Yurre Ugarte

Museo etnografikoa, altxorren gordailu

Artetako museoa, etnografikoa den aldetik, bildumagile ezezagun edo artisauen piezek osatzen dute. Alabaina, erakustokiaren antolatzaile Jose Ulibarrena eskultorearen begirada artistikoa nabaritzen da bazter guztietan. Harekin egon zen NAIZ orain bost urte. Eta honako hau idatzi.

Jose Ulibarrena.
Jose Ulibarrena.

Nafarroako Ollo ibarreko Arteta herrian gaude, Jose Ulibarrena eskultoreak sorturiko Museo Etnografikoaren atarian. XVII. mendeko Fantikorena etxean kokatua dago, aipatu mendeko herri arkitekturaren barnean sailkatzen den eraikin batean; gaur egungo museoen joera arkitektonikoak kontuan izanez gero, Fantikorenarenak ez dauka itxura deigarria. Alegia, ez da nazioarteko arkitekto ospetsu batek diseinaturikoa edo espresuki museo izateko eraikitakoa, bertan bizitzeko egin zen etxea baizik, hiru isurialdeko teilatua eta harrizko horma sakonak dituena, inguruko beste etxe batzuen antzera. Hala ere, museo honen sarreratik bertatik, guztia da ezusteko eta deigarri.

Museo batek normalean dakarren aseptikotasunetik urrun, lanean dabilen artista baten estudioaren atarian gaudela ematen du; begiak non sorkuntza han: atearen albo batean, egurrean zizelkaturik «Erakustoki euskaria» dioen kartela dago, burdinazko eta zurezko gurpil handi eta zahar batzuen gainean. Hortik hurbil, totem moduko zurezko zutabe batean «Adiskide» jartzen du, eta, burdinazko uztaien eta bizikleta baten atzean auskalo noizko zalgurdi bat dago. Zokoratuta eta lurrean dirau inoiz kartel ofiziala izan zenak, «Museo etnográfico» dioen kartel zeharo herdoilduak.

Barrura sartu ahala, herri ondarearen bilduma harrigarri baten lekuko gauzka museoak. Bilduma osatzen duten 120 gremio eta azpigremioetatik erdietsitako objektuen ugaritasunak begiak itsutzen dizkigu, nora begiratzen hasi ere ez dakigula. Gainera, pieza bakoitzaren berezitasuna antzematen da; estilo, erabilera, jatorri eta antzinatasunari dagokionez, ezberdinak baitira guztiak. Aldi berean, Ulibarrena artistaren begirada (eta bere ondorengoena, egun museoaz arduratzen direnena) gailentzen da bilduma antolatzeko moduan, edo bestela esateko, bilduma erakusteko sortu duen eszenografia eta giroa da museoa harribitxi bihurtzen duena, ezbairik gabe.

10.700 pieza baino gehiago

Aseptikoki isolatuko lituzketen bitrinarik gabe eta txartel argigarriren beharrik gabe antolatuta baitaude museoan kontserbatzen diren piezak, 10.700 baino gehiago, elkarren artean hizketan eta, zinez, bisitarioi hizketan, bizirik egongo balira bezala. Hain justu, horixe da Fantikorenak behe solairuan sartzen garen unetik eragiten duena; bizirik dirauten objektuen artean gabiltzalako sentsazioa, antzinako ipuin baten orrialdeetan barrena murgilduko bagina bezala.

Ildo beretik, egun Rosa Herce amarekin batera museoaz arduratzen den Elur Ulibarrenak argi eta garbi dio: «Objektuak testuingurutik at kokatzen badituzu, zentzua galtzen dute, diskurtsoa galdu egiten da. Gure museoan zentzua dauka den-denak, bizirik dago dena». Agian horrexegatik, museo honetan ez zara inoiz aspertzen.

Objektuen bolumena eta pisua direla medio, beheko solairuan kalekumeok inoiz ezagutu eta erabili ez ditugun narrak eta lerak, gurdiak, uztarriak (are hirukoitzak), igitaiak, suburdinak, aizkorak eta joareak daude, besteak beste. Alegia, garraio, abelazkuntza, nekazaritza, uzta-bilketa, itsaskuntza, artzaintza, zurgintza, okintza, hilarrigintza, kutxagintza eta uhalgintzari lotutako tresnak. Halaxe, geure imajinazioa jada ezinbestean piztuta, eskaileretan gora jarraituko dugu sabaitik zintzilikatutako Caravinagre zahar baten gidaritzapean.

Lehendabiziko solairuan, antzinako sukalde bat dago osorik, garai eta toki ezberdinetako elementuez hornitua. Duela ez horrenbeste, horrelako sukalde batean hasten baitzuten eguna. Gosaltzen jarduteko, aurrena, txapa piztu beharra zegoen (horrek zekarren lanarekin) beste norbaitek, esnea edango bazuten, behiak jezteari ekiten zion bitartean. Eta, gosaltzeko ogia? Orea dendan erosi ondoren, mikrouhin labean sartu eta botoi bat sakatuta egiten al zuten? Ez horixe. Erdiko tximinian integraturik bada ogia egiteko labe bat eta haren bobedan hura egiteko teknika ikusi ahal da.

Jantzi, oihal eta brodatu

Bagoaz logelara, non ohearen eta hainbat sehaskaren artean, jantziek, oihalek eta brodatuek antzinako egunerokotasunera iltzatzen gaituzten, marrazki bizidunetako film batek, bideo batek edo testu teoriko batek nekez lortuko lukeen moduan. Dena den, bisitariak girotze txundiarazle honetatik urrundu nahiko balu, solairu berean zain dauka liburutegia, eta hor, bostehun etnografia eta historia libururekin topo egingo du. Jose Ulibarrenak, etnografia kontuetan, bere burua aita Jose Migel Barandiaranen ikasle eta jarraitzailetzat du. Gainera, 1962an elkar ezagutu zutenez geroztik, museoak antolaturiko erakusketa bat baino gehiagoren inguruan idatzi izan zuen ataundarrak, baita ulibarrenatarren lana azpimarratzeko idatzi ere. Maisuaren omenez, zeramika polikromatuzko buru bat landu zuen eskultoreak.

Liburutegitik kanpo, ordea, bada gortina artean estalitako apalategi bat. Zer ezkutatzen ote du oihalak?, bururatzen zaigu automatikoki, ipuin honetako altxor ezkutuaren pasartera heldu garelakoan. Honakoan ere, eszenografiak ez du hutsik egiten, armairuaren mostaza koloreko atzealdea Ulibarrenak berak diseinaturikoa da, eta, alajaina, gortinak gora egin dezan irrikaz gara bisitariok, altxorra deskubritzeko gogoz. Bada, Nafarroako Erresumaren urte-liburuaren sei aleek diraute bertan, 1684an Jose Moret Mendik apailatutakoak (Annales del Reyno de Navarra). Iraganaren misterioa, liburutzarren letra artean. Ondoko gelan, XII.mendetik XIX.ra bitarteko Nafarroako Erresumaren txanponen bilduma ere badago.

Solairu honetako gainerako geletan ere aho zabalik jarraitu dugu; zer esanik ez jostailu eta ibilgailuen gelan, non Felliniren film baterako prestatutako eszena bat bailitzan, mota diferenteetako bizikletak, txirringak eta gaur egungo patineteen aurrekariak aurkitu baititugu, batzuk sabaitik zintzilik. Ia amets baten barruan gaudelakoan, ez da harritzekoa, ezustean, gu geu Pinotxoren beraren bila hasi izana. Tira, non gauden eta zer/zein garen ahaztekotan gauden honetan, urratsak bideratu ditugu beste geletara, hau da, argazkigintza, kirola, musika, inprimaketa, mitologia, tapizak eta zapatagintza alorretako objektuen artean geure burua nahastera.

Museoaren gailurra

Ohartu garenerako, museoaren tontorrera heldu gara, hirugarren eta azken solairura; ipuinaren balizko bukaerara, beraz. Zeramika gelatxo bat bisitatu ahal da. Orokorrean, garbiketa tresnak daude, XVIII. mendeko bainuontziak, dutxak, bainugela oso bat eta bitrina batean (bakarrenetakoa) emakumezkoen eta gizonezkoan afeiteak, botikak eta ukenduak gordetzeko ontziak. Baina, jakin badakigu bukaera, ipuin ororen bukaera, ezin dela nolanahikoa izan, eta, Fantikorena-ko azken solairuan ere halaxe suertatzen da.

Museoaren gailurra Teodosio Goñikoa izeneko gela dugu. Goñi Arteta ondoan dagoen herria da eta kondaira ezagunaren protagonistaren omenez izendatu dute gailurra. Deigarri, harrigarri, txundigarri; dagoeneko erabili ditugu adjektibook eta ez zaizkigu nahikoa. Esan liteke gela honek laburbiltzen duela orain arte museoan bizi izan dugun guztia. Apailatzaile eta sortzailearen sinadura da. Mendiaren gailurra zapaltzean dakusagun paisaia deskribaezinaren pareko. Edozein artista surrealista eroso sentitzeko moduko lekua: antzinako zurezko ohe bat dago, animalia larruz estalia. Burkoaren ordez zurezko uztarri bat dauka, eta, ohearen gainean, zintzilik, basurde lastoztatu bat. Ondoan, zurezko sehaska zaharra. Hormetan, lanabes eta tresna ugari eta Ulibarrenak berak egindako Jose Migel Barandiaranen bustoa, bi igitai eta gurutze baten artean kokatua. Museoaren bukaera dugu, edota, istorio on guztiekin gertatzen den legez, buruan zuk zeuk asmatuko duzunaren hasiera.

Jose Ulibarrena

Duela gutxira arte Fantikorena etxea, alegia, museoa, bizileku eta estudio izan du Jose Ulibarrena eskultoreak. Urtarrilean 92 urte bete zituelarik lanean jarraitzen duen artista bakan hau, gaztetan, Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan ikasketak burutu ostean, Valladoliden aritu zen tailugileen tailerretan. Gero, Parisen eskultura ikasi zuen Marcel Gimonderekin, beka bati esker.

Venezuelan urte mordoa eman zuen, eskultore gisa ospea lortuta. Eskultore izateaz gain, etnografia eta antropologia alorretan ikerketak egiten eman du bizitza. Ulibarrenaren eskultura ezagunetarikoak dira Noaingo gudua gogorarazteko eginiko oroigarria (Getzen), eta ‘Gurutzada Santuan tiroz hildakoak’ (Sartagudako Memoriaren Parkean), besteak beste. Idatzi dituen liburuak aurki daitezke bai Nafarroako Liburutegian, Iruñean, bai museoan bertan, salgai: ‘Museo Etnográfico del Reino de Pamplona’ (1990), non auzolanari garrantzia ematen dion. Escultura, pintura, tapiz’ (1976), “La puerta principal” (1978), ‘Plástica étnica euskariana’ (1992) eta ‘La escultura magistral de Lumbier’ (1993).

1964an Berriobeiti herrian zabaldu zituen Museo Etnografikoaren ateak estreinakoz Jose Ulibarrenak. 1974an, haren seme-alaba nagusiek museoaren berrantolaketari ekiteko Nafarroako Pedro Mariskala Fundazioa sortu zuten, eta horren bitartez hobekuntzak eta elkarlanak ugaritu ziren. 1986an, Artetako Fantikorena etxera eraman zuten museoa, jada Nafarroako Gobernuaren museoen sarean txertatua zelarik. Baina, duela zazpi urte, Museo Lege berria aplikatuta, diru-laguntza kendu zion Nafarroako Gobernuak, eta, egun, Rosa Herce emaztearen eta alaba Elur Ulibarrenaren gidaritzapean dagoen museoak bere poltsikotik jartzen du are bisitarientzako beharrezkoa den argia ordaintzeko dirua.

Museoan murgildu ostean, bisitari batek esan omen zuen: museo honek museo bat behar du. Eta ez zebilen oker.