NAIZ

Podcast literarioak eta euskarazko kabaretak, Olatuak Plus programaren lehen edizioan

Lau proiektu hautatu ditu Olatuak Plus, kultura proiektuen sustapen eta zabalkunderako programa berriak lehen ediziorako: ‘El refugio de papel’ podcast literarioa, ‘Esnatu naiz’ kabareta, ‘Libro de ilustradoras vascas’ argitalpena eta ‘Zirriborroak eta gero’ irrati-nobela.

Olatuak Plus programaren aurkezpena, Koldo Mitxelena kulturunean. (NAIZ)
Olatuak Plus programaren aurkezpena, Koldo Mitxelena kulturunean. (NAIZ)

Kultura proiektuak sustatu eta zabaltzeko programa berri bat da Olatuak Plus, Gipuzkoako Diputazioak diruz lagundua. Lehen edizio honetan lau proiektu hautatu dituzte, Koldo Mitxelena kulturguneko ekintza publikoetan gauzatu eta #KMKElkarrizketak plataforman jasoko direnak, haien ikusgarritasuna indartzeko.

‘Zirriborroak eta gero’ Idoia Zabaletak, Ixiar Rozasek eta Arantxa Mendiharatek bultzatutako proiektua da, eta paradigma-aldaketa baterako alternatibak aztertzen ditu, jasangarritasunaren ideiatik abiatuta. Ipuin laburren bilduma gisa kontakizun eta fabula ezberdinak aurkeztu izan dituzte. Beste publiko batzuengana iristeko irrati-nobela planteatzen dute orain. Lehenengo emanaldian Harkaitz Canok Goiener-etik abiatuta idatzitako Kintsugi fabula eskainiko da, Arrate Rodriguezen ilustrazioekin, eta, bestetik, Uxue Alberdik idatzitako fabula, Paula Estevezen ilustrazioekin, abiapuntu dituena Usurbilgo hirigintza eta feminismoaren proiektua eta Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua.

‘El refugio de papel’ podcast literario bat da, Amaia Garcia Martinezek eta Slawomira Joanna Grabowskak sortua eta publikoaren pentsamendu kritikoa babestea helburu duena. Kapitulu bakoitzak gai ezberdin bat jorratzen du, eta liburutegien etorkizunari helduko diote oraingoan. Martxo erdialdera egongo da eskuragarri #KMKElkarrizketak-en.

‘Esnatu naiz’ euskarazko kabaret bat da, Gipuzkoako landa-eremuan pertsona trans batek duen bizitzari heltzen diona, umore formatuan. LGTBI+ kolektiboko testigantza bilduta osatuko dute kabareta. #KMKElkarrizketak-en kabareta bera ikusi eta pieza sortzeko prozesua jarraitu ahalko da.

‘Libro de ilustradoras vascas’ Katarzyna Lebiedzinskaren argitalpena da, izenak dioen bezala, Euskal Herriko emakumezko ilustratzaileen lana jasotzen duena. Emakumezko sortzaile gipuzkoarrei jarriko die harreta, pandemian eta kofinamenduan bizi duten egoera bilduko du. Koldo Mitxelenaren programazioaren barruan, apirilaren 17an mahai-inguru bat egingo da gaiaren inguruan eta ekitaldiaren grabazioa eta argitalpena #KMKElkarrizketak webgunean egongo da eskuragarri.

Dokumentu horiek #KMKElkarrizketak-en egongo dira eskuragarri, eta, irrati-nobelaren ekoizpena amaitzen denean, hori ere plataforma horretan egongo da.