NAIZ

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak irekitzea eskatu die EH Bilduk gobernuei

Ipar eta Hego Euskal Herriko mugen itxiera ardatz, Akitania Berria–EAE-Nafarroa Euroeskualdearen markoan «ezohiko eta premiazko» bilera bat deitzeko mozioak aurkeztu ditu EH Bilduk Iruñea eta Gasteizko legebiltzarretan. «Pandemia garaian, arazoi gehigarri bat da bizilagunentzat».

Mugen itxieraren kontra iragan larunbatean Hendaian egindako ekimena. (Guillaume FAUVEAU)
Mugen itxieraren kontra iragan larunbatean Hendaian egindako ekimena. (Guillaume FAUVEAU)

EH Bilduk mozio bana aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, «ezohiko eta premiazko bilera bat deitzeko Akitania Berria–Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen markoan». Koalizio subiranistak, aurreko astean iragarritako Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi mugen itxierari heltzea eskatu du «horrek inguruko bizilagunen mugikortasunean duen eragina aztertzea eta mugak ahalik eta azkarren irekitzea».


Ohar baten bidez, EH Bilduk gogora ekarri azken urtean birritan itxi dituztela muga hauek «terrorismoaren aurkako borrokaren argudiopean». Honek inguruko herritarren egunerokotasunean eta mugikortasunean «eragozpen ugari» eragiten dituela azpimarratu dute. «Arazo gehigarria da inguruko bizilagunentzat, pandemiaren ondorioz harreman ekonomiko, sozial eta kulturalak nabarmen aldatu baitira», gehitu du koalizioak.

Gainera, ez du oinarri sendorik ikusten. «Argudio gutxitan oinarrituta dago», adierazi du EH Bilduk eta horren inguruan emandako «informazio frogagarririk eza» kritikatu.


Era berean, EH Bildu Nafarroak galdera bat ere erregistratu du Iruñeko Parlamentuan, «Nafarroako Gobernuak Euroeskualdeko organoei osasun krisiari aurre egiteko eta mugak ixtearen ondorioak aztertzeko egin dizkien ekimenak ezagutzeko». Galdera urtarrilaren 28ko osoko bilkuran eginen diote Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontsilariari.