Joseba Salbador Goikoetxea

TopTopa: denda txikien erakusleiho handi bat, euskaraz

Denda txikien etorkizuna Internetetik kanpo ezinezkoa dela konbentziturik, Nafarroako zazpi eskualdetako 46 dendak “online” salmentarako TopTopa plataforma berria jarri dute abian. Beren eskaintza hiru zutabetan oinarritzen da: gertuko zerbitzua, sarean eta euskaraz.

Web orrialdean denetarik aurki daiteke. Arropak eta oinetakoak bai, baina baita botikak, lurrinak, loreak, txokolateak…
Web orrialdean denetarik aurki daiteke. Arropak eta oinetakoak bai, baina baita botikak, lurrinak, loreak, txokolateak…

Hainbat urtetako lanaren ondoren, abenduaren 9an TopTopa “online” salmentarako plataforma abian jarri zen. Denok Bat Merkataritza eta Zerbitzuen Federazioak bultzaturik, bertan parte hartzen dute Bortzirietako, Malerrekako, Baztango, Leitzako, Sakanako, Iruñerriko eta Tafallako 46 establezimenduk. Proiektuan Cederna-Garalur tokiko ekintza-taldeak parte hartu du, Nafar Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenduaren finantzaketarekin eta Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamenduaren babesarekin.

Plataforma berriaren bitartez, erabiltzaileek eta bezeroek bitartekaririk gabe zuzenean erosi ahal izango dizkiete produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten saltzaileei. Hauek saltoki fisikoak ere badituzte herri horietan, eta bertan aurrez aurre ere eskaintzen dituzte beren produktuak. Plataforma Denok Bat elkarteak kudeatuko du irabazi-asmorik gabe, atxikitako saltokien ordezkari gisa.

Deñe Abuin Denok Bat Federazioko lehendakariak nabarmendu duenez, proiektua «tokiko eta hurbileko denda txikien lankidetza-ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza da». Tokiko merkataritza honek, gainera, «gure auzo eta udalerrien bizitasunari eta kohesio sozialari ekarpena egiten dio, egoera ekonomiko guztiz txarretan», Deñe Abuinen esanetan.

«Sektoreak eskatutako proiektua da, merkatarien oinarritik sortu eta landutakoa, eta establezimenduen autonomia eta kudeaketa bermatzen duen tresna, sektoreak berak kudeatuko baitu plataforma, Denok Bat elkartearen bitartez», gaineratu du.
Tresnaren softwarea Funtsak enpresak garatu du. Patti Martinez teknikariaren hitzetan, lanabes horren bitartez, «establezimendu bakoitza mikroespazio desberdinetan egituratzen da eta, sare komun berean koexistitzen badira ere, erakunde bakoitzak kudeatzen ditu, haien autonomia bermatuz». Aldi berean, “online” salmentarako plataforma handietatik bereiztea ahalbidetzen du.

Patxiku Irisarri Cederna-Garalurreko presidenteak «gure izpiritua, filosofia eta helburua betetzen duen esperientzia pilotua» dela nabarmendu du, «lurraldearen behetik gorako garapen endogenoaren proiektuak bultzatzeko». Bere iritziz, «oso garrantzitsua da mendiko zonetako merkatarien eskura garaiekin bat datorren salmenta-kanal berri bat jartzea».