NAIZ

Haritzaldek 65 zuhaitz gehiago landatu ditu Loiolako Erriberan

Haritzalde Naturzaleen Elkarteak 65 zuhaitz landatu ditu Loiolako Erriberan, ‘U30 Aldaketaldia’ ekimenaren baitan.

Zuhaitz landaketan herritarrek hartu zuten parte. (HARITZALDE)
Zuhaitz landaketan herritarrek hartu zuten parte. (HARITZALDE)

Haritzalde Naturzaleen Elkarteak, Erribertxo Kultur Elkartearen laguntzaz eta Donostiako Udalaren babesarekin, zuhaitz landaketa burutu zuen atzo Loiolako Erriberan. ‘U30 Aldaketaldia’ ekimenaren baitan egin zen.

Ohar batean azaldu duenez, aurreko urteetan sorturiko ibar basoari ale berriak gehitu dizkiote. Horrela, oraingoan 65 zuhaitz gehiago sartu dituzte: haltzak (Alnus glutinosa), zume gorriak (Salix alba), astigar txikiak (Acer campestre), haritzak (Quercus robur), lizarrak (Fraxinus excelsior), ereinotzak (Laurus nobilis) eta gorostiak (Ilex Aquifolium). Herritarren laguntza izan zuten landatzeko zereginetan, eta guztiei eskerrak eman dizkiete.

Koronabirusa dela eta, araudia eutsiz neurri bereziak ezarri behar izan zituzten eta aurretik ezinbestekoa izan zen izen ematea. Era berean, zuhaitz landaketa txandatan burutu zuten; toki bakoitzean familia bat egon zen.

Haritzaldek bere oharrean adierazi duenez, landaketa elkarte horrek ‘U30 Aldaketaldia’ ekimenari egiten dio lehen ekarpena, izan da, «baina ez da azkena izango». Hala, Donostian eta Altzon landaketa gehiago egingo dituztela aurreratu du. Gainera, urtarrilaren 30ean Donostian egingo den eta Kristina Enea-Gladys Eneatik 17.00etan aterako den manifestazioan parte hartuko du Haritzaldek.

‘U30 Aldaketaldia’ Larreko Mahaiak sustatutako ekimena da eta honako hau du helburu: urtarrilaren 30aren bueltan, ahal den herri, auzo, ikastetxe eta lantoki guztietan klima, bioaniztasun eta, oro har, ingurumen larrialdia salatzeko ekintzak antolatzea.