi urdinarena, ardien eta behien artean kalte handiak eragin ditzakeena, eta komunitate zientifikoan adostasuna dago: klima aldaketak jada Europako ateak ireki dizkio birus horri.

Aspaldiko ezagunak

Patogenoak ez dira inperialismoaren, industrializazioaren eta kapitalismoaren sorkuntza. Hortxe daude gripea eta baztanga, Justinianoren Izurria –Bizantziar Inperioari azkena eman eta Erdi Aroa deitzen diogunari bidea ireki ziona–, eta izurri beltza, Europa birrindu ondoren berpizkundearen sua piztu zuena. Gu baino lehenago zeuden mikrobioak hemen. Are gehiago, gure genomaren zati handi bat birusen geneek osatzen dute. Birusek nahitaezko betebehar ugari dituzte Lurrean bizitza ahalbidetzeko. Larrua jotzea bera, agian, birusei zor diegu. Baina ez despistatu, hori aurrerago azaltzen saiatuko gara.

Mikrobioak betidaniko bizilagunak ditugu, onerako eta txarrerako, baina azken urteetan –eta datozenetan– eragiten dituzten gaixotasunak ezin dira azaldu gure bizimoduari erreparatu gabe, ezta azken bi mendeetan eraldatu dugun munduaren egoera aintzat hartu gabe. Izan ere, ekosistemen alterazioak, gerrek, nekazaritza eta abeltzaintza eredu intentsiboak, klima larrialdiak eta gizakion beste zenbait obrak abiadura esponentziala hartu dute azken 200 urteotan. Batzuetan zoonosia bera gertatzea errazten du gizakiak, beste batzuetan patogenoaren hedapena da errazten duena, baina beldurrik gabe esan daiteke gaur egungo pandemiak gizakiaren ekintzek modelatzen dituztela neurri handi batean. Aldi berean, eta hemen dago paradoxa (edo ez): patogeno eta pandemia horien inguruko jakintza inoiz baino handiagoa da gaur egun, bi mende hauetan ezagutza zientifikoak egindako jauzi izugarriari esker. Horren inguruan marraztuko dugu bihar zirkulu berri bat, adarbakar baten adarretik ateratako hautsaren laguntzarekin.

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak