NAIZ
Donostia

Salpak, Ondarretako maizter bitxi berriak

Donostiako Aquariumak berri eman duenez, Ondarretako hondartzan salpak agertu dira gaur. Itsas espezie bitxia da eta itxura gelatinakara eta gardena dute, baina ez dira marmokak eta ez dira arriskutsuak.

Salpak gardenak dira eta gelatinakarak. (AQUARIUM DONOSTIA)
Salpak gardenak dira eta gelatinakarak. (AQUARIUM DONOSTIA)

Gure kostaldean ikusten ohituta ez gauden itsas espezie bitxi bat agertu da gaur Donostiako Ondarretako hondartzan: salpak. Aquariumek eman du horren berri, ohar baten bidez.

Azaldu duenez, Ondarretan txakurrarekin paseatzen ari zen pertsona baten abisu bati esker, Aquariumeko langileak hara joan dira espezie bitxi hori identifikatzera. Paseatzen ari zirenek «objektu» garden bat ikusi dute itsasertzean eta marmoka edo plastiko zatiak ziren galdezka aritu dira. Aquariumeko langileak hara hurbildu ondoren, konturatu dira salpa izeneko espezie bitxiaz ari zirela hizketan bertara gerturatutakoak.

Salpak, itxura lirgindatsua eta gardena eduki arren, ez dira marmokak eta beraien artean ez daude erlazionatuta. Itsas espezie hau Tunicados izeneko animalia talde batekoa da, arraintzat hartzen ez diren ornodunen aurrekaria. Bakarrik edo kolonia handiak osatuz bizi dira. Fitoplanktonez elikatzen dira eta ugari daudenean berehala ugaltzen dira. Espezie hermafrodita da eta asexualki ugaltzen dira.

Aquariumeko adituek ziurtatu dutenez, salpak ez dira arriskutsuak. «Alderantziz, itsasoa garbitzen dute, fitoplanktonez elikatzen dira eta CO2 kantitate handia xurgatzen dute».

Ondarretan zergatik agertu diren azaltzeko, hipotesi hau darabilte: «Seguru asko, fitoplankton asko egongo da gure itsasoan eta horren eraginez korronte handietatik atera dira eta azkar ugaldu dira beraien artean. Ondoren olatuen eraginez gure hondartzan bukatu dute».