NAIZ

Espetxeko baldintzak direla-eta, kimioterapia hartzeari uko egin dio Antton Troitiñok

Antton Troitiño preso donostiarrak duen gaixotasun larria dela-eta hartzen ari den kimioterapia tratamendua uztea erabaki duela jakinarazio dio bere abokatuari, ez baitzaio «batere bideragarri egiten tratamendua jarraitzea, bai animoan bai fisikoki, espetxeratze-baldintzak gaindiezinak direlako».

Antton Troitiño, en una comparecencia anterior en la Corte de Westminster. (Justin TALLIS/AFP)
Antton Troitiño, artxiboko irudi batean, Westminsterreko Gortearen atarian. (Justin TALLIS/AFP)

Etxerat elkarteak ohar bidez jakitera eman duenez, Troitiñoren osasun egoera «nabari okertu da azken egunetan». «Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa (ordu eta erdiko ibilbidea egin behar du ospitalera joateko eta beste horrenbeste bueltatzeko, ez du dieta egokirik hartzen, medikazio falta…) eta aske utzi arte kimioterapia etetea erabaki du, bere gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil», adierazi du Etxeratek.

Troitiñoren egoera «larria eta onartezina» dela azpimarratu du Etxeratek eta, hala ere, astelehenean esan zutenaren harira, «Espainiako Auzitegi Nazionalaren labirinto burokratikoaren ondorioak jasaten» ari dela oroitarazi dute.

«Izan ere, –dio Etxeratek– gaixotasun larriari erreparatuta, urtarrilaren 11n, 104.4 artikuluaren bidez (3. gradua) kartzelatik ateratzeko autoa eman zuen espainiar Auzitegi Nazionalak; aldiz, atzo, 15 egun geroago, formula aldatu zen eta baldintzapeko askatasuna jaso zuen beste auto batek. Baina kasu guztietan, emandako autoen irmotasuna deklaratzeko behar diren epeak mantentzen ari dira Troitiñoren osasun-egoera kritikoa baloratu gabe, eta gauzak horrela, espetxean jarraitzen du».

Gaixotasunaren lehen sintomak 2020ko apirilean sentitu bazituen ere, irailera arte ez zutela artatu gaitzetsi du Etxeratek, «orduan bere defentsak bere askatasuna eskatu baitzuen».

«Egoera hau ez da batere zilegia, ezin da onartu presoa oraindik espetxean egotea», aldarrikatu du Etxeratek, eta, gaineratu dutenez, «salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi-baldintzak duinak izateko eboluzionatu behar du».

2011 urtean amaitua zen zigorra

30 urte baino gehiago eman ditu preso Antton Troitiñok. Bere aurkako jazarpena ez zen amaitu kondena bukatzerakoan. 2011. urtean gertatu zen hau, Huelvan, espetxean 24 urte baino gehiago beteta, baina hurrengo egunetan zenbait hedabide espainiarretan eskandalu gisa aurkeztu zuten erabakia, Intxaurrondoko etxera kazetariak bidaltzera iritsiz, eta ondorioz Euskal Herritik joatea erabaki zuen. Honela gogoratzen zuten gertatutakoa Marrubi Troitiño alabak eta Mattin Troitiño ilobak, GARAri emandako elkarrizketa batean.

Hortik gutxira berriro kartzelaratzeko agindua eman zuen espainiar auzitegi bereziak. Ehiza moduko bat abiatu zen hor eta azkenean Londresen atxilotu zuten Troitiño, bai eta inputazio berria osatu ere: «berriro ETA erakundean sartu izana». Jakina da ordurako (2012ko ekainean) ETAk borroka armatua behin betirako utzia zuela. Hala ere, erakundearen zerbitzura jarri izana egotzi zion Auzitegi Nazionalak, estradizio prozesu luze bat abiatuz, zeinean donostiarra batzuetan aske eta beste batzuetan preso egon zen. Segurtasun handiko espetxe den Belmarshen izan zuten.

2017. urtean britaniar auzitegiek ontzat eman zuten Espainiaratzea eta geroztiz espainiar kartzeletan egon da berriz Antton Troitiño. Ia sei urteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak, berez inolako ekintzarik ez zuela egin ontzat emanda baina berriro «ETAren zerbitzura» egotea leporatuz. Madrilgo Estremera espetxean egon da orain arte.

Kartzelan eman dituen denbora tarte guztiak bilduta, 30 urte baino gehiago izan dute giltzapean. Luzeena, 1987tik (‘Madril komando’ko kidea izateagatik atxilotu zuten) 2011. urtera arte.