NAIZ

Barrenetxea IV.ak eta Urrizak jokatuko dute erremonteko Mastersaren finala

Atzelari hernaniarrak 30-25 irabazi dio Juanenari eta Urriza 30-23 gailendu zaio Ansari igande eguerdiz jokatutako finalerdietan.

Endika Barrenetxeak udako arantza atera du Juanenearen aurka. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)
Endika Barrenetxeak udako arantza atera du Juanenearen aurka. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Barrenetxea eta Urrizak irabazi dituzte ez ohiko ordutegi eta egunean jokatutako UTS Master Txapelketako finalerdiak eta beraz azken bi urteetako txapeldunak jokatuko dute finala, datorren larunbatean, gaueko 23:00etan. Finalerdietako lehenengo partidan Barrenetxeak 30-25 gainditu du Juanenea kostata eta bigarren finalerdian Urrizak 30-23 irabazi dio Ansari. Bi partiduak onak eta joko maila altukoak izan dira baina, era berean, desberdinak.

Barrenetxea eta Juanenearen artekoa ezin berdinduagoa izan da. Azkenean atzelari hernaniarraren aldeko 1 eta 7ko partzialak erabaki du eta, bide batez, udako arantza ere atera ahal izan du.

Gora–behera askoko partidua izan da, markagailuan bataren edo bestearen aldeko aldeekin. Hasiera batean Juanenea hasi da agintzen eta 5-2 aurreratu da. Barrenetxeak buelta eman eta lau tantoko abantaila hartu du 6 eta 10ekoan. Juaneneak berriz ere irauli egin du markagailua eta bere alde jarri 20-17 eta 24-23 aurretik zela Barrenetxeak sei tanto egin diu jarraian 24-29 aurreratuz eta finalerdia erabakita utziz.

Sakearekin min handia egin diote batak besteari eta agian zuloa errebotean eduki du Juaneneak. Aurrean piloteoan Barrenetxea baino gehiago zen, baina hernaniarrak atzeko pareta bilatu du eta ongi irten zaio apustua.

Sustoa Urrizarentzat

Bigarren finalerdia desberdina izan da. Urrizak agindu du eta partidan sartzea kosta zaion Ansa baten aurrean 6-1 aurreratu da. Bazirudien partida erraza izango zela sei aldiz txapela hau jantzi duen erremontistarentzat, bederatzi tantoko abantaila lortu du iruindarrak 23 eta 14koan, baina urnietarra esnatu eta hiru tantora jarri da 23-20.

Urrizak, beti bezala, ongi defendatzen zuen eta Ansak bere beso indartsuarekin abiadura asko eman dio pilotari. 25 eta 22 zirela Urriza sakearekin asmatzen hasi da eta sei tantoko alde erabakigarria hartu du 28-22 aurretik jartzeko. Azkenean 30-23 gainditu du Ansa, baina ez du batere partidu erraza izan.