Andoni Arabaolaza

Pierra Mentak talde italiarrak munduko txapeldunak izendatu ditu

Gizonezkoen kategorian, Michele Boscacci-Davide Magnini eta, emakumezkoetan, Alba De Silvestro-Giulia Murada nagusitu ziren atzo Areches-Beauforten jokatutako Distantzia Luzeko Munduko Txapelketan. Nahia Quincoces Fatima de Diegorekin hamabigarren postuan sailkatu zen.

Pierra Mentak iaz ez zuen batere zorterik izan. Pandemia lehertu zen unean hitzordua zuen, eta, horregatik, bertan behera utzi zen. Aurten, ordea, arantza txiki bat kentzeko aukera izan du. Grande Couse entzutetsu honek lau etapa izaten ditu, baina aurtengoa bakarrean geratu da. Alabaina, distira handia izan du; izan ere, atzo Areches-Beaufort haranaren ingurumarian dauden mendietan jokatutako lehia Distantzia Luzeko Munduko Txapelketarako baliagarria izan zen.

Mundukoa baino Europakoa zirudien, irteera puntuan “soilik” gure kontinenteko taldeak egon zirelako. Horrek ez zion mailarik kendu, besteak beste, egun modalitate horretan dauden talde indartsuenak europarrak baitira. Eta ahala erakutsi zuten lehiatu ziren bi eskiatzailez osatutako 34 taldeek.

Antolatzaileek ibilbide gogorra baino gogorragoa prestatu zuten. 3.400 metroko goranzko desnibela zuen; tartean sei igoera oso zorrotzak zituen. Eta Pierra Mentaren bihotzean jardun zutenen artean argi geratu zen talde italiarrak sasoikoenak direla. Gizonezkoetan, Michele Bosaccik eta Davide Magninik osatutako taldea azkarrena izan zen, eta emakumezkoetan, Alba De Silvestro-Giulia Muradaren taldea. Distantzia Luzeko Munduko Txapelketa horretan soilik euskal ordezkari bat izan zen: Nahia Quincoces. Espainiako Selekzioaren izenean, Fatima de Diegorekin lehiatu zen; talde honek 12. postuarekin konformatu behar izan zuen.

Lehia ikusgarriak

Mutilen kategorian, lehen metroetatik irabazleek argi utzi zuten urrea zutela helburu. Lehen igoera Remi Bonet-Werner Marti suitzarrak ondoan izan zituzten, baina sona handia duen Grand Mont-eko igoera ikusgarrian alde egin eta talde guztiak atzean utzi zituzten. Italiarrei soilik geratzen zitzaien zabaldutako tartea ondo kudeatzea. Eta hala egin zuten. Helmuga puntuan lehenak izan ziren 3:28:25 denborarekin. Bigarrenak, bost minutura, Bonet-Marti suitzarrak izan ziren. Eta hauengandik 14 segundora Nadir Maguet eta William Bofelli italiarrak helmugaratu ziren.

Aurreratu dugun bezala, italiarrak ere emakumezkoen mailan gailendu ziren. Antzeko gidoia izan zen; hots, De Silvestrok eta Muradak lasterketa osoa erabat kontrolatu zuten. Lehen igoeran Axelle Mollaret eta Lorna Bonnel gertu ibili ziren. Bigarren igoeran, berriz, frantziarrek bigarren postua galdu zuten; izan ere, Mara Martini eta Ilaria Veronese italiarrek egundoko igoera egin baitzuten.

De Silvestro-Murada taldeak 4:15:08 denborarekin irabazi zuen. Beste talde italiar bat podiumaren bigarren kutxara igo zen; Martinik eta Veronesek osatutako. Hiru minutura helmugaratu ziren, eta bostera Mollaret-Bonnel frantziarrak. Quincocesen jardunari dagokionez, esan behar dugu bigarren “maila” batean lehiatu zela. Parte hartu zuten hamalau taldeetatik hamabigarren postuan sailkatu zen; irabazleengandik 50 minutura.