NAIZ

‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak galera lazgarri baten berri eman du

Hil den lagunaren familiarekin hala adosturik izenik eman ez badu ere, ‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak agiria plazaratu du «gure eraikinen hesteak eragiten dituen harreman sozialen moztea eta alboko kalteak» agerian uzteaz gain galdutako lagun baten omenez.

Bere biziari amaiera eman dion lagunak oparitutako koadroa plazaratu du kolektiboak bere omenez. (NAIZ)
Bere biziari amaiera eman dion lagunak oparitutako koadroa plazaratu du kolektiboak bere omenez. (NAIZ)

‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak galera lazgarri baten berri eman du gaur iluntzean plazaratu duen agiri baten bidez.

Bere burua beste egin duen pertsonaren deitura eman gabe, bere familiarekin hala adosturik, jatetxe eta ostatuen itxiera salatzeko sorturiko kolektiboak frantses Gobernuak covid-19ri aurre egiteko agindu neurriek eragiten dituen ondorio latzetaz oharra egin du taldeak.

Era berean, sukaldari baionarra horren omenez, kolektiboak bere eskutik jaso zuen koadroaren irudia zabaldu du.

«Taula hori oparitu zigun kolektiboaren sorreran berdin sukaldari batek, lagun batek, lankide batek, bezero batek, edo gure familiako norbaitek. Pertsona horrek, arkatz kolpe baten bidez gure egoera adieraztea lortu zuen», azaldu du agiri horretan ostalaritza sektoreko kolektiboak.

Taldeak gehitu duenez «gure lagunak erabaki du gu uztea bere biziari bukaera emanez eta jestu horrek erakusten du, berriz ere, gure eraikinen hesteak eragiten dituen harreman sozialen moztea eta albo kalteak».

Hitz horien bidez, «omenaldi bat egin nahi diogu berari eta gure sustengu guzia ekarri bere senideei», azaldu du kolektiboak.

‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak bere aurkezpena egin eta aldarrikapenak jakinarazi zituen  urtarrilaren 25ean Saran eginiko prentsaurrekoan.

Pandemia dela-eta joan zen urteko urriaz geroztik itxita dauden ostatu eta jatetxeetan kudeatzen dituzten langileek pairatzen duten egoera larriaren nerri eman zuten.

Hautetsien eta erakundeen laguntza eskatu zuen taldeak, eta heldu den egunetan ekintza gehiago eginen dituztela aitzinatu zuen.

Ostalaritza pandemiarengatik lanbide «zigortuenetako» bat dela, eta etorkizunera begira ez dutela ateak berriz zabaltzeko «perspektiba izpirik» ere oroitarazi zuten ostalariek agerraldi horretan, hori dela eta elkartzea eta mugitzea «baitaezpadakoa» dutela nabarmendu zuten.