Idoia Eraso

Rafael artista italiarraren ‘Berpizkundea’ eskaner berezi batekin aztertuko da

Baionako Bonnat-Helleu museoan dagoen Rafael Sanzio artista errenazentistaren ‘Berpizkundea’ obraren azterketa sakona eta digitalizazioa eginen dira, Artmyn-ESI-Clic France desafioaren irabazle izategatik. Horri esker lanengatik itxita dagoen erakustokiko obra publikoki ikusgai izanen da.

Baionako Arte Ederren museoan dagoen Rafaelen ‘Berbizkundea’ obra. (NAIZ)
Baionako Arte Ederren museoan dagoen Rafaelen ‘Berbizkundea’ obra. (NAIZ)

Rafael Sanzio errenazimentuko artista italiar ezagunaren zazpi obra daude egun Baionako Bonnat-Helleu museoan. Horien parte den ‘Berpizkundea’ obrak Artmyn-ESI-Clic France saria irabazi du, eta horrek azterketarako eta ezagutza zabaltzeko baliabideak eskainiko dizkio. Obra 1511 eta 1513 artean marraztu zuen Rafael Sanziok luma eta tinta nabarrarekin paper gainean.

Sari honi esker, digitalizaioa eginen da, eskaner berezi batekin, horrek ikerketa zientifikoa egiteko baliabidea eskaintzen du. Eskanerrarekin batera margoa argi ezberdinen bitartez begiratuko da, eta horri esker ezkutuan geratu diren aztarnak agertzeko aukera bada. Lan hori Parisen eginen da martxoa eta iraila artean.

Hiriko Arte Ederren museoa ere badena sarritan Estatu frantseseko museoen erabilpen digitala sustatzeko Clic France taldearen ekimenetan parte hartzen du. Azken hau Artmyn lanen digitalizazioen zentroa eta ESI artelanen garraiariarekin elkartu da, desafio hau antolatzeko.

Rafaelen zazpi obra Baionan

Urbinoko artistaren zazpi obra daude Lapurdiko hiriburuan, eta horrek «bilduma paregabea eta bikaina suposatzen du, erakunde publiko gutxik lehiatu daitezke horrekin, Louvre museoaren salbuespenarekin», baieztatu du Benjamin Coilleaux museoko kontserbatzaileak.

500 urte egin zituen iaz Urbinoko artista zendu zenetik, eta hori ospatzeko erakusketa antolatu zuen Bonnat-Helleu museoak iraila eta urria artean. Erakustokia lanengatik oraindik itxita badago ere, eraikineko patioan antolatu zuten erakusketa, non museoak dauzkan artistaren zazpi irudiak ikusgai eman ziren.

Museoa 2011tik itxita dago, eta etengabeko atzerapenen ondoren, 2024ko lehen erdian irekitzea aurrikusten da. Aurrekontua ere uste baino handiagoa izanen da, 22,2 milioi euro izanen dira zergarik gabe.