NAIZ

Mirakontxa-Easo zatiaren esleipen berria eten dezala eskatu dio Satorralaiak Lakuari

Donostiako Metroaren pasantea geldi dezatela aldarrikatu eta «obra egiteak dakartzan ingurumen erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza arrisku oso larriak kontuan hartuta», Mirakontxa-Easo zatiaren esleipen berria eten dezala eskatu dio Satorralaia mugimenduak Lakuako Gobernuari.

Luiziak sortutako zuloa ixteko tunelaren sekzio osoa betetzen duen zementuzko kontrahorma. (SATORRALAIA)
Luiziak sortutako zuloa ixteko tunelaren sekzio osoa betetzen duen zementuzko kontrahorma. (SATORRALAIA)

Satorralaia mugimenduak datorren ostiralean, hilak 29, 12:00etan protesta ekintza informatiboa egingo du metroaren eraikuntza lanak Kontxako hondartzaren azpian egiteak eragindako «ingurumen erasoa eta arrisku oso larriak» salatzeko. Lehenik, elkarretaratzea egingo dute hondartzan zementuzko mortairuak injektatzeko ETSren egiten ari den lanen aurrean eta 12:30ean agerraldi informatiboa, Lakuak esleitu duen ‘Mirakontxa-Easo tartearen Eraikuntza-Proiektua (2. Fasea)’ egitasmoan «metroaren obra egiteak dituen arriskuak» ezagutzera emateko.

Zentzu horretan, eraikuntza proiektuak berak, ekainaren 5ean Kontxaren azpian tunelaren zulaketa lanetan izan zen luiziaren ostean, hainbat puntutan «baldintza geotekniko oso txarrak dituen zati batekin» aurkitzen dela nabarmentzen duela ekarri dute gogora. Era berean, proiektuak ohartarazten duenez, «barrunbe edo leize sistema honek luzeran duen jarraitasun handia dela eta, tunela egiteak ehundaka metrotako distantzian desegonkortzeak eragin ditzake lurrazalan, baita trazadutik oso urrun dauden eraikinen osotasunari ere kalte egin ahal zaiolarik».

Proiektuak berak esaten duena azpimarratuta, arrisku hori «tunelaren trazadua barrunbe-sistemarekiko norabide paraleloan garatuko den bitartean» mantenduko da. «Dirudienez, zirkunstantzia hauek 0+820 puntu kilometrikora bitartean dagoen 70 metro inguruko zatian mantenduko dira, non mazizo arrokatsuaren egitura desfaboragarritzat ematen den, ondorioz desegonkortzeak berriro gertatzeko arriskuarekin», gehitzen du idatziak.     

Elkarren artean konektaturiko barrunbe-sistema bat dago, lurrazala tunelaren kotarekin komunikazioan jartzen duena. «Barrunbe eta hutsune horiek obrarekin zuzenean ebakita suertatuko ez balira ere, tunelaren gainean pilatutako ur-zutabearen kargak egindako indarra litzatete kasu horretan lur-jausiaren eragilea, ezbeharraren bilakaerari erreparatuz gero, itsasoarekin lotura zuzena dagoela ondorioztatu bait daiteke». Zentzu horretan, gertatutakoa errepikatzeko aukerak ez ditu baztertu Satorralaiak.

Luiziak sortutako zuloa ixteko tunelaren sekzio osoa betetzen duen zementuzko kontrahorma bat eraiki zen. Plataformaren hitzetan, «proiektuak onartzen duenez, ziurgabetasuna dago Kontxako arkupeetan eta hondartzan egiten ari diren injekzio lanen emaitzaren inguruan. Izan ere, lurpean egiten diren injekzioak izanik,  operazioa nolabait itsuka egiten da, leizeen eta barrunbeen neurri errealak zehazki ezagutu gabe».

Bestetik, Itsasertzetako Zerbitzuak Metroaren obrak Kontxako hondartzan eragindako ingurumen erasoa egiaztatu du eta Lakuari «tunelaren obrak, zeinak hondartzaren errealitate fisikoan eragin kaltegarria izan duten, geldiaraz daitezela, harik eta itsas-lur eremu publikoa zeharkatzen duen trazaduaren inguruan azterketa oso bat egiten den arte» eskatu dio.     

Zentzu horretan, Satorralaiaren ustez, «ulergaitza» da Lakuak joan den abenduaren 30ean obra «presaka» esleitu izana, «Itsasertzetako Zerbitzuak eskaturiko azterketaren ondorioen berririk oraindik ez dagoenean».

Egoeraren aurrean, beraz, Donostiako Metroaren pasantea geldi dezatela berriro aldarrikatzeko eta «obra egiteak dakartzan ingurumen erasoa, gainkostu altuak eta eraikuntza arrisku oso larriak kontuan hartuta», Mirakontxa-Easo zatiaren esleipen berria eten dezala eskatzu dio Satorralaiak Lakuako Gobernuari.