NAIZ

Zaintza sektoreko langileei astearte honetako greban parte hartzeko deia egin diete sindikatuek

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek grebara deitu dituzte astearte honetan EAEn zaintza alorrean diharduten langileak, besteak beste, adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko laguntzakoak eta eguneko zentroetakoak.

Kalitatezko zaintza sistema publiko bat aldarrikatuko dute sindikatuek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Kalitatezko zaintza sistema publiko bat aldarrikatuko dute sindikatuek. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Zaintza sektorerako ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK-k deitu duten greba honek Satse erizainen sindikatuaren edota CNTren babesa ere badu, besteak beste. Zaintza sektoreko langileentzako duintasuna aldarrikatzen dute deitzaileek, lan prekarietatea salatuz eta kalitatezko sektore publiko bat defendatuz.

Hirugarren adinekoen egoitzetako (publikoak eta pribatuak), dibertsitate funtzionaleko, etxeko laguntzako, esku-hartze sozialeko, hezkuntza-aisialdiko, animazio soziokulturaleko, telelaguntzako eta gaixotasun mentaleko langileei eragiten die deialdiak.

Hala, deitzaileek abiapuntu desberdinak izango dituzten mobilizazioak antolatu dituzte hiriburuetan, baina puntu jakin batean bat egin eta elkarrekin egingo dute protesta.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazpenak egingo ditu, sindikatuak Bilbon antolatutako manifestazioa Lakuako egoitzatik abiatu baino lehen.

LAB sindikatuak ‘Zaintza lana aitortu, orain!’ lelopean egingo ditu mobilizazioak, gizarte zerbitzuen sistema eta kudeaketa publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzeko. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak Bilboko manifestazioan parte hartuko du.

CCOO Euskadiren deialdiaren leloa ‘Zerbitzu eta gizarte zerbitzu publikoak indartu. Zaintza eta gizarte-zerbitzu duinak’ izango da. Loli Garcia idazkari nagusiak ere parte hartuko du zentralak Bilbon antolatutako mobilizazioan. Pio Baroja plazatik abiatuko dira.

UGT Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzak ere Bizkaiko hiriburuan egingo duten manifestazioan parte hartuko du.